Sakonean
Adimen artifiziala: burtsen analisi teknikorako aro berri bat
Analisi teknikoaren ezaugarriak eta aplikazioak ulertzean, inbertsoreek erabaki informatuagoak har ditzakete eta burtsaren munduan duten potentziala maximiza dezakete, norberaren helburuetan, inbertsio-epean eta arrisku-profilean oinarrituta
Adimen artifiziala teknologia iraultzaile gisa sortu da, gure bizitzetako hainbat esparru eraldatzeko ahalmena duena. Osasun arretatik hasi eta automozio industriaraino, adimen artifizialak aplikazio ugari ditu sektore askotan, eraginkortasuna, zehaztasuna eta erabakien hartzea erraztuz. Inbertsioen munduan ere bere arrastoa utzi du, bereziki burtsaren eta inbertsio-estrategien eremuan.
Burtsaren munduan, bi ikuspegi nabarmendu dira funtsezko oinarri bezala: analisi teknikoa eta analisi fundamentala. Bi metodologia horiek tresna desberdinak ematen dizkiete inbertsoreei finantza-merkatuak aztertzeko eta haien inguruan erabakiak hartzeko.
Merkatuan agertzen diren patroiak interpretatzeko arteari analisi teknikoa esaten zaio. Teknika hori aktibo finantzarioen prezioek merkatuko informazio guztia islatzen duten premisan oinarritzen da
Merkatuan agertzen diren patroiak interpretatzeko arteari analisi teknikoa esaten zaio. Teknika hori aktibo finantzarioen prezioek merkatuko informazio guztia islatzen duten premisan oinarritzen da. Analista teknikoek prezioen iraganeko eta oraingo mugimenduak aztertzen dituzte, patroiak eta joerak identifikatzeko tresna grafiko eta estatistikoak erabiliz.
Prezioen grafiko eta patroiak oinarri
Prezioen grafikoak dira analisi teknikoaren oinarria. Analistek joera-lerroak marraztuz, euskarri eta erresistentzia mailak identifikatzen dituzte, eta adierazle teknikoak erabiltzen dituzte etorkizuneko mugimenduak iragarri ahal izateko. Adierazle teknikoak dira prezioen datuei eta negoziazio bolumenei aplikatutako kalkulu matematikoak. Erabilienak batezbesteko mugikorra (moving average), RSI (Relative Strength Index), MACD (Moving Average Convergence Divergence) eta Bollingerren bandak dira. Adierazle horiek gehiegizko erosketaren (overbuy) eta gehiegizko salmentaren (oversell) mailak identifikatzen dituzte, baita merkatuan izan daitezkeen inflexio-puntuak ere.
Prezio patroiek analista teknikoek grafikoetan errepikatzen diren irudiak aztertzen dituzte, besteak beste, triangeluak, banderak, edota buruak eta sorbaldak. Patroi horiek prezioen norabide-aldaketak adierazi ditzakete, eta erosteko edo saltzeko aukerak identifikatzeko erabiltzen dira.
Adimen artifizialak informazio-bolumen handiak denbora errealean aztertzeko aukera ematen du, merkatuaren mugimenduetan eragina izan dezaketen seinale garrantzitsuak identifikatzeko
Adimen artifizialak analisi teknikoa eraldatu du, finantza-merkatuetako prezioen eta joeren ebaluazio sofistikatuagoa ahalbidetuz. Algoritmoak gai dira gizakientzat oharkabean pasa daitezkeen patroi konplexuak zehaztasun eta abiadura handiz identifikatzeko. Izan ere, adimen artifizialak informazio-bolumen handiak denbora errealean aztertzeko aukera ematen du, merkatuaren mugimenduetan eragina izan dezaketen seinale garrantzitsuak identifikatzeko.
Gainera, ikaskuntza automatikoa eta etengabeko hobekuntzan oinarrituta dauden modeloek teknika horiek erabili ditzakete beren jarduna denboran zehar hobetzeko. Algoritmo horiek datu eta esperientzia gehiago jasotzen dituzten heinean, modu eraginkorragoan ikasi eta doi ditzakete beren inbertsio-estrategiak, merkatuaren baldintza aldakorretara egokituz.
Autobetetako iragarpena
Analisi teknikoaren arazo handienetako bat autobetetako iragarpena da. Bestela esanda, inbertsoreek finantza-aktibo baten etorkizuneko bilakaerari buruz dituzten itxaropenek aktibo horren benetako bilakaeran duten eragina, aktibo horren azpiko fundamentuak edozein direla ere. Analisi teknikoan erabiltzen diren grafiko, modelo eta gainerako adierazleak ideia honetan oinarritzen dira: iraganeko ereduak errepikatu egingo dira etorkizunean, eta prezio-maila jakin batzuek (hala nola euskarri eta erresistentzia-mailek) eragina izango dute prezioen norabidean.
Arazoa, ordea, inbertsore askok analisi teknikorako tresna eta teknika berberak erabiltzen dituztenean sortzen da, eta teknika horietan oinarritutako salerosketa erabakiak hartzean. Horren ondorioz, merkatuan bilakaera patroiak sor daitezke, eta, nahiz eta enpresan edo ekonomian funtsezko aldaketak ez izan —hori izango litzateke analisi fundamentala darabilen norbaitek aztertuko lukeena—, autobetetako iragarpena bihurtzen dira, itxaropen horien arabera jarduten duten inbertsore asko daudelako.
Inbertsoreek finantza-aktibo baten etorkizuneko bilakaerari buruz dituzten itxaropenek aktibo horren benetako bilakaeran duten eragina, aktibo horren azpiko fundamentuak edozein direla ere.
Adibidez, inbertsore askok espero badute aktibo baten prezioak erresistentzia-maila jakin bat lortu eta gero behera egingo duela, puntu horretan saltzea erabakiko dute. Salmentan dauden akzioen eskaintza handia bada, prezioa jaitsi dezake, enpresaren fundamentalek beherakada hori babesten duten kontuan hartu gabe. Horrek ziklo bat sortzen du, non iragarpen teknikoak beren kabuz betetzen baitira, inbertsoreen erreakzio kolektiboaren ondorioz, eta ez aktiboaren balio intrintsekoaren aldaketengatik.
Roboadvisor: XXI. mendeko finantza aholkularia
Roboadvisorrak inbertsoreei finantza-aholkularitza automatizatua emateko algoritmoak eta teknologia erabiltzen dituzten plataforma digitalak dira. Plataforma horiek eredu matematikoetan eta datu-analisietan oinarritzen dira, inbertsio-zorro dibertsifikatuak gomendatzeko eta bezeroen aktiboak kudeatzeko.
Roboadvisorrek adimen artifiziala eta analisi teknikoa aprobetxatu dituzte finantza-aholkularitza automatizatua eskaintzeko eta inbertsio-zorroak modu eraginkorrean kudeatzeko. Plataforma horiek adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen dituzte gomendio pertsonalizatuak emateko eta arriskua dibertsifikatzeko. Haien abantailen artean lau topa ditzakegu. Lehena, aholkularitza pertsonalizatua, darabiltzaten algoritmoek bezero bakoitzaren inbertsio-beharrak eta helburuak ulertzen baitituzte. Informazio horretan oinarrituta, banakako arrisku-lehenespenei egokitutako inbertsio-zorro pertsonalizatuak gomendatu ditzakete.
Roboadvisorrak inbertsoreei finantza-aholkularitza automatizatua emateko algoritmoak eta teknologia erabiltzen dituzten plataforma digitalak dira. Plataforma horiek eredu matematikoetan eta datu-analisietan oinarritzen dira
Bigarrena, automatikoki exekuta ditzakete algoritmo eta eredu aurredefinituetan oinarritutako inbertsio-erabakiak. Hala, inbertsoreek transakzioak eskuz egiteko beharra saihesten dute, denbora aurreztuz, eta gizakiok egin ditzakegun akats emozionalen arriskua murrizten dute.
Hirugarrena, adimen artifiziala erabiltzen dute zorroak etengabe monitorizatzeko eta merkatuko baldintzen araberako doikuntzak egiteko. Horri esker, aktiboak denbora errealean kudeatu daitezke eta prezio edo joeren bat-bateko aldaketen aurrean, estrategia berehala egokitu.
Eta laugarrena, bere kabuz ikasten duen machine-learning algoritmo bat mantentzeak oso kostu baxua du, eta algoritmo bakar batek bezero guztiei eman diezaieke zerbitzua, hezur eta haragizko hamaika finantza aholkulariren soldatak aurreztuz. Horren ondorioz, bezeroek ordaindu beharreko komisioak askoz baxuagoak izan daitezke.
Zenbait isuri eta mugak ere izan ditzakete, modelo eta algoritmoen mende baitaude. Joera horiek erabilitako datuen kalitatetik, adierazleen aukeraketatik eta ereduetan sartutako hipotesietatik etor daitezke
Giza emozioen eragina ezabatzean eta inbertsio-zorroak dibertsifikatzean, roboadvisorrek egonkortasun eta arrazionaltasun handiagoa ahalbidetu dezakete inbertsio-erabakietan, baita merkatuko itxaropen kolektiboetan oinarritutako gehiegizko mugimenduekiko sentikortasuna murriztu.
Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea roboadvisorrek zenbait isuri eta mugak ere izan ditzaketela, modelo eta algoritmoen mende baitaude. Joera horiek erabilitako datuen kalitatetik, adierazleen aukeraketatik eta ereduetan sartutako hipotesietatik etor daitezke. Gainera, inbertsore askok antzeko estrategiak dituzten roboadvisorrak erabiliz gero, algoritmo horiek antzeko prezio-mugimenduak sortzeko arriskua dago, eta, azken batean, autobetetako iragarpena eragina izan dezakete.
Etorkizunera begira, zer?
Adimen artifizialak iraultza eragin du analisi teknikoan, eta roboadvisor direlakoen bilakaera bultzatu du burtsan, automatizazio eta sofistikazio aro berri bat sortuz. Datu-bolumen handiak aztertzeko, ereduak identifikatzeko eta erabakiak hartzeko automatizatzeko duen gaitasuna aprobetxatuz, inbertsoreek zehaztasun, eraginkortasun eta pertsonalizazio handiagoa izan dezakete beren inbertsio-estrategietan.
Teknologiak aurrera egin ahala, adimen artifizialak funtsezko zeregina izaten jarraituko du analisi teknikoan eta roboadvisor direlakoen hazkundean. Etorkizuneko joerak izan litezke hizkuntza naturalaren prozesamendua (finantzen inguruko berriak edota argitalpenen ulermena hobetzeko), merkatu sentimenduaren analisia (sare sozialen, foroen edota online berrien analisiaren bitartez) edota adimen kolektiboa (algoritmoaren eta inbertsoreen arteko kolaborazioa).
Inbertsore askok antzeko estrategiak dituzten roboadvisorrak erabiliz gero, algoritmo horiek antzeko prezio-mugimenduak sortzeko arriskua dago
Horrek aukera eta erronka berriak irekiko ditu, baina edozein inbertsio-metodologiarekin bezala, funtsezkoa da inbertsoreek analisi teknikoari lotutako mugak eta arriskuak ulertzea, inbertsio-erabakiak hartzeko oinarri bakar gisa erabili aurretik. Etengabeko ikaskuntza eta esperientzia funtsezkoak dira edozein analisi motan trebetasun sendoak garatuz, finantza-merkatuen aukerak ahalik eta gehien aprobetxatu ahal izateko.