Itzultzaile neuronalak euskararen erabilera nola baldintzatzen duen ikertu du Itzulinguru proiektuak
Hizkuntza jarduera arautuetan sortzen diren distortsioak, gatazkak, egokitzapenak eta berrikuntzak aztertu dituzte hainbat enpresa, administrazio publiko, hedabide edota euskaltegietan
Itzultzaile neuronala eta hizkuntza teknologiak erabiltzeko moduak euskararen erabilera nola baldintzatzen duen aztertu du Itzulinguru proiektuak. 2023 eta 2024 artean garatutako proiektuak hiru helburu nagusi zituen: itzultzaile neuronalak, baliatzen den inguruneetan eragiten dituen eraldaketak, erabilerak, ahalmen berriak eta berrikuntzak identifikatzea, esku hartzeen bidez itzultzaile neuronalaren bestelako erabilerak probatu eta ondorioak ateratzea eta euskararen biziberritzearen ikuspegitik, landu beharreko ahalmenak eta irizpideak proposatzea.
25 esparru desberdinetan egin dituzte esku hartzeak, hizkuntza jarduera arautuetan sortzen diren distortsioak, gatazkak, egokitzapenak eta berrikuntzak aztertuz enpresetan, administrazio publikoan, hedabideetan (EnpresaBIDEAn besteak beste), osasungintzan, euskaltegietan, bigarren hezkuntzan eta unibertsitateetan. Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateko Innoklab ikerketa taldea izan dira proiektuaren sustatzailea, eta joan den irailaren 11an aurkeztu zituzten emaitzak, EHUk antolatutako Udako Ikastaroan.
Itzultzaile neuronalaren aukerak euskararen biziberritzearen ikuspegitik aztertu dira, hizkuntza jarduera arautuetan fokua jarriz. Eragin positiboak nahiz negatiboak ikusi direla azaldu dute arduradunek, baina euskararen biziberritzeari begira ekarpen esanguratsua egiteko potentziala erakusten duten itzultzaile neuronalaren hainbat erabilera identifikatu dira.
Itzultzaile neuronalak erakundearen funtzionamenduan gabeziak eta behar berriak azaleratzen dituela ondorioztatu du ikerketak. Teknologia berri honen erabilera ordenatu eta arautzea komeni da, eta testuen aurre eta post edizioa ezinbestekoak dira testu formalak argitaratu behar diren kasuetan.
Itzultzaile neuronalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko, formakuntzak funtsezko egitekoa betetzen duela eta hobekuntza potentzial handia duela ere ondorioztatu dute. Gainera, itzultzaile neuronalak hizkuntzaren eta hizkuntzarekin lotutako gaien ikaskuntza eta irakaskuntza metodoak aldatzea ekarriko duela diote.
Burututako esku-hartzeen beste ondorietako bat zera da: itzultzaile neuronalaren garapen teknologikoan eta inplementazioan egiten diren hautuen araberakoak direla dituzten eragin soziolinguistikoak.
Erakundeen hizkuntza-praktiketan eta funtzionamenduan eragiten dute itzultzaile neuronalek. "Sistematikoki behatzeko saiakera" izan da proiektu hau, eta egoki baliatuz gero, euskaraz testu gehiago sortzea, erabiltzaileen euskarazko gaitasuna handitzea eta sortutako testuen kalitatea hobetzea ahalbidetuko du, besteak beste.