Jon Mabe | Argazkia: Tekniker

BERRIKUNTZA

Jon Mabe: "20 urtetan biderkatu egin da osasungintzako teknologien aldeko apustua Euskal Herrian"

Orain garatzen ari diren teknologiak ikusteko urte batzuk beharko ditugula gogorarazi du Teknikerreko Merkatu zuzendariak

Human-Centered Health Technologies jardunaldiak antolatu ditu Tekniker zentro teknologikoak, BRTA Basque Research and Technology Alliance erakundeko kideak. Madrilen egingo dituzte, Hisparob Espaniako robotika teknologikoko plataformarekin batera. Bihar eta etzi bitartean egingo dira eta teknologiak osasungintzaren esparruan arreta pertsonalizatuari dagokionez duen rola izango da jardunaldien muinean. Zentro teknologikoak 20 urte inguru daramatza enpresekin lanean osasungintza esparrura eramango diren teknologiak garatzen, ondoren enpresek horiek produktu bilatu ditzaten. Aukera aprobetxatuz, EnpresaBIDEAk Jon Mabe Teknikerreko Merkatu zuzendariarekin hitz egin du osasungintza sektorearen orain eta etorkizun teknologikoaz hausnartzeko.

Zein puntutan gaude prebentzioa, diagnostikoa, tratamendua edo errehabilitazioan teknologiak aplikatzeari dagokionez?

Egia da askotan gaudela harremanetan profesionalekin eta pazienteekin, baina gure egitekoa da behar horiek teknologietara itzuli eta teknologia lantzea. Hortik ikusten ari gara nahiko apustu indartsua dagoela —indartsu hori beti erlatiboa bada ere— teknologia berriak pazienteen tratamenduetara eramateko.

Era berean, zahartzen ari gara, eta beharrak eta pentsaera eraldatzen ari dira. Esaterako, bai uste dut inbertsioak etortzen ari direla prebentzioaren esparruan. Nolabait norbere osasuna zaintzeko eta kirol gehiago egiteko kultura areagotzen ari da, eta horrek nahiko eragin du prebentzioan. Bestalde, pazientea ahalduntzeko apustua ere hor dago, pazienteek euren egoerari buruzko geroz eta informazio gehiago izan, erabakiak hobeto hartuko baititu.

Ez dakit aldaketa horiek guztiak erabat hedatuta dauden edo ez gure gizartean, edo horiek ikusteko gaitasuna dugun. Baina bai enpresak, bai administrazioak, horretara jotzen ari dira.

Zuek garatzen ari zareten soluzioak ikusteko, beraz, urte batzuk itxaron beharko dugu oraindik?

Hori da. Edozein teknologia garatzeko eta hedatzeko denbora mordoa behar da, eta are gehiago osasun esparruan denean. Azken hori ez dut zentzu negatibo baten esaten. Oso ziur izan behar gara teknologia bat hedatzeko, egiten duen ekarpena edo onura bermatzeko, eta horretarako denbora behar da, gauza asko egin behar dituzulako. Beharra ikusten duzunetik teknologia zehazten duzunera arte, hura garatu, planifikatu eta inbertsioa egitea barne, denbora bat dago.

"Oso ziur izan behar gara teknologia bat hedatzeko, egiten duen ekarpena edo onura bermatzeko, eta horretarako denbora behar da, gauza asko egin behar dituzulako"

Hala ere, aldaketarik sumatu duzue osasungintzan egiten den apustuan?

Duela 20 urte hasi zen Tekniker osasungintzako gaietan. 20 urtetan ikusi dugu biderkatu egin dela osasungintzako teknologien aldeko apustua Euskal Herrian. Lehen oso enfokatuak ginen alderdi ekonomikoan, ekoizpenean, industrialean; orain ikusten ari gara beste era bateko teknologiak ari direla hemen garatzen. Beraz, aldaketa izan da. Eta hori gertatu da hemengo enpresak dibertsifikatzen ari direlako, eta administrazioak ere ikusi duelako horiek jorratzeko erraztasunak emanez bi helburu betetzen dituzula: batetik, ekoizpen ekonomikoari laguntzen diozu; bestetik, gaitasunak jorratzen dituzu ekarpena egiteko. Gainera, konturatu gara ditugun gaitasun guztiekin badugula aukera geu ere aktore izateko.

Tekniker, zehazki, zein motatako soluzioekin ari da lanean une honetan?

Gu ez gara adituak osasungintzan bertan, baina ohitu egin gara mundu horretako teknologia garatzen. Bestela esanda, bezeroa guregana etortzen denean, ikusten dugu aukera erronkari irtenbide sanitarioa emateko, eta teknologia garatzen laguntzen dugu etapa guztietan, produktu bat izan arte.

Behin hori esanda, gure teknologia gaitasunak beti berdinak izan dira. Nahiko jakintza dugu materialen teknologietan, mekatronikan, robot eta gailu elektrikoen garapenean... Normala da gure ekarpenak eta soluzioak ildo horretatik mantentzea: dispositibo elektronikoetan eta elektromedikuetan egiten ari gara ekarpena, normalean detekzio aurreratuarekin oso-oso lotuta daudenak. Zenbat eta lehenago izan diagnostikatzeko eta detektatzeko gaitasuna, are errazagoa izango da antzeman duzun horren kontra zer edo zer egitea.

"Dispositibo elektronikoetan eta elektromedikuetan egiten ari gara ekarpena, normalean detekzio aurreratuarekin oso-oso lotuta daudenak. Zenbat eta lehenago izan diagnostikatzeko eta detektatzeko gaitasuna, are errazagoa izango da antzeman duzun horren kontra zer edo zer egitea"

Zer motatako gaitz, esaterako?

Historikoki asko lan egin dugu gutxiegitasun kardiakorako ematen diren botiken jarraipena egiteko —sintron ezaguna-eta—. Era berean, detekziorako orientaturiko teknologietan ere aritu gara.

Egia da azkenaldian tratamendurako teknologien garapenean oso sartuta gaudela. Adibidez, zauriren bat izanez gero, zauri horiek errazago hobetzeko gailu elektronikoen garapenean. Eta hori guztia, beti, enpresa baten eskutik. Eurak guregana jotzen dute guk baliabide eta gaitasun batzuk ditugulako; enpresak proiektua garatu nahi badu, gure laguntza eta teknologietan oinarritzen da.

Alegia, enpresek zuengana jotzen dute aukera bat ikusita. Zuek, zentro teknologiko bezala, egiten dituzue probak-eta. Eta behin prest dagoenean ekoizpena enpresaren esku geratzen da.

Hori da, guri ez zaigu egokitzen ekoizpena. Guk laguntzen diegu ideiatik kontzeptu fisikora eramaten gailu bat, guztiz intergratua eta ondo funtzionatzen duena. Hori erabiltzen dute froga medikuak eta estandarizaziokoak egiteko.

Zuen bezeroak euskal enpresak dira nagusiki, Espainiakoak…?

Bezero asko ditugu Euskal Herri mailan, guregana jotzen dutelako iniziatiba askotatik. Euskal enpresekin negozio bolumena nahiko handia da. Hala ere, Bartzelona mailan ere nahiko hub garrantzitsua dago biomedikuntzako teknologiei loturikoa, eta haiekin ere aritzen gara, eta Madrilekoekin ere. Azken batean, esan bezala, ikusten inbertsioa handitzen ari dela garapen horiek gauzatzeko.

"Guk laguntzen diegu enpresei ideiatik kontzeptu fisikora eramaten gailu bat, guztiz intergratua eta ondo funtzionatzen duena. Hori erabiltzen dute froga medikuak eta estandarizaziokoak egiteko"

Enpresen eta zentro teknologikoen arteko lankidetzaz harago, zein rol joka dezake lankidetza publiko-pribatuak?

AEBn ez bezala, Europa mailan azkeneko bezero ia guztiak publikoak dira osasungintzan. Eta osasungintza publikotik erabaki behar dute non sartzen duten dirua, ez baita diru infinitua. Hori gakoa da, batetik, eurak finkatzen baitute nondik jo.

Eta beste alde batetik, enpresa batek bere inbertsioa egin behar badu, eta arrakasta-ratioa %5 bada, ez dio merezi, berak ere bizi behar duelako. Hor bai agertzen da kolaborazio publiko-pribatuaren garrantzia, zenbaitetan publikoak esaten duelako: “oso gai interesgarria da, eta arrisku handikoa eta jorratzeko zaila izanik ere, nahi dut hori jorratzen jarraitu. Orduan, lagundu egin nahi dizuet nahiz eta ekoizpena eta horren atzean izango den negozioa zuena izan". Hori beste eredu bat da. Bestela zenbait gai ez ziren garatuko.

Adibideren bat?

Gainetik esan dezaket halako adibide asko daudela. Euskal Herrian asko erabiltzen ari da hori gizartearen zahartzeari aurre egiteko. Garapen teknologikoa egiten ari da, baita aztertzen ere zer nolako gizarte sarea behar den azpiegiturak eta abar kontuan izanda.

Horrek lanpostu berrien sorrera ekarriko duela uste duzue?

Teknologiaren garapenaren alderditik bai, eta ekoizpenaren garapenetik ere bai. Hala ere, hor bi ikuspegi daude. Inbertsio asko joaten da pentsatzen ez duzula hainbeste jende zahartutako gizarte bat zaintzeko. Baina dugun sentsazioa bada inbertsioak hobetu beharko lukeela, baina aldaketa bat izan dela.

"Euskal enpresekin negozio bolumena nahiko handia da. Hala ere, Bartzelona mailan ere nahiko hub garrantzitsua dago biomedikuntzako teknologiei loturikoa, eta haiekin ere aritzen gara, eta Madrilekoekin ere"

Zein puntura arte garatzen ari zareten teknologiek eta soluzioek eragingo due herritarren osasun pertsonalizatuan?

Ehuneko ehunean. Oso zuzenduta daude helburu hori lortzera aipatu ditugun teknologiak. Gu garatzen ari garen proiektuak ildo horretatik dabiltza.

Gai horiei helduko diete Teknikerrek Madrilen antolaturiko Human-Centered Health Technologies jardunaldiek. Zergatik da garrantzitsua gaiari buruzko hausnarketa plazaratzea?

Jardunaldietan guretzat garrantzitsua zen lotzea beharra duten erakundeak, ospitaleak adibiez, teknologia garatzen duten erakundeekin eta administrazioekin. Aipatu dugun kolaborazio publiko-pribatu horretan hiru aktoreak behar dituzu. Halako foroak guretzat garrantzitsuak dira, halaber, behar guztiak azaltzen direlako eta baliabideei buruz berba egiteko aukera on gisa ikusten ditugulako.