Desfibriladoreak aplikazio batera konektatuta daude | Argazkia: iStock

BERRIKUNTZA

Farmazia kardiobabestuen sarea sortu da Gipuzkoan

Bexen Cardiok sortutako desfibriladore “erabilerraza” eskuratu dute hogeita bi farmaziek

Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak erabaki du farmazia kardiobabestuen lehen sarea sortzea, Bexen Cardio kooperatiba euskaldunarekin elkarlanean. Izan ere, azken horrek gailu berria sortu du: Reanibex 100 desfibriladore erdiautomatikoa.

Sarea sortzeko desfibriladore hori eskuratu dute Gipuzkoako hogeita bi farmaziek, eta egitasmoan izena eman dute 93 farmazialarik eta laguntzailek. Hala ere, gailua erabilgarria da osasungintzako profesionala ez den pertsona ororentzako, “erabilerraza” baita, bihotz-biriketako gelditzeak gertatzen direnean erabil dadin.

Kasu horiek gertatzen direnean berehalako erantzuna ematea da ekimen berriaren helburu nagusia. Horretarako, gailuak Alerta app izeneko aplikaziora konektatuta egongo dira, ekimenean parte hartzen duten profesionalak ohartaraziko dituena. Egitasmoaren parte diren farmaziek bereizgarria izango dute kanpoaldean, erraz identifikatuak izan daitezen. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko desfibriladoreen mapan ere aurki daiteke parte hartzen duten lokalak zein diren.