Bizum Pay, beste urrats bat eskudirurik gabeko mundu batera
2025ean Bizum Pay bidezko contactless ordainketak errealitate izango dira
Ordainketa digitalak arau bihurtu diren mundu honetan, Bizumek aurrerapausoa eman du Bizum Pay zerbitzu berriarekin. Funtzio horri esker, smartphonetik zuzeneko ordainketak egin ahal izango dira NFC teknologia erabiliz. Berrikuntza honekin, Bizum partikularren eta denda txikien arteko transakzioetan konpainia teknologiko handiei aurre egiteko plataforma bezala kokatu da, eta Apple Pay edo Google Pay zerbitzuen alternatiba sendo bat bilakatu da.
Azken urteotan, smartphone bidezko ordainketak abiadura hartu dute, erabiltzaileek ordainketak egunero maneiatzeko duten modua eraldatuz. Kontua afari batean zatitzetik, Barik bezalako garraio-txartelak kargatzeraino, Bizum bezalako aplikazioen erabilerak partikularren eta tokiko merkataritzaren arteko transakzioak erraztu ditu. Hego Euskal Herrian, Bizum partikularren eta denda txikien artean dirua trukatzeko aukera gogokoena da, banketxe ia guztiak bere plataforman elkartuz eta berehalako transferentziak telefono zenbaki soil baten bidez eginez. Bizum Pay-ren etorrera, 2025erako programatua, aurrerapen nabarmena da plataforma horren funtzionaltasunean. Ezaugarri berri horri esker, contactless ordainketak egin ahal izango dira NFC teknologia erabiliz, Google Pay eta Apple Pay bezalako konpainia handien ordainketa-zerbitzuen antzekoa. Horrek esan nahi du erabiltzaileek datafono batera hurbildu ahal izango dutela mugikorra transakzio bat osatzeko, kreditu-txartel baten erraztasun eta azkartasun bera eskainiz.
Denda txikien eta autonomoen tresna
Eskudiruaren gainbeherarekin eta ordainketa digitalen gorakadarekin Bizum funtsezko tresna bihurtu da paperezko dirua alde batera utzi nahi duten denda txiki eta autonomoentzat. Berehalako transakzioak ahalbidetzen dituenez, Bizumek eguneroko ordainketak errazten ditu, auzoko dendan erostetik autonomoen zerbitzuak ordaintzera arte. Aplikazioaren sinpletasuna, hartzailearen telefono zenbakia bakarrik eskatzen duena, izan da arrakastaren gakoetako bat. Bizum Pay-k are aukera gehiago eskaintzen ditu arlo honetan, negozio txikiei ordainketa-esperientzia moderno eta eraginkorra eskaintzeko aukera emanez. Orain, bezeroek dirua transferitzeaz gain, contactless bidez ordaindu ahal izango dute, erosketa-esperientzia are azkarragoa eta erosoagoa izan dadin.
Aplikazioaren sinpletasuna, hartzailearen telefono zenbakia bakarrik eskatzen duena, izan da arrakastaren gakoetako bat
Ezaguna den arren, Bizum ez da ordainketa mugikorren merkatua iraultzen ari den plataforma bakarra. Konpainia teknologiko handiek, hala nola Applek eta Googlek, ordaintzeko soluzio propioak garatu dituzte, Apple Pay eta Google Pay bezalako zerbitzuekin merkatu globalaren buru izanik. Applek, adibidez, Tap to Pay funtzioa abiarazi du, iPhone-ren erabiltzaileei iOS gailuen artean ordainketak egiteko aukera ematen diena, datafono baten funtzionamendua emulatuz. Bizum Payrekin, Bizumek nazioarteko alternatiba horiekin zuzenean lehiatzea bilatzen du, erabiltzaileei tokiko aukera bat eskainiz, estatuko eta Europako banku-azpiegiturak aprobetxatzen dituena.
Testuinguru horretan, aldaketa garrantzitsu bat izan da iOSen NFC teknologia hirugarrenei irekitzea, Europar Batasuneko Merkatu Digitalen Legearen erregulazioei erantzuten dien neurria. Lege horri esker, iPhoneren erabiltzaileek Bizum Pay erabili ahal izango dute Android gailuetan erabiliko den modu berean, bi sistema eragileen erabiltzaileen artean Bizumen irismena zabalduz.
Bizum Pay 2025ean sartzeak, aro berri bat ekarriko du Hego Euskal Herriko ordainketen digitalizazioan. Eskudiruak protagonismoa galtzen jarraitzen duen testuinguru batean, Bizum bezalako zerbitzuak erabiltzaileek beren diruarekin elkarreragiteko duten modua birdefinitzen ari dira, alternatiba eskuragarriak eskainiz. Funtzio berri horrekin, Bizumek aurre egiten die sektorean nagusi izan diren erraldoi teknologikoei.