Mar Mendibe eta Alex Rayon atzoko agerraldian | Argazkia: EnpresaBIDEA

BERRIKUNTZA

Adimen artifizialaren iraultza osasun sektorean

Adimen artifiziala modu egokian erabiliz gero, osasun sektorearentzat oso lagungarria izan daitekeela uste dute hainbat adituk. Minbizia, iktusak edo gaixotasun arraroen antzemate goiztiarra ahalbidetu dezake, besteak beste

Erabili ezazu baina neurrian, nolabaiteko oreka bilatuz, ez gehiegi ez eta gutxiegi ere, erabiltzeak dakartzan onurak maximizatuz, baina gehiegi edo neurriz kanpo usatzearen galerak saihestuz. Gizarteak eskura dituen mila baliabide, teknologia, material edo teknika berriei aplika dakioke printzipio hau, tartean adimen artifizialari. Bada, egungo teknologia garapena ondo bideratuta edo bere erabilpenari helburu egoki bat finkatuz gero, egundoko abantailak ekar ditzake gizarteko hainbat arlotara.

Arlo horietako bat da osasuna. Atzo Global Innovation Day 2023 antolatu zuten Durangoko Landako gunean, eta adimen artifiziala eta ingurunearen jasangarritasuna izan zituzten mintzagai, berrikuntzaren esparruan. Hainbat euskal enpresek beren berrikuntza arloan adimen artifizialarekin ondutako hainbat kasu aurkeztu zituzten, besteak beste, Aratubo, Ibermatica eta Ulma enpresek. Halaber, adimen artifizialak osasun sektorean ekar ditzakeen onuren inguruan aritu ziren Mar Mendibe neurologoa eta Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoa eta Alex Rayon informatikan eta telekomunikazioan doktorea eta Brain and Code erakundeko zuzendaria.

Adimen artifiziala zarata egiten hasi da

“Berrikuntzaz hitz egiten dugunean, etorkizunaz hitz egiten dugu, eraldaketaz, eta honetaz hitz egiteko beharrezkoa da nondik gatozen eta non gauden jakitea”, adierazi du Rayonek. Hartara, orain arteko ibilbidea izan dute hizketagai bi adituek, adimen artifizialak “negu bat” igaro duela azalduz. “Adimen artifiziala hogei bat urte izan da zarata asko atera gabe”. Aitzitik, EAEko osasun sektorean gauza asko egin direla nabarmendu du Rayonek.

Eta gauza asko egite hori ez da batere erraza izan, izan ere, osasun arloan datuak eskuratzea zailtasun handiko lana dela aitortu du Mendibek. Herritarrak beren osasun datuak emateko entzungor agertzen dira, eta osasun erakundeek pribatutasun legeak ere bete behar dituzte. Baina, neurologoaren hitzetan, “adimen artifiziala gaixotasunen diagnostikoa, pronostikoa edota antzemate goiztiarra ahalbidetzeko erreminta” izango dela iritzi dio.

Mar Mendibe: "Adimen artifiziala gaixotasunen diagnostikoa, pronostikoa edota antzemate goiztiarra ahalbidetzeko erreminta izango da"

Deloittek orain gutxi egindako ikerketa baten arabera, eskuragarri dauden datu guztien %30 osasunari buruzkoak dira, baina horietatik soilik %2 erabiltzen dira. “Ezin dugu aukera hau galdu, eta arautegia errespetatuz ekin behar diogu”, dio Mendibek.

Zer egin daiteke gure datuekin?

Norberaren informazioa ematearekin errezeloa du egun gizarteak. Datuekin egingo den erabileraz kezkaturik nolabaiteko konfiantza falta dago. Bi adituek informazio hori emateak gizarteari ekar ditzakeen onurak azpimarratu nahi izan dituzte. Gainera, Mendibek azaldu du pazienteen datuekin ikerketak egiterakoan etika batzordeen kontrol zorrotzak igarotzen dituztela, pertsona bakoitzaren pribatutasuna eta duintasuna errespetatuz eta datuen kudeaketa seguru batekin, pazientearen osasunean kalterik ez eragiteko. “Euskaldunak eskuzabalak gara eta gure datuak ematen ditugu gizartearen onurarako, baina horrek zerbait itzuliko digulakoan eta araudi baten baitan betiere”.

Mar Mendibe: “Iktusen kasuan esaterako, 3.000 pertsonen irudi eta erresonantzia ditugu, eta iktus berri bat izateko arriskua zehazteko gai gara gure teknologiari esker”

Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak eskura dituen markadore, erresonantzia, irudi eta bestelako osasun informazioren bidez, birikako minbiziaren antzemate goiztiarrean, arraro edo minoritario kontsideratzen diren hainbat gaixotasunen diagnostikoan edo iktusetan aurrerapenak egiten ari dira. “Iktusen kasuan, esaterako, 3.000 pertsonen irudi eta erresonantziak ditugu, eta iktus berri bat izateko arriskua zehazteko gai gara gure teknologiari esker”, azaldu du.

Zein puntutan dago adimen artifiziala?

ChatGPT eta adimen artifizial generatiboa izan dira azken urtean teknologia honen berrikuntza nagusiak. “Soilik sailkatu egiten zuen adimen artifizial batetik gatoz, hau da, bai edo ez erantzuten zuen batetik, eta orain gaixotasun bati buruz galdetu eta arrazoiketaren corpus osoa eraikitzen dizun batera iritsi gara, plano induktibo batean aurkitzen gara”, nabarmendu du Rayonek.

Alex Rayon: “Soilik sailkatu egiten zuen adimen artifizial batetik gatoz, hau da, bai edo ez erantzuten zuen batetik, eta orain gaixotasun bati buruz galdetu eta arrazoiketaren corpus osoa eraikitzen dizun batera iritsi gara"

Hala, osasun arloan “sortzen duen” adimen artifizialarekin jada lanean dihardute. “Eraginkorrago izaten lagunduko digu, eta balio erantsirik ematen ez duten hainbat jarduera eta prozesu uztea ahalbidetuko digu”, dio neurologoak, eta Ondarrun bizi den pertsona bati froga baten emaitza jasotzeko Gurutzetako ospitaleraino joan behar izatea jarri du adibide gisa. Komunikazio lan hori adimen artifizialak egin dezake.

Nolanahi ere, adimen artifizialak mediku, erizain eta gainerako sanitarioen lana sekula ez duela ordeztuko uste du Mendibek. “Konplexutasun bereziko egoeretan”, baina, lagungarria izango da. 

Erabilera etiko bat

Adimen artifiziala eta adimen artifizialaren erabilera bereiztu beharreko bi ideia dira, izan ere, ez da berdina adimen artifiziala erabiltzeko modua Estatu Batuetan, Txinan edo Euskal Herrian. Neuralink enpresa estatu batuarrak –Elon Musk dago atzean– burmuinean esku hartzen duen adimen artifiziala garatzen du, zerebroan txip bat sartuz. Segur aski, teknologia neurriz kanpo erabiltzearen eredu garbia da hau, baina iritsiko ahal gara noizbait puntu honetara?

Neuralink enpresa estatu batuarrak burmuinean esku hartzen duen adimen artifiziala garatzen du

“Parkinsonen ebakuntza bat egiteko txip bat burmuinean ezartzeko gaitasuna izatera ere iritsiko gara”, dio Mendibek. Norbanakoak ezagutzak eskuratzeko txipak garunean txertatzea, hortaz, posible litzateke, “epe laburrean hizkuntza bat ikastea ahalbidetuz”, esaterako. “Honek desberdintasunak sortuko ditu, eta oso egoera konplikatua da”. Horren harira, neuro eskubideen arloan lan asko egiten ari dela dio medikuak.

Adimen artifizialaren mugak

Adimen artifizialaren kontzeptua 1956an eratu bazen ere, Rayonen iritziz, orain arte ez da egiazko adimen artifizialik sortu, ez baita gizakiaren burmuina ordezkatu duen teknologiarik garatu. Finean, burmuinak arrazoimena, kontzientzia eta enpatia ditu gaitasun nagusi, eta horiek lirateke adimen artifizialaren azken helmugak.

“Niretzako lehena eta delikatuena kontzientzia da”, dio informatikoak, eta adimen artifiziala gizakiak kontzientzia bidez duen berritzeko gaitasunetik “gertu” dagoela dio. Osasun sektorean kontzientziaren alderdia ez da asko landu, Mendiberen hitzetan, baina hainbat filosofo, ingeniari eta medikuen artean eztabaidagai izan dela aitortu du. “Etorkizun batean ikusten dut gehiago, egungo zerbait baino”. Baina, gailu batek kontzientzia erdiesten badu, erabaki al dezake bere kabutan?

Mar Mendibe: "Adimen artifizialak sekula ez du gaindituko adimen naturala"

Pertsona baten arrazoimena, ideiak konektatzeko gaitasuna, izatea ere zaila da makina batentzat, arrazoimena espazio, denbora eta testuinguru jakin batek baldintzatzen baitu, eta makinek azkar ikasten badute ere, erabakiak hartzeko gaitasuna, egoera zail eta hain aldakorretan batik bat, ordezkatzea zaila da. Aitzitik, Mendiberen ustez, lagundu dezakete, aholkatu, prozesu "oso operatiboetan" batez ere, nahiz azken erabakia beti pertsonak hartu.

Enpatia ere ezbaian dago adimen artifizialaren auzian. Osasun sektorean berebiziko garrantzia duen gaitasuna da, sanitarioek pazienteekin nolabaiteko harremana garatzen baitute. Makinak enpatia izatea oso zaila ikusten dute bi adituek. "Adimen artifizialak sekula ez du gaindituko adimen naturala", amaitu du Mendibek.