Lehen aldiz 2.000 milioi euro baino gehiagoko gastua egin zen iaz berrikuntzan EAEn
Zehazki, 2.002 milioi euro inbertitu ziren, aurreko urtean baino %11,6 gehiago
%11,6 handitu da EAEko ikerketa eta garapen teknologikoko (I+G) gastua. Orain arte ez da inoiz 2.000 milioi eurotik gorakoa izan; 2023an, ordea, 2.002 milioi eurokoa izan zen. Hala, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen datuen arabera, aurreko urtean baino 208 milioi euro gehiago gastatu zen 2023. urtean.
Barne Produktu Gordinari (BPG) dagokionez, EAEko barneko I+G arloko gastua %2,16koa izan da 2023an, aurreko urtean %2,07koa izan zen bitartean. Lurraldeka, sektoreko gastu totalaren gehiengoa Bizkaiari dagokio, %45,5a zehazki. Gipuzkoan eta Araban %42,6koa eta %11,9koa izan zen gastua, hurrenez hurren. Hala ere, lurralde bakoitzeko BPGari dagokionez, Gipuzkoakoan inbertitu zen gehien BPGaren %2,76. Bizkaikoa %1,94koa izan zen, eta Arabakoa %1,60koa.
Enpleguaren alorra erreparatuta, igo egin dira I+G arloko langileak 2023an, %7,1. Orotara, 23.300 pertsonek egiten dute lan sektorean: 16.452 enpresetan, 5.345 goi mailako irakaskuntzan, eta 1.502 administrazio publikoan. Lanbide kategoriaren arabera sailkatuta, gehiengoa ikertzaileak ziren, 16.305 enplegatu, eta gainerakoak teknikariak (5.287) eta laguntzaileak (1.708). Sektorean lan egin zuten gehiengoa gizonezkoak izan ziren arren, aurreko urtean baino %8,2 emakume gehiago aritu dira lanean, langile guztien %37,3a (8.688 emakume).
Azkenik, I+G arloko gastuaren finantzaketari dagokionez, enpresek bideratu zuten diruaren gehiengoa, 1.111 milioi euro. Finantzaketa publikoak 681 milioi jarri zituen. Enpresek gastatutako kopurua aurreko urtean baino %0,4 txikiagoa izan bazen ere, finantzaketa publikoa %11,9 hazi zen.