Bigarren zentroa Gipuzkoan egongo da kokatuta | Argazkia: Euskaltel

BERRIKUNTZA

Kutxabank eta Iberdrola, EAEko datu zentroaren bazkide izateko bidean

Abanto-Zierbenako egoitzaren eraikuntza 2025eko lehen hiruhilekorako amaituta egongo da

Roberto Tobillasek, Dominionenko zuzendari nagusiak eta EAEko datu zentroko presidenteak, baieztatu du Kutxabank eta Iberdrola datu zentroaren bazkide izateko azken negoziazio lanetan ari direla. Atlantic Data Infrastructure (ADI) du izena datuen zentroak, eta jada amaitzear daude lehen egoitzako obrak. Abanto-Zierbenan dago kokatuta azken hori, eta Tobillasen hitzetan, irekitzeko prest egongo da 2025eko lehen hiruhilekorako.

Bigarren zentroari dagokionez, presidenteak azaldu du “ia guztiz itxita dagoela lurzoruaren erosketa eta kokapena”. Bigarren zentro hori Gipuzkoan egongo da kokatuta, eta Tobillasek gaineratu du etorkizunean Nafarroan eraikitzea gustatuko litzaiekeela. Horrez gain, gehitu du proiektua “erabat jasangarria” dela, eta Euskal Herrian ez ezik Espainiako estatuan ere “erreferente bat” izango dela.

Tobillasek informazio guztia helarazi du Bilbon antolatu den finantza-topaketa batean. Ekitaldia Renta 4 Bancok eta BME Exchangek antolatu dute, eta "Euskal konpainia kotizatuak fokuan: enpresak, analistak eta inbertitzaileak" izendatu dute. Bertan bildu dira Arteche, Tubos Reunidos Faes Farma eta Vidrala bezalako euskal konpainiak.