Bioteknologiako I+G inbertsioa %18,3 hazi da EAEn
Bioteknologian egindako gastua berrikuntzan, oro har, egindako gastuaren %9,2 izan zen iaz, Eustaten arabera
Hainbat sektore krisian diren garaian, automozioa tarteko, beste batzuk goranzko bidean dira, bioteknologia, esaterako. Eustat estatistika erakundearen arabera, EAEn bioteknologiarekin lotutako I+G inbertsioa 184,7 milioi eurokoa izan zen 2023an, urtebete lehenago baino %18,3 gehiago.
Eustatek 2007tik bildu ditu sektore honetako datuak. Urte horretan, bioteknologiaren berrikuntzan egindako inbertsioa 80,8 milioi eurokoa izan zen.
Halaber, bioteknologian egindako gastua berrikuntzan, oro har, egindako gastuaren %9,2 izan zen iaz. Merkatu horren pisua handitzen joan da EAEko berrikuntzan, 2015ean I+G guztiaren %6,7 baitzen, 2018an, %7,9 eta 2020an, %8,5.
Sektoreak denera 3.337 lanpostu sortzen ditu, horietatik 2.032 lan jardunaldi osoan ari direlarik. Jardunaldi osoz ari diren langileen kopurua %16,8 handitu da azken urtean, eta berrikuntzan ari diren langile guztien %8,7 dira. 2007an, aldiz, soilik 779 langile ari ziren lanean bioteknologiaren berrikuntza esparruan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Era berean, emakumeen presentzia nabarmentzen dute Eustaten datuek, izan ere, 2023an bioteknologian lanaldi osoan lan egin zuten pertsona guztien %60,2 dira.