Adimen artifizialdun gailua: iradokizunak zelatan?
Azken hilabetean Microsoftek eta Applek euren adimen artifizialeko ekosistemak aurkeztu berri dituzte
Duela lau aste Microsoftek adimen artifiziala duten Copilot+ ordenagailuak aurkeztu zituen. Joan den astean Applek bere ekosistema osora adimen artifiziala eramango duen Apple Intelligence aurkeztu zuen. Nazioarteko prentsaren arabera, ordenagailuekin, eta Applen kasuan baita mugikorrekin eta tabletekin ere, dugun elkarrekintza goitik behera aldatuko da.
Microsoften proposamenen artean testutik irudiak sortzeko tresna, azpitituluak automatikoki sortzeko tresna eta Oroitzapenak (Recall) tresna azpimarratu dituzte Copilot+ ordenagailuen aurkezpenean. Imajinatzekoa da ere Bing bilatzailea chat estiloko elkarrizketetan erabili ahal izango dela eta testuen zuzenketa eta idazketa-iradokizunak ere eskuragarri egongo direla.
Baina zer da “Oroitzapenak” (Recall) delako hori? Dirudienez ordenagailuan egindako ekintza guztiak gorde eta edozein unetan bilatzeko aukera emango duen baliabidea da. Denbora-lerro gisa biltegiratuko da informazioa eta adimen artifizialak lagundutako bilaketak egin ahal izango dira testu edo irudi bat bilatzeko.
Zer da “Oroitzapenak” (Recall) delako hori? Dirudienez ordenagailuan egindako ekintza guztiak gorde eta edozein unetan bilatzeko aukera emango duen baliabidea da.
Applen apostua testuzko eredu sortzaileak erabiltzailearen testuinguruarekin uztartzean datza. Horretarako edo horrenbestez, ataza zailagoak egiteko gai den Siri laguntzailea egongo dira eskuragarri erabiltzaileentzat, testuak hobetzeko eta laburtzeko tresnak, irudiak sortzeko tresnak eta ahotsa transkribatzeko tresnak eskainiko baititu. Mezu garrantzitsuak nabarmenduko dituen tresna bat ere garatu omen dute.
Bata zein bestea aukeratu, prozesatzeko ahalmen handiko gailuak erosi beharko direla dirudi. Adimen artifizial sortzaileek datu kantitate handiak prozesatzeko gaitasuna eskatzen dute gutxieneko erabilgarritasun bat duten testuak edota irudiak sortzeko. Ikusteko dago proposatzen duten hardwarea erabiltzaileak asebeteko dituen errendimendua emateko gai den.
Adimen artifizial sortzaileek datu kantitate handiak prozesatzeko gaitasuna eskatzen dute gutxieneko erabilgarritasun bat duten testuak edota irudiak sortzeko. Ikusteko dago proposatzen duten hardwarea erabiltzaileak asebeteko dituen errendimendua emateko gai den
Aspektu teknikoen aldetik gailuek maila emanez gero, erabiltzaileen esperientzian pentsatzeko unea da. Lehenengo bistarazoan proposatutako tresnek ez dute bereziki berritzaileak ematen, baina norberaren gailuan kanpoko baliabiderik erabili gabe, erabiltzeko aukera izateak erabilerraztasuna areagotu dezake. Egun erabiltzen ditugun tresna batzuek nahiko era organikoan egiten dizkigute iradokizunak. Esaterako, Gmailek mezuak osatzeko iradokizunak eskaintzen dizkigu eta Power Pointek diapositibetako elementuak antolatzeko proposamenak egiten dizkigu. Beste erabilera batzuetarako, ordea, beren-beregi sartu behar dugu aplikazio espezifiko batean Stable Difussioni irudi bat eskatzeko kasuan bezala.
Bai Microsoftek eta bai Applek promes egiten dutenaren arabera, egunero erabiltzen dugun tresnetan jasoko dugu adimen artifizialaren babesa gure ekintzak azkartzeko edota edertzeko. Ez dago hain argi, ordea, erabiltzaileen datuen babesa. Applek dio prozesamendua norbere gailuan edo “laino seguruan” egingo denez, ez dela datu pribaturik inora zabalduko. Microsoften Oroitzapenen kasuan, ez nago ziur 5 segundoan behin gailuaren “argazkia” eginez gero, gailua bera nahikoa izango den informazio hori guztia biltegiratzeko.
Ikustekoa da enpresen jardunean adimen artifiziala hain era “naturalean”, ia konturatu gabe, erabiltzeko aukerak zein berrikuntza ekarriko duen. Esan bezala, tresnek ez dute oso berritzaileak ematen eta dagoeneko ohitu gara idazketa-iradokizunak jasotzera eta onartzera, testuetatik irudiak sortzera edota testuen itzulpena egitera. Ekintza horiek errazteak lan batzuk bizkortuko ditu eta asto-lan aspergarriak automatizatuko ditu. Hala ere, datuen babesarena argitu ezean, ez al gara hainbeste iradokizunekin zelatatuta sentituko?