Argazkia: CCUN

BERRIKUNTZA

Ikerketa berria martxan da “pronostiko txarrena” duen bularreko minbiziari aurre egiteko

Biogipuzkoak eta CCUNek eginiko azterlanean Espainiako estatuko hogeita lau ospitalek hartzen dute parte, eta adierazi dutenez, emaitzak positiboak dira

Nafarroako Unibertsitateko minbizia zentroa (CCUN) eta Biogipuzkoa ikerketa institutua saiakuntza berrian ari dira lanean, bularreko minbiziari aurre egiteko tratamenduen konbinazio berria aztertuta. Zehazki, ikerketaren ardatza da bularreko minbizien arteko azpimota “oldarkorrena eta pronostiko txarrena” duena, hirukoitz negatiboa izenekoa. Minbizi mota horren ezaugarri nagusietako bat da emakume gazteengan eragiten duela nabarmen, eta bost urteko biziraupen-tasa %12koa dela soilik.

Azterlanean Espainiako estatuko hogeita lau ospitalek hartzen dute parte, non Nadunolimab antigorputz monoklonala kimioterapiarekin (Gemzitabina eta Karboplatinoa) konbinatzen den. Nahasketa horrekin egin diren saiakerek “jarduera antitumoral oparoa eta segurtasun-profil onargarria” erakusten dute. Marta Santisteban CCUNko doktoreak nabarmendu du pazienteen %60k erantzun diotela tratamenduari, hamahiru hilabeteko batez besteko biziraupenarekin.

CCUNren beste entsegu batek, Madrilgo eta Toledoko ospitaleekin lankidetzan eginikoak, atropinaren erabilera aztertu zuen. Zehazki, atropina erabili zuten minbizi mota horri zuten pazienteekin, farmakoek eragindako ondorioei aurre egiteko.

Emaitzen arabera, atropinak nabarmen murriztu zituen beherako larriaren kasuak, tratamenduaren eraginkortasunari eragin gabe, eta, horri esker, beste azterketa kliniko bat egin ahal izango da. "Emaitza hauek baikorrak izatera bultzatzen gaituzte gaixotasunaren maneiua hobetzen jarraitzeko", adierazi du Santistebanek.