Laborategiaren inaugurazio ekitaldia | Argazkia: Mondragon Unibertsitatea

BERRIKUNTZA

Laborategi berria ireki dute Mondragon Unibertsitateak eta Ciscok elkarlanean

Komunikazio sareak eta zibersegurtasuna lantzeko lekua eskainiko die laborategiak ikasle zein enpresei

Ciscok eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak laborategi berri bat ireki dute. Bertan ikasleek trebatzeko aukera izango dute komunikazio-teknologia aurreratuetan, zibersegurtasunean eta IoT (Gauzen Inernet) sistemak industria inguruneetan txertatzeko prozesuetan. Laborategia erabili ahal izango dute Eskola Politeknikoko graduetako ikasleek, masterretakoek, prestakuntza-zikloetakoek, baita enpresek ere.

Goi Eskola Politeknikoko hamaikagarren eraikinean zabaldu den laborategia Cisco enpresa teknologiko estatubatuarrak hornitu du puntako teknologiarekin. Gunea irekitzeko Ikusi eta Sernivel3 enpresen laguntza ere izan dute. Azaldu dutenez, agenda dinamiko bat prestatu dute eta hainbat ekintza egingo dira: sei hilabetean behin 4.0 industriara bideratutako ekitaldiak; hiru hilean behin mahai-inguruak eta networking ekitaldiak; beste hainbat ekimen ere egingo dira, hala nola, hacktoiak eta ko-sorkuntzako ekitaldiak.

Ciscok eta unibertsitateak laborategiak dituen hiru helburu zehaztu dituzte: batetik, profesionalak garatzen laguntzea puntako teknologietan; bestetik, EAEko enpresa-sarearekiko lotura hobetzea; azkenik, berrikuntza teknologikoko erreferente izaera sendotzea.