Elhuyar Zientzia Azoka | Argazkia: Elhuyar

BERRIKUNTZA

Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da

12-18 urteko gazteentzat zuzendutako zientzia eta teknologia proiektuen azoka datorren urteko maiatzean egingo da

Irekita dago jada 2025eko Elhuyar Zientzia Azokan parte hartzeko izen-ematea. 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ekimen honetan, ikasleek ikertzaileen laguntza izango dute beren zientzia- eta teknologia proiektuak garatzeko. Azokaren helburua da gazteak zientzia eta teknologia arloetara hurbiltzea, eta proiektuak euskaraz egiten dira. Azokan parte har dezakete Euskal Herriko DBHko zein Batxilergoko gazteek.

Ikertzaile txikienak elkarlanean arituko dira “benetako profesionalekin”, eta emaitza euskarazko STEAM proiektu bat izango da. Maiatzean aurkeztuko dituzte talde-lanean egindako proiektuak, Elhuyar Zientzia Azokaren ekitaldi nagusian. Azken hori Bilboko Areatzako kaian egingo da, baina proiektuak aurkezteko aukera izango da beste hainbat tokitan ere, hala nola Iruñean (apirilaren 5ean) eta Usurbilen (maiatzaren 9an).

Elhuyar Zientzia Azokak hamahiru urte beteko ditu 2025ean, eta ordutik hona 9.000 gazte baino gehiagok hartu dute parte bertan. Bestalde, orotara, 2.500 ikerketa eta teknologia proiektu garatu dira.