Ordezkari politikoak EDA Drinks & Wine Campuseko proiektuaren aurkezpenean | Argazkia: VK Comunicación

BERRIKUNTZA

Arkitektura estudio portugaldar batek diseinatuko ditu EDA Drinks & Wine Campuseko egoitzak

Ardogintza sektorea indartzeko BCCren proiektua da EDA. Gasteizen eta Guardian diseinatuko ditu eraikinak Carvalho Araújo estudioak

BCC Basque Culinary Centerrek deitutako nazioarteko arkitektura lehiaketak badu irabazlea. Carvalho Araújo arkitektura estudio portugaldarrak izango du Gasteizko eta Guardiako EDA Drinks & Wine Campusetako egoitzak diseinatzeko ardura. Proposamenean artean, epaimahaiarentzat onena izan da haiek aurkeztutako ‘Mugarik Gabe’ proiektua.

Guardian egin den proiektuaren aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste Imanol Pradales lehendakaria, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria eta Jose Manuel Carvalho Araújo arkitektura estudioaren sortzailea. Beste hainbat ordezkari ere bertan izan dira.

EDA Drinks & Wine Campusa BCCek garatutako proiektua da, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak sustatuta, eta Gasteizko Udalaren parte hartzearekin. Helburua da ardoaren eta edarien bidez garapen ekonomiko eta soziala bultzatzea eta lurraldea nazioartean eremu horretako eskualde nabarmen gisa kokatzea.

Gasteizko eraikinaren aurrealdea | Argazkia: VK Comunicación

Proiektu irabazleak Guardiako eta Gasteizko egoitzek euren artean lotura estua duten bi eraikin proposatzen ditu. Ingurunea kontutan hartuta, eta bakoitzak dituen berezitasunetatik harago, biak estrategia berarekin jorratu dira: talentua erakartzeko espazioak sortzea, prestakuntza espezializatua eskaintzea eta ezagutza sektorera transferitzera bideratutako ikerketa-ildoak garatzea, nazioarteko proiekzioarekin eta ikuspegi integral batekin.

Guardiako eraikina herritarrei irekita egongo da. Eraikinaren fatxadak barrualdea erakusten du, eta kanpoko korridoreek eraikinaren ingurua zeharkatzen uzten dute, mahastiz osatutako ingurunea ikusteko. Bi solairu izango ditu, eta herritar orok bisitatu ahal izango du.

Arabako hiriburuko egoitzaren kasuan, sustatzaileen esanetan, eraikinak paisaiaren, testuinguruaren eta herritarren ezaugarrietara egokitzen da. Lurretik altxatzen den fatxadak izaera hiritarragoa du, eta hiriko Donostia eta Euskal Herriko Boulevard kaleetara hedatzen da. Eraikinak berak definitzen duen espaziorako duen jarrerarekin erabat kontrastean, bi dinamika desberdinekin lotutako bi sarrera eskaintzen ditu: bat formalagoa da, izkina honetako atarira zuzendua, eta bestea informalagoa, zuzenean kanpoaldearekin lotzen duena.