Hainbat ordezkari inaugurazio ekitaldian | Argazkia: VK Comunicación

BERRIKUNTZA

Hirekin zentro berritzailea inauguratu du Mondragonek

Ekintzailetza eta berrikuntza industrial jasangarriko espazio berria martxan jartzeko bederatzi milioi euro inbertitu dituzte

Hirekin izeneko zentro berria inauguratu du Mondragon Korporazioak gaurkoan. Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa buru duen berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko zentroa Arrasaten kokatuko da, eta Imanol Pradales lehendakaria izan da gaurko inaugurazio ekitaldian. Guztia martxan jartzeko bederatzi milioi euro inbertitu ditu, eta instalazioek 6.000 metro karratuko azalera izango dute.

Mondragon Korporazioa da proiektuaren bultzatzaileetako bat, eta hainbat enpresek hartu dute parte proiektuan: Saiolan, Laboral Kutxa, Fagor Taldea eta haren Gizabidea Fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbaian, Krean, Orbea, Garaia Parke Teknologikoa, zentroaren sustatzaileak (Mondragon Unibertsitatea eta Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Mondragon Sustapen Zentroa.

Halaber, Hirekin zentroak oinarri hauek izango ditu: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna. Mondragonek azaldu duenez, hasiera batean, 25 eta 40 pertsona artean arituko dira zentroan, eta aurrerago beste ikertzaile eta ekintzaile batzuk batuko zaizkie. Eraikina "erreferentziazkoa" izango dela azaldu du, industriaren eta teknologiaren arloetako ekintzailetza eta berrikuntza jasangarriko proiektuen garapenean, baita prototipoen lanketan ere.

Bestalde, irailean ekingo den 2024-2025 ikasturterako, digitalizazioaren, jasangarritasunaren eta berrikuntza teknologikoaren alorretako hiru enpresa-proiektu ditu aurreikusita Hirekinek. Industriaren egungo erronkei aurre egitea eta eragin handiko irtenbideak sortzea izango da helburua. Hemendik lau urtera, 2028-2029 ikasturtera bitarte, zentrotik 36 proiektu, 54 ekintzaile eta 67 ikasle igarotzea aurreikusten dute.

Hirekin zentroaren eraikin berriak eraikuntza jasangarriaren ERAS ziurtagiria du, eraikuntza prozesuan material berrerabilgarriak eta biodegradagarriak erabili direlako. Etorkizunean urrats gehiago eman nahi dituzte, eguzki-plakak, energia-efizientzia hobetzeko sistema adimendunak, ur-efizientziarako eta ur-zikloa ixteko irtenbideak, eta inguruko industria- instalazioetako beroa berreskuratzeko sistemak instalatuz.