Berrikuntza
Bost milioi euro bideratuko ditu Arabako aldundiak EDA zentroa eraikitzeko
Eraikinak “Arabako Errioxa eta Gasteiz ardoaren nazioarteko erreferente gisa posizionatzeko” balio izango duela adierazi du Ramiro González diputatu nagusiak
Ramiro González Arabako diputatu nagusiak azaldu du 2025. urtean hasiko direla EDA Ardoaren Bikaintasun Zentroa eraikitzeko obrak egiten. Hala adierazi du 2025erako bere sailak egingo dituen apustuen gainean aritu denean Batzar Nagusietan. Diputatuak adierazi du “Arabako Errioxa kalitatezko ardoen ekoizpenaren arloan nazioarteko erreferentziazko lider gisa eta Gasteiz ardoaren hiriburu gisa posizionatzeko konpromiso irmoa” duela aldundiak.
EDAren sortzaile dira Basque Culinary Center, Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia, eta hainbat helburu izango ditu berrikuntza zentroak: ardogintzan talentua erakartzea, prestakuntzak eskaintzea, mahastizaintzaren industriako proiektu ekintzaileak sustatzea… Bi egoitza izango ditu zentroak, bata Gasteizen eta bestea Guardian.
Proiekturako, bost milioi euro jarriko dituzte 2025eko aurrekontutik; 2026an beste 2.700.000 euro inbertituko dituzte. Orotara, 7,7 milioi euro, alegia. Gaineratu dutenez “proiektua sozializatzeko ekimenak gauzatzeko” 225.000 euro erabiliko dituzte, baita ardoari buruzko dibulgazio jarduerak egiteko ere.
Guztira, sailak 12.323.715 euro izango ditu proiektu guztietarako. Gainerako proiektuak dira, besteak beste, Printzipal Antzokia eraberritzeko eta handitzeko asmoa, jasangarritasunaren alde egiten duten ekintzei babesa ematea, Arabako ekonomia bultzatzeko ekintzak aztertzea, eta kirol eta kultura ekitaldiak babestea.