Emakumeak Zientzian egitasmoaren edizio berria otsailaren 7tik 14ra bitartean egingo da
EAEko hiru hiriburuetan hainbat eta hainbat jarduera antolatu dira publiko orokorrarentzat
Otsailaren 7tik 14ra egingo da Emakumeak Zientzian 2025 ekimena. Bederatzigarren edizioa izango den horretarako egitarau oparoa antolatu dute EAEko hiriburuetan, adin guztietarako ekintzekin, “Hazia erein” lelopean. Kontzeptu horrekin nabarmendu nahi dutena da ekintza txikiekin lortu daitekeela berdintasunerantz aurrerapausoak ematea zientziaren esparruan. Aurten, 35 erakundek elkarrekin antolatu dute ekimena, eta 60 ekintza baino gehiago eskainiko dira.
Aurkezpena otsailaren 6an egingo da Bilbon, eta bertan izango dira antolatze prozesuan lan egin duten boluntarioak eta erakundeetako ordezkariak. Egun hartatik aurrera zenbait ekitaldi antolatu dira.
Besteak beste, ‘Emakume zientzialariak atzo eta gaur’ ekimenean profesionalak “eszenatokira igoko direla” adierazi dute antolatzaileek, “haien proiektuen xehetasunak partekatzeko eta historiako emakume zientzialari handienetako batzuk omentzeko”.
‘Eskolara itzulera’ jarduera ere errepikatu egingo da beste behin, non 60 adituk eskolak bisitatuko dituzten, ikasleei haien esperientziak kontatzeko eta “bokazio zientifikoa pizten” laguntzeko. Kontrara, ikasleak ere gerturatuko dira ikerketa-zentroetara, eta tailerrak egiteko parada izango dute.
‘Esperientziaren boterea’ izeneko egitasmoaz ere gozatzeko aukera izango da zortzi ikerketa-zentrotan; izan ere, ateak irekiko dituzte haien lana erakusteko eta esperimentu sinpleen bitartez “zientzia familietara eta ingurunera” hurbiltzeko.