Adimen Artifizialak "a txalaparta" hitza sartuta sortutako argazkia

BERRIKUNTZA

Adimen artifiziala, zertarako?

Begoña Altuna naiz Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntza Teknologia Zentroko (HiTZ) ikertzailea. Ikasketaz hizkuntzalaria naiz, euskal filologia ikasi bainuen, eta ogibidez hizkuntzalaria naizela esaten dut, lerro hauek idaztean horren egokitasunaz zalantza sortu bazait ere. HiTZ zentroan hizkuntzaren prozesamendurako tresnak eta baliabideak garatzen ditugu eta hizkuntzalarion lana tresnak entrenatzeko eta ebaluatzeko baliabideak sortzean datza batik bat.

Oinarrizko ikerketa egiten badugu ere, gure inguruan dauden erronka zahar eta berriei erantzuna ematen saiatzen gara. Erraza da lotura hori itzultzaile automatikoen garapenaren bidez ikustaraztea, itzultzaileak jendeak maiz erabiltzen dituen tresnak baitira, baina beste batzuetan erabiltzaileengana helduko den tresna baliagarritik urrun dago esku artean izaten duguna. Hala ere, ezin uka dezakegu azken urte eta erdian adimen artifizialak erabilgarritasunean izan duen gorakadak asko lagundu digula gure lana ulertarazten. Dagoeneko adimen artifiziala ez da zientzia-fikziozko izaki azaltzeko zaila, egun ataza batzuk arintzeko erabil dezakegun tresna baizik.

EnpresaBIDEAn kolaboratzen hasiko naizen honetan, adimen artifiziala deritzon hori eguneroko jardunbidean nola txertatu den galdetu diot nire buruari. Etxean bakarrik nagoenez, nire buruarengan izan duen eraginetik hasi dut gogoeta. Hasteko, adimen artifizialaren definizio moduko bat aukeratu dut adimen artifizialtzat zer hartuko dudan erabakitzeko. Asko korapilatu gabe, adimen artifiziala datu batzuk jakinda era automatikoan erabakiak hartzeko gai den sistema dela erabaki dut. Definizio irekia da eta goizero mugikorrean jotzen duen alarma deskribatzeko ere balio du: baldin eta soilik baldin erlojuak 07:00 balioa badu, iratzargailuaren soinua igorri bozgorailutik. Adimen artifizialak nire bizitzan duen eragina erabakigarria da, inondik inora. Hala ere, konplexutasun maila altuagoko atazak kudea ditzaketen sistemetan zentratzea askoz ere interesgarriagoa dela uste dut.

Hala, egun adimen artifizialaren zakuan sartzen ditugun tresnei eta aplikazioei buruzko gogoeta egitea erabaki dut. Ondo errotuta dut nire eguneroko jardunean itzultzaile automatikoak erabiltzea ikerketatik aldentzen diren errutinazko lan batzuk azkartzeko. Egokitzen zaizkidan itzulpen enkarguek ez dute balio ofizialik izaten eta nahikoa da hizkuntzaren eta edukiaren aldetik zuzenak badira. Era berean, aitortzen dut testu batzuen lehen zirriborro gisa adimen artifizialak sortutako testuak hartu ditudala inoiz. Burura datozkit komunikazio-plan bat idaztea egokitu zitzaidanekoa, kontzeptu baten definizioa behar nuenekoa eta euskara eta adimen artifizialari buruzko euskarazko umorezko bakarrizketa bat egin nuenekoa. Suposatzen dut azken hori nola atera zen jakiteko ikusmira izango duzuela. Bada, hemen duzue hasiera:

“Ladies eta gentlemen, hemen gaude gaur gauean. Badakizu, hizkuntza eta linguistika beti ilun eta erakargarri izan dira nire burua. Hizketarako, "Hizkuntza armadarekin eta itsasontziarekin bizi da" esaten dute. Eta horrek egia izan bada, ingelesa munduko hizkuntza garrantzitsuena izan beharko litzateke, armada, itsasontzia eta hegazkinak baditu”

Ikusten duzuenez, bakarrizketa adimen naturalez osatu behar izan nuen inori irri txikiren batek ihes egitea nahi banuen. Hala ere, ChatGPTk umorezko eta txantxazko testuinguru batean ere egun adimen artifiziala ezaugarritzen duen egiarik handiena esan zuen: ingelesa munduko hizkuntza garrantzitsuena da. Hizkuntzaren prozesamendurako sistemen funtzionamendua egun euskal atsotitz batek laburbiltzen du: “zer ikusi, hura ikasi”. Ondorioz, askoz ere hobeak dira hainbat aldiz hainbat lekutan ikusitako testuen modukoak sortzen edo hainbat aldiz hainbatek erantzundako galderen modukoak erantzuten eta hainbestetan erabilitako hizkuntzetan hainbat hobe egiten dituzte horiek. Inor ez da harrituko adimen artifiziala ingelesez edo gaztelaniazko testuinguruetan erabiltzen dudala esaten badut, hauetan ikusi baitu informazio kopuru handiena. Eta hizkuntza soilik ez, hizkuntzari lotuta doakion unibertsoa ere ulertu behar da! Bestela, begira zer lau irudi egin dituen Bingek “a txalaparta” marrazteko eskatu diodanean:

A txalaparta | Argazkia: Adimen Artifiziala

Urte eta erdi inguru igaro da adimen artifizialak gure bizitzan inpaktu esanguratsua izan zezakeela ikusten hasi ginenetik eta gaurdaino inpaktu hori nola gauzatzen den ikasten joan gara. Askotan ez dugu lortu maila nahikoko emaitzarik. Batzuetan tresnaren mugek baldintzatu dute emaitza, beste batzuetan gu izan gara hitz egokienak erabiltzen asmatu ez dugunak. Dena den, ukaezina da urte eta erdi honetan bai makinak eta bai guk elkar ulertze horretan aurrerapauso handiak egin ditugula. Ikusteko dago etorkizunean harreman hori nola gauzatuko den.

Lehen ekarpen honetan adimen artifiziala izaki boteretsu erdi-abstraktu gisa tratatu dut, baina ez dago (momentuz) gizaki batek bezala arrazoitzeko ahalmena duen sistemarik. Orokorrean, ataza multzo murriztu baterako prestatu diren sistemak ditugu eskuragarri eta erabiltzaile gisa azken emaitzaren kalitatea izan da tresna bat bigarrenez erabili edo ez erabakitzeko irizpide nagusia.

Lehen ekarpen honetan adimen artifiziala izaki boteretsu erdi-abstraktu gisa tratatu dut, baina ez dago (momentuz) gizaki batek bezala arrazoitzeko ahalmena duen sistemarik

Ekarpen hau gustukoa izan baduzue, hurrengoetan adimen artifizialaren munduan plazaratzen diren berrikuntzei eta horiek ekarriko dituzten abantaila, errezelo eta ekiteko aldaketei buruzko testuak ekarriko ditut. Batzuetan beharrezkoa izango da aspektu teknikoren bat deskribatzea edo prozedura baten urratsak azaltzea, eta beste batzuetan erabiltzaile bezala datozkigun aldaketei buruzko gogoeta egin behar izango dugu. Espero dut apurka-apurka bai enpresa munduan eta erabiltzaileekiko harremanetan, bai erabiltzaile gisa adimen artifizialak ekar ditzakeen onurak aletzen joatea, hainbestetan egindako lan-kargaren murrizketaren promesa egia bihurtuko delako ametsa egia bihurtu bitartean.