Argazkia: Istock

BERRIKUNTZA

Donostiako Udalak 800.000 euro banatuko ditu enpresa proiektu berritzaileak sustatzeko

Donostia Sustapenaren webgunean eskatu beharko da laguntza, urriaren 30a baino lehen

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, 800.000 euro bideratuko ditu enpresa proiektu berritzaileen sorkuntzara. Ekimenak Hazkundea du izena, eta hain zuzen, proiektu berritzaile horien hazkundean eta sustapenean laguntzea du helburu. 

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi du pertsonentzako ezinbestekoa dela erakundeen laguntza jasotzea enpresa proiektu berritzaileak sortzeko, batik bat hasierako fasean, eta horretarako jartzen dituztela martxan “langileak kontratatzeko eta finantzatzeko aukerak eskaintzen dituzten” laguntza horiek. 

Laguntza eskatu nahi duten pertsona autonomo zein juridikoek Donostian eduki beharko dute lantokia, eta enpresa proiektu berritzaile bat garatzen aritu beharko dira. Laguntza eskaera Donostia Sustapenaren webgunean egin beharko da urriaren 30a baino lehen. 

Laguntza horiek hiru ildotan banatzen dira: alde batetik, Ekinn Talent programaren bitartez, langile kualifikatuak kontratatzeko laguntzak; bestalde, ETE (Enpresa Txiki eta Ertainen) hazkundea errazteko gastu estrategikoak finantzatzeko laguntzak; eta azkenik, bonu teknologikoen laguntza, ezagutzaren transferentzia eta hiriko zentro teknologikoekiko konexioa sustatzen dutenentzat.