Green Eel eta Nemi Mobility Solutions dira MUBIL Mobility Awards 2022ko irabazleak
Beraien proiektuak garatzeko aukera izango dute datorren urtean, lan-eremu bat eta 25.000 zein 10.000 euroko dirusariarekin batera
Green Eel eta Nemi Mobility Solutions proiektuek MUBIL Mobility Awards sarien bigarren edizioko lehen eta bigarren sariak eskuratu dituzte, Liight, Wisp eta Solum ekimenei gailendu, eta beren proposamenak Tabakaleran, Donostian, egindako azken ekitaldian diziplina anitzeko epaimahai baten aurrean defendatu eta gero. Irabazleak hautatzeko orduan, aintzat hartu da ahalmen handia izatea etorkizuneko mugikortasunean eragin positiboa lortzeko.
Full&Fast-eko arduradun eta sortzaile den Borja Santosek aurkeztutako Green Eel proiektu madrildarrak energia metatzeko sistema eramangarriak proposatzen ditu: “Teknologia berri bat, entxufeak gertu ez daudenean energia elektriko berdez eta errentagarriz hornitzeko”. Proiektuak elektrizitatea sortzeko erregaia erabiltzen duten multzo elektrogenoen edo diesel sorgailuen alternatiba eskaintzean datza. Lau zerbitzu mota ditu ardatz: ibilgailu elektrikoen karga, ekitaldiak, eraikuntza eta sareko zerbitzuak.
Nemi Mobility Solutions ekimen bartzelonarra Software-as-a-Service (SaaS) arloko enpresa da, eta autobus zerbitzu malguak hedatzeko eta erabiltzeko soluzioa eskaintzen du. Martí Jofre, Nemi Mobility Solutions-en CEOren hitzetan, “ibilbideak malgutasunez planifikatzea eta kudeatzea ahalbidetzen duen tresna teknologikoa” da. Proiektua bus-zerbitzuen digitalizazioan eta optimizazioan oinarritzen da, garraio publikoak eraginkorra izateko behar dituen elementuak mantenduz.
Bi ekimen irabazleak MUBILeko ekosistemara batuko dira, eta haien proiektuak garatzeko aukera izango dute datorren urtean, lan-eremu bat eta 25.000 zein 10.000 euroko dirusaria izanez.