Mende erdiko ibilbidea ospatzeko ekitaldia egin du Ikerlanek Arrasaten
'Urrats bat, 50 urte' izenpurubean, zentro teknologikoak enpresa, bezero eta erakunde laguntzaileetako 200 ordezkari baino gehiago bildu ditu, eta orain arteko lehendakari nahiz zuzendariak omendu dituzte
Urrats bat, 50 urte izenburupean, 1974an Ikerlanen lehen harria jarri zeneko harri sinboliko bat ezarriz hasi da Ikerlanen mende erdia ospatzeko ekitaldia. Arrasateko Amaia Udal Antzokian izan dira zentro teknologikoaren bidelagun izan diren enpresa, bezero eta erakundeetako 200 ordezkari baino gehiago, eta Ikerlanek ibilbide osoan izandako zuzendari eta lehendakariak omendu dituzte. José María Ormaetxearen, garai hartako Euskadiko Kutxako zuzendaria eta Ikerlanen bultzatzaileetako bat, esaldi adierazgarria irakurri ahal izan da pantailan: “utopia plan bat da, proiektu bat, agian irreala, baina ez ezinezkoa. Denborak eta konstantziak erakutsi digute utopia errealitate bihurtzen dela”.
Ekitaldiak erakundeetako eta Mondragon taldeko ordezkaritza zabala bildu du. Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Koldo Peciña Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia eta Jon Gurrutxaga Berrikuntza eta Nazioartekotze zuzendaria izan dira bertan. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jaione Ganzarain Teknologia, Berrikuntza eta Transformazio Digitaleko sailburuorde berria, Xabier Ochandiano Harreman Instituzionaletako sailburuordea, Alberto Fernández Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria, eta Leire Madariaga Transformazio Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria bertaratu dira. Maider Morras Arrasateko alkateak ere parte hartu du ekitaldian, eta Mondragon taldearen aldetik izan dira Leire Mugerza Monfragoneko kongresuko lehendakaria, Juan Ángel García Fernández, Ekipamenduko Dibisioko lehendakariordea eta zuzendari nagusia, eta Zigor Ezpeleta Zentro Korporatiboko Gestio Sozialeko zuzendaria.
Iragana eta oraina, Retegi eta Blázquez
Ikerlanen iragana eta orainaren erradiografia eta hausnarketarako topaketa berezia izan da Xabier Retegi zentro teknologikoko lehen lehendakariaren eta Ane Blázquez Adimen Artifizialeko lantaldeko egungo ikertzailearen artean. Zazpi laguneko taldearekin hasiera izan du gogoan Retegik, mekanika eta elektrizitate teknologien automatizazioa bultzatu asmoz. Blázquezen hasieran, aldiz, Big Data plataformak, Cloud plataformak, etab. ziren lehen lerroan. Hala ere, biek nabarmendu dute zentroaren erreferentzialtasuna, identitate kooperatiboa eta taldea, hasieratik gaur egundaino iritsitakoa.
Ondoren, azken hamarkadetan berrikuntzak eta teknologiak merkatuari egindako ekarpenari buruzko mahai-ingurua ere egin dute. Ion Etxeberria Otadui Ikerlaneko zuzendari nagusiak egin ditu moderatzaile lanak, eta solasean aritu dira Alberto Maritxalar Goia (Oronako Garapen, Digitalizazio eta Prozesuetako zuzendari nagusia), José Pérez Berdud (Fagor Automationeko zuzendari nagusia), Josu Ibarbia Iriondo (CAFeko Teknologia zuzendaria), Elena Zárraga Bilbao (LKS Nexteko zuzendari nagusia) eta Xabier Egibar Gainza (Laboral Kutxako zuzendari nagusia). Irakurketa osagarriak eskaini dituzte parte hartzaileek, norbere sektoretik, baita Ikerlanek horretan egin dien ekarpena aipatu ere. Mahaigaineratutako erronka nagusienetakoa izan da talentuarena —bai erakartzean, bai atxikitzean—, baita erregulazioaren eta berrikuntzaren arteko oreka bilatzeko beharra, eta gobernantza ezartzekoa ere. Hala ere, aukeratzat nabarmendu dute euskal berrikuntza ekosistemak duen abantaila konpetitiboa.
Leire Mugerza eta Adolfo Plaza Ikerlaneko lehendakariaren hitzaldiekin amaitu da ekitaldia. Proiektuan 50 urte hauetan parte hartu duten pertsona guztiek utzitako ondarea zaintzeko eta etorkizuneko proiektu jasangarri, lehiakor eta ilusionagarri bat eraikitzen jarraitzeko deia egin du Plazak.