Enpresarean Azokaren egin zen atzo Orona Ideon | Argazkia: EnpresaBIDEA

BERRIKUNTZA

AA: 'Game changer' bat euskal enpresentzat

Adimen artifiziala arrastoa uzten ari da euskal ekonomian. Negozioak eta lanpostuak eraldatzeko etorri da adituen arabera, eta enpresek teknologiara egokitzea besterik ez dute

Lana egiteko modua aldatu du adimen artifizialak, eta game changer bat dela dio Jon Kepa Gerrikagoitia BRTAko zientzia eta teknologia arduradunak. Berrikuntza oro har, eta adimen artifiziala espresuki, erakunde baten estrategian txertatuta egotea funtsezkoa da bere ustetan, eta horretarako, enpresaren abiapuntua zein den eta hortik nora joan nahi den jakin beharra dagoela adierazi du.

Halakoak eta bestelako ideia batzuk entzuteko parada izan zen atzo Bai Euskarari Elkarteak antolatutako Enpresarean azokaren azken edizioan, Hernaniko (Gipuzkoa) Orona Ideon. Adimen artifiziala, (u)topikorik gabe izenburupean, hainbat enpresa eta erakundeetako adituek adimen artifizialak euren egunerokoan nola eragiten duen aztertu zuten.

“Lehiakorrak izan nahi badugu, ikasteko eta egokitzeko gaitasuna behar dugu enpresok”, azaldu du Maria Ruiz MLAKOOP kooperatibako Berrikuntza eta Negozio Garapeneko arduradunak. Enpresen beharrak aldatzen doazen heinean, hornitzaileen lana behar horiei erantzutea dela esan du, eta horretarako, "aldaketen gurpil horretan igotzeko gaitasuna" eduki behar dela. Era berean, enpresa orok diagnostiko bat egiteko premia duela argitu du. Behar al dut teknologia? Zenbat? Zein puntutan aurkitzen naiz orain?

Igor Garcia (Vicomtech): "Gaur egun erabiltzen den adimen artifizial guztia datuen entrenamendutik dator. Enpresak duen jakintza beraien prozesuak ondo ulertzea da, baina ez prozesu horien eragina datuen ikuspegitik ulertzea”

Igor Garcia Vicomtecheko industria dibisioko zuzendariak ere ikasteari egin dio erreferentzia: "gaur egun erabiltzen den adimen artifizial guztia datuen entrenamendutik dator. Enpresak duen jakintza beraien prozesuak ondo ulertzea da, baina ez prozesu horien eragina datuen ikuspegitik ulertzea”. Enpresak datu horien ezagutza menderatzea ezinbestekoa dela uste du, adimen artifizialean arrakasta izateko.

“Internet sortu zenean, besarkatu genuen”, bota du Ander Sansinenea LKS Nexteko Giza Baliabideen zuzendariak, uste du adimen artifizialaren prozesua antzekoa izango dela. “Ezin dugu esan niri ez zaidala egokituko, negozio guztietan tokatzen da”. Bada, adimen artifiziala besarkatzea dagokigu orain, nahi eta nahi ez.

Tamaina ez da garrantzitsua

Zalantza badago ea euskal enpresak (gehiengoak txikiak izanik) adimen artifizialaren olatura salto egiteko gauza izango diren. Enpresa txiki bezala, jada eskura dauden zerbitzuak erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Garciak. Ildo beretik jo du Ruizek, eta gakoa pertsonalizazioan dagoela adierazi du: "erabiltzen ditugun merkatuko soluzio horietan gauza batzuk modularrak eta eskalagarriak dira, baina beste zati batek pertsonalizaziorekin egon behar du lotuta”.

Maria Ruiz (MLAKOOP): "Erabiltzen ditugun merkatuko soluzio horietan gauza batzuk modularrak eta eskalagarriak dira, baina beste zati batek pertsonalizaziorekin egon behar du lotuta”

Gerrikagoitiak ez du gehiegi sinesten enpresaren tamainan, eta ez du uste adimen artifizialaren garapenean "barrera" izan daitekeenik. “Garrantzitsuena da erakundean norbait egotea aldaketan sinesten duena”.  Horren harira, Sansineneak argitu du LKS 700 pertsonako taldea izanik, 20 pertsonak soilik egiten dutela lan aholkularitzan, eta adimen artifizialarekin lanean bost pertsonako lantaldea aritu dela.

Soluzio globalak tokiko enpresentzat

Mundu mailako soluzio teknologikoak nola uztartu tokian tokiko enpresa bakoitzeko errealitatearekin? Garciak kode irekiaren (open source) erabilera aipatu du. “Ezinbesteko baldintza da gauzak integratzeko. Sistema itxi bat hartzen badugu, askoz gehiago kostako zaigu konbinaketa egitea”. Email zerbitzuaren eredua jarri du, esanez arraroa dela enpresak bere zerbitzu propioa izatea.

Enpresetako prozesuen "singularitateak eta berezitasunak" txertatzeko domeinuen ezagutza handia izatea nabarmendu du Gerrikagoitiak, eta horrela, euren teknologia propioak enpresa handienekin lehiatzeko aukera duela. Halaber, MLAKOOPen helburua ez da teknologia garatzea, baizik eta erabiltzea. “Gure teknologiaren erabilera aliantzetatik dator. Vicomtech, LKS edota Tecnaliarekin lan egiten dugu”, kontatu du Ruizek.

Bertsolari artifizialak laster?

Adimen artifizialak azkenaldian egin dituen ekarpen nabarmenei buruz galdetuta, Sansineneak adierazi du "gauzak bene-benetan" aldatuko direla eta "zerbaiten hasieran" gaudela. “Oraindik oso era errudimentario batean ikusten ari gara, baina potentzialitate ikaragarria du”. Aitortu du euren negozioa orain arte jorratu duten bezala ezin izango dutela landu hemendik aurrera, eta euren balio erantsia oso desberdina izan beharko dela, “ez hemendik bost urtetara, baizik eta hemendik 6 hilabetetara”. Lan egiteko era eta lanpostuak eraldatuko direnaren zalantzarik ez du.

Orain gutxi, Europako Batzordeak adierazi zuen "lepo urdineko lanak" deritzonak (blue collar ingelesez), hots, automatizatu litezkeenak (fabrikakoak), izango zirela lehenbizi desagertu zirenak AAri esker, baina, "agian lepo zurikoak (bulegokoak) izango dira lehenak", argitu du Garciak . Sormenaren afera jarri du mahaigainean Vicomtecheko adituak. “Erabat gizartearena zen gaitasun bat makina batek ezingo lukeela gauzatu pentsatzen genuen. Orain, ordea, irudiak egin edota kantak sortu ditzake… laster bertsolari artifizial bat izango dugu txapelketaren batetan”.

Ander Sansinenea (LKS Next): “Oraindik oso era errudimentario batean ikusten ari gara adimen artifiziala, baina potentzialitate ikaragarria du”

Sansineneak zera gehitu du: “urtean 1.700 ordu banituen okupatuta, agian hemendik urtebetera 200 izango ditut eta beste guztia teknologiak egingo du. Orduan zer arraio egiten dut nik?”. Erantzuna MLAKOOPeko kideak eman du: “hor gakoa birkualifikazioa izango da”. Talentu berriak ailegatuko dira, baina jada merkatuan daudenak birkualifikatu beharko dira. “Edozein sektoretan lan egiten duenak konpetentzia digitalak beharko ditu, irakasle batek edo mediku batek adibidez”.

BRTAn 4.000 ikerlaritik 1.200 esparru digitalean ari dira. “Softwaren garapenean adimen artifizialeko tresnak harrigarriak dira, sekulako kalitatearekin egiten dute lan. Hori sekulako eraldaketa da”, adierazi du Gerrikagoitiak.

Langilearen baldintzak aldatuko ditu. Eta hobetu?

Adimen artifizialak lanpostuak eraldatuko dituela argi dago, baina hobetu al ditzake langileen baldintzak? Malgutasuna eskaini dezakeela uste du Ruizek, eta horren adibide, digitalizazioari esker telelanak pandemiatik hona izan duen gorakada aipatu du.

Bestalde, “langilea erabat monitorizatuz”, baldintzak okertu ditzakeela ere aitortu du Garciak. “Lan oso gogorrak arintzeko ere balio dezake. Prozesu arriskutsuak dituzten lanetan lagundu dezake arrisku hori murrizten”, gaineratu du. Lehiakortasunerako erabili behar dela dio, baina ez “edozeren kontura”, langileengan pentsatutako neurriak hartu behar dira, "kriterio etikoak" jarraituz.

Jon Kepa Gerrikagoitia (BRTA): “Makinen monitorizazioan geldialdi ez planifikatuak ateratzen dituzuenean, langilea kontrolatuta sentitzen da. Zergatik ez zara izan produktiboa momentu hauetan?"

“Makinen monitorizazioan geldialdi ez planifikatuak ateratzen dituzuenean, langilea kontrolatuta sentitzen da. Zergatik ez zara izan produktiboa momentu hauetan?”, kontatu du BRTAko zuzendariak. Robotika kolaboratiboak lanpostuak birdiseinatzeko eta langilearentzat “itolarriak” ziren prozesu batzuk modu lasaiagoan egiteko balio izan duela ere nabarmendu du.

Hein horretan, erabileran datza gakoa. Lau hizlarien arabera, teknologiak berak ez baitu nolabait deusen errurik. Hori azaltzeko adibide bat plazaratu du Sansineneak: “langileari telelana egiteko aukera emango diot, baina software bat jarriko diot jakiteko zertan ari den, eta beraz, kontrolatuta dago”.

Teknologia eleanitza

Adimen artifizialak hizkuntzen kudeaketan ere abantailak ekar ditzake: pertsonalizazioa, interakzioa eta feedbacka zerrendatu ditu Ruizek. “Orain aukera dugu munduko beste puntan dagoen pertsona batekin lan egiteko, eta tresna teknologikoak erabiliaz transkripzioa baliatu eta komunikazio eraginkor bat lortu”. 

Halaber, enpresetan dokumentazioa egiterako orduan zein hizkuntza erabiltzen den erabaki beharra dute. “Hor euskarak galtzeko asko dauka, enpresako askok ez baitute euskaraz jakingo”, dio Garciak. Bere esanetan, gaur egungo itzultzaileen kalitatea ikusita, oztopo hori gainditzeko "aukera handia" dago.

Hein horretan, Gerrikagoitiarentzat adimen artifizial sortzaileen munduan harrigarriena hizkuntzaz independente izateko ahalmena da. “Hizkuntza askotan galdetu ahal izatea eta horietan erantzutea izugarria iruditzen zait", bukatu du.