EHUk ia 4,5 milioi euro eskuratuko ditu ikerketa azpiegiturak indartzeko
Eva Ferreira errektore ohiaren ustetan Espainiako Gobernuaren laguntza “aukera bikaina” da unibertsitateak “jauzi kualitatiboa” emateko
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere ikerketa azpiegitura indartuko du ia 4,5 milioi eurorekin. Horretarako, “abangoardiako” ekipamendu zientifiko-teknikoa eskuratuko du, Espainiako Gobernuak emandako programa bati esker.
Izan ere, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ematen duen 2021-2023 aldiko Ikerketa Zientifiko, Tekniko eta Berrikuntzako Planaren azpiegituren programaren laguntzak eskatu zituen EHUk, eta denak eskuratu ditu.
Zehazki, sei ikerketa azpiegitura eskatu zituen unibertsitateak. Lortutako materiala bi urteko epean eskuratuko da, besteak beste, 948.000 euroko laser pultsu ultralaburren iturria eta 284.500 euroko ICP-MS multikuadrupolarra.
Eva Ferreira EHUko errektore ohiak adierazi du unibertsitateak “jauzi kualitatiboa” egin nahi duela. Programaren bitartez eskuratutako azpiegiturek “jauzi hori egiten lagunduko dute” gehitu du, eta “aukera bikaina” dela azpimarratu du.