Euskaraldia
Baiona Hortz Klinika ere arigune
Euskaraldiaren edizio guztietan hartu du parte Gasteizko Baiona Hortz Klinikak. Arabako hiriburuan, ahobizi ez direnen gehiengoa belarriprest izateko moduan dagoela adierazi digu bertako arduradunak
Euskaraldiaren azken egunean, negozio txikien esperientzia jaso nahi izan dugu EnpresaBIDEAn. Zenbaterainoko eragina izan dezake ariguneak zehazteak eta txapa soinean eramateak hain euskalduna ez den gune batean? Euskaraldiaren eraginaz hitz egin dugu Gasteizko Baiona Hortz Klinikakoekin.
Hitzez ekiteko garaiari eutsi nahi izan diote Gasteizko Baiona Hortz Klinikan ere. Odontologiako zerbitzu integrala eskaintzen dute, konfiantzatik eta euskaraz. Aurreko edizioetan bezalaxe, aurtengo Euskaraldian ere parte hartu dute, gure hizkuntzaren alde euren bultzadatxoa eman nahian. “Gasteizen euskara ikasgeletako hizkuntza bakarrik dela burutik kendu behar dugu. Hizkuntza ofiziala da, errespetatu, zaindu eta bultzatu beharrekoa. Horretarako kalean eta saltokietan erabiltzeko aukera izatea ere beharrezkoa da”, adierazi du Nortxu Nuñez Baiona Hortz Klinikako arduradunak.
Nortxu Nuñez: “Gasteizen euskara ikasgeletako hizkuntza bakarrik dela burutik kendu behar dugu. Hizkuntza ofiziala da, errespetatu, zaindu eta bultzatu beharrekoa. Horretarako kalean eta saltokietan erabiltzeko aukera izatea ere beharrezkoa da”
2004an zabaldu zuten Baiona Hortz Klinika Gasteizko Lakuabizkarra auzoan, eta hasiera-hasieratik euskara bultzatu dutela azaldu digu Nuñezek, ohar guztiez gain, irudi korporatiboa ere elebitan dutela adieraziz. Era berean, lankide eta bezeroaren arteko hizkuntza harremana bezeroaren aukeraren araberakoa bada ere, “langile guztiak euskaraz lan egiteko gai direla” nabarmendu nahi izan du.
Garrantzitsua iruditzen zaio bezeroarekin lehen hitza euskaraz egitea: “Gure klinikan telefonoa euskaraz hartzen dugu beti, eta lehen hitza ere hala izaten da gehienetan. Elkarrizketak euskaraz jarraitzen badu ederki, kontraz, gazteleraz erantzuten duena deseroso dagoen seinale da eta, orduan bai, erdaraz hitz egiten dugu. Baina lehen hitza beti euskaraz izaten da”. Aitortu du, askotan bezeroek ez dakitela euskaraz artatu ditzaketela eta lehen hitza erdaraz egiten dutela. Ondorioz, argi du hasieratik euskaraz hitz eginda, bidea errazten dela.
“Gure klinikan telefonoa euskaraz hartzen dugu beti, eta lehen hitza ere hala izaten da gehienetan. Elkarrizketak euskaraz jarraitzen badu ederki, kontraz, gazteleraz erantzuten duena deseroso dagoen seinale da eta, orduan bai, erdaraz hitz egiten dugu. Baina lehen hitza beti euskaraz izaten da”
Hala ere, pertsona batekin hasierako harremana hizkuntza batean eginez gero, handik aurrera hizkuntzaz aldatzea oso zaila dela deritzo, bidea eginda dagoelako lehen harreman horretatik: “Garrantzi handia ematen diot lehen harreman horri. Askorekin hasieratik euskaraz hitz egiten dut, eta arraroa litzateke beraiekin gazteleraz egitea. Baina egia da betidanik gazteleraz hitz egin duzun bezero horiei euskaraz hitz egitea oso arraroa dela, deserosotasun puntu hori sortzen du bezeroarengan ere”.
Adinaren inguruan galdetuta, berriz, dio normalean gazteak direla euskarari jarraipen gehien ematen diotenak: “Gazte guztiek dakite euskaraz, baina uste duguna baino jende gehiago moldatzen da euskaraz, ulertu egiten du, behintzat. Belarriprest ugari dago Gasteizen”.
“Gazte guztiek dakite euskaraz, baina uste duguna baino jende gehiago moldatzen da euskaraz, ulertu egiten du, behintzat. Belarriprest ugari dago Gasteizen”
Hasieratik euskarari konektatuta
Euskaraldiaren hiru edizioetan hartu dute parte eta “lagungarri” izan zaiela dio, batez ere lehena: “Euskaraldiak iraun bitarteko garaia ez dago urteko gainerako egunekin alderatzerik, euskararen erabilera nabarmen handitzen da egun horietan”. Horregatik, hortz klinikan lanean diharduten bederatzi langileek ezarri dituzten helburuen artean dago urteko 365 egunak Euskaraldiko hamabostaldiaren parekoak izatea euskararen erabilera mailari dagokionez.
“Euskaraldiak iraun bitarteko garaia ez dago urteko gainerako egunekin alderatzerik, euskararen erabilera nabarmen handitzen da egun horietan”
Horretarako zer egin daitekeen galdetuta argi dio: “Alde batetik, lehen hitza euskaraz egiten jarraitu beharko genuke, bestela zaila baita jakitea zein den euskalduna eta zein ez”. Bestelakoan, langileek ere beraien artean euskaraz hitz egiten badute, bezeroekin ere euskarazko komunikazioa errazten dela uste du.
Etorkizunera begira, klinikako hizkuntza ohiturak are euskaldunago bihurtzea gustatuko litzaioke, langileak euskaldunak direlako eta “gure hizkuntzan lasai hitz egiteko gunea izatea nahi dutelako”. Ez du uste euskarazko klinika bat izanagatik bezero gehiago hurbilduko zaizkienik, beharrezkotzat du, ordea, bezero euskaldunekin halako gertutasuna sentitzea, euskaraz hitz eginda konektatzea.