Gaur goizean ekimena hasi berritan| Argazkia: BCC

BERRIKUNTZA

BCCk gastronomiako 100 talentu gazteren ekimena egin du laugarrenez

Zerrendatik %43 dira emakumeak, eta gaur goizean Donostian bildu dira ekintza ezberdinen bitartez euren proiektuak eta ideiak partekatzeko

Basque Culinary Centerrek gastronomiako 100 talentu gazte jardunaldiaren hirugarren edizioa aurkeztu berri du, sektorearen "diziplina anitzeko eta egungo ikuspegia" osatzen duten 30 urtetik beherako profesionalen hautaketa. Zerrenda berri honetako kideak Donostian bildu dira astelehen honetan, hainbat jarduera eta dinamiken bidez euren proiektuak eta ideiak partekatzeko.

Zerrendako kideen artean, sektoreko profil askotarikoak daude, kategoria hauetan banatuta: Sukaldaritza, ekoizpena, ardo eta edari sektorea, komunikazioa, start-up-ak, ikerketa, okintza/gozogintza eta profil profesional berriak. 100etik, hogeita bat EAEkoak dira eta webgunearen bitartez kontsultatu daitezke izendatuak. 

Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiaren arabera, "ilusioz beterik gaude, beste behin ere, gastronomiaren sektorean arrastoa uzten ari diren 30 urtetik beherako profesional bikainen berrikuntza, grina eta konpromisoa ospatzeagatik. Ekitaldi honek komunitatea sortzeko eta sektorearen hedadura eta etengabeko eraldaketa islatzen duten proiektuak, ideiak eta ikuspegiak partekatzeko balio izatea espero dugu". 

BCC ohar bidez azaldu duenez, "gastronomiako 100 talentu gazteen zerrendaren hirugarren edizioak agerian utzi du gastronomiaren sektorean gertatzen ari den aldaketa nabarmen bat". Aurreko edizioekin alderatuta, sukaldaritzaren nagusitasunak errestaurazio sektorean behera egin duela ikus daiteke, eta beste edizioen aldean, era askotakoak direla profilak orain.

Alderdi demografikoei dagokionez, zerrendaren %53 gizonezkoak dira eta %43 emakumezkoak. Katalunia da ordezkari gehien dituen erkidegoa, %20.