Argazkia: iStock

BERRIKUNTZA

Goi mailako teknologia sektoreak ia 100.000 lanpostu sortu ditu EAEn

5.000 enpresa baino gehiago daude merkatuan, eta 25.000 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2022an

Eustaten arabera, 2022an, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren balio erantsi gordin osoaren %9,4 goi eta erdi mailako teknologia sektorean bildu zen. EAEko enpleguaren %8,8 ordezkatzen zuen, hau da, 98.653 lanpostu, eta denera 5.032 enpresa ziren sektorean, 24.979 milioi euroko fakturazioarekin.

2021arekin alderatuta, lanpostuen kopuruak gora egin zuen sektorean (%3,4), negozio zifra %14,5 hazi zen eta balio erantsia %7,9. Halaber, 2022an, jarduera honetan lanean ari ziren enpresen batez besteko tamaina 19,6 langilekoa zela jakinarazi du euskal estatistika erakundeak.

Goi eta erdi-goi teknologiako sektorean, enpresen %13,1ek I+Gko jarduera garatzen dute, gainerako sektoreetan ematen den ehunekoa (%1,1) baino askoz handiagoa.

2022an 11.076 pertsonek lortu zuten lana sektorean, eta horietatik 3.599 emakumezkoak ziren. Gainera, langile guztietatik 7.414 ikerlari gisa aritu ziren, horietatik %32,8 emakumeak.