Berrikuntza
Leire Bereziartua: "Neska askok 12 urterekin jada deskonektatzen dute zientzia munduarekin"
Nazioarteko emakume zientzialariaren eguna izan zen atzo. Egun, geroz eta emakume ikerlari gehiago badaude ere, zientzia eta teknologia gizonezkoen arlo gisa ikusten da oraindik. Leire Bereziartuari txikitatik gustatu zaio teknologia, eta esparru horretatik heldu dio bere ibilbide profesionalari
Zientzialari baino teknologotzat du bere burua Leire Bereziartua Gonzalezek. Diseinu industrialean ingeniaria, egun Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza fakultateko irakaslea da. Halaber, Deusto Design Research Group taldeko kidea ere bada, eta Fablab Fabrikazio Digitaleko laborategiaz baliatzen da diseinatutako produktuak errealitatera bideratzeko. Bere kabuz, freelance moduan, ere diseinatu ditu grafika arloko produktu ugari. Orain doktoretza ikerketan dihardu buru belarri, hiriguneetako energia berriztagarrien azpiegitura eta diseinua landuz. Zientzia eta teknologia munduan emakumeen presentzia areagotzen ari badela uste badu ere, oraindik asko dagoela egiteko dio. Atzo izan zen emakume zientzialariaren nazioarteko eguna, eta egunotan Emakumeak Zientziak egitasmoa ere abian da. Bereziartua egitasmoko parte hartzaileetako bat izan zen iaz.
Emakumeak Zientzian egitasmoan parte hartu zenuen aurreko edizioan. Zer nolako garrantzia ematen diozu horrelako ekimen bat egiteari?
Niri oso ondo iruditzen zait horrelako jardunaldiak egitea. Aspaldi, Inspira proiektuan ere ibili nintzen, eta bertan azaldu ziguten emakumeen gehiengo batek, ume garenetik, 12 urte ditugunean, deskonektatzen dugula zientzia munduarekin, nahiz eta lehen hezkuntzan klaseko mutilen pentsaerak eta interes berak eduki. Nik ez nuen deskonektatu, baina nire inguruan askori, bat-batean, teknologia edo matematikak ez zitzaizkien gustatzen, eta orduan hortik aldentzen joan ziren. Zientifikoki dago frogatuta itzelezko deskonexioa gertatzen dela.
Horren arrazoi nagusia gizartean ikusten duguna da. Emakume eredurik ez denez ikusten, neskek ez dute uste horrelako gauzak egin ditzaketela. Inspira proiektuan eskoletara joaten ginen, eta gure bizitza kontatzen genuen. Gure lana zientzia eta teknologia arlotik bideratu dugu, eta zuek ere hala egin dezakezuela esaten genien. Beti Marie Curie aipatzen da erreferentzia gisa halakoetan, baina beharrezkoa da inguruko emakumeak ezagutaraztea ere. Beren amak, izebak edota lehengusinak ere horrelako lanetan dabiltzala.
12 urterekin ematen den deskonexioa zuk ez zenuen izan. Mondragon Goi Eskola Politeknikoan diseinu industrialeko ingeniaritza ikasi zenuen eta gero Milanen jarraituko zenituen ikasketak. Nola erabaki zenuen zientzia arlotik jotzea?
Ni beti izan naiz oso "katxarreante". Etxean irratiak ez bazuen funtzionatzen, desmuntatu egiten nuen eta piezak begiratzen aritzen nintzen. Beti eduki dut kuriositate hori. Zientzialari baino gehiago teknologa moduan sentitzen naiz. Betidanik gustatu zaizkit teknologia eta eskulanak. Gauzak sortu eta soluzioak topatzea. Arkitektura, topografia eta beste arloren bat ikasteko zalantzak izan nituen, baina diseinu industriala karrerari buruzko ate ireki batzuetara joan nintzen eta maitemindu egin nintzen. Uste dut asmatu nuela hartutako erabakiarekin.
Emakumeen gehiengo batek, ume garenetik, 12 urte ditugunean, deskonektatzen dugu zientzia munduarekin, nahiz eta lehen hezkuntzan klaseko mutilen pentsaerak eta interes berak eduki
Emakumeak Zientzian egitasmoaren helburuetako bat emakumeak zientzia arloko ikasketak hautatzera bultzatzea da. Zuk sumatu al duzu aldaketa? Emakume gehiago matrikulatzen al da egun ingeniaritza gradu batean adibidez?
Bai. Lanean, adibidez, sumatzen dut gizon eta emakume kopuru bera gaudela. Aldatzen joan da baino pixkanaka, eta asko dago egiteko oraindik. Diseinu industrialeko ingeniaritzak sorkuntza kutsu bat duenez, emakumeak gehien apuntatzen ziren gradua zen nire garaian. Ingeniaritza sozialena da. Beste karrera gehienetan ez zegoen neskarik, elektronika, mekanika... mutilen mundua zen. Gaur egun, Deustuko ingeniaritza fakultatean nago, eta sumatu dut aldaketa.
Hori ikasketei dagokienez, eta lan munduan?
Enpresetako bulego teknikoetan ibili naizenean gehienak mutilak dira. Kargu altuak ere beti gizonenak dira. Orain unibertsitatean enpresekin harremana dugu, ikasleek benetako proiektuak egin ditzaten, eta ikusten dugu arduradun gehienak gizonezkoak direla. Egia da geroz eta emakume gehiago ikusten ditudala nire inguruan, baina kargu altuetara heltzeko jarraitzen du gizonak erraztasun gehiago izaten.
Eta hau izaten da gehiago baloratzen delako, oro har, beren lana. Gizonek ohitura gehiago dute zer egiten duten eta nondik datozen kontatzeko. Eta guk emakumeok zergatik ez dugu gureaz harrotasunez hitz egiten? Ez dakit inpostorearen sindromea hortik doan, baina askotan ez dizut zertan esan egunean egin dudan guztia. Egiten duzuna kontatzeak laguntzen du beste batzuen oniritzia edukitzen. Gizonen merezimenduak gehiago ikusten dira, eta aukera gehiago izaten dituzte.
Bada, hitz egin dezagun zure lanaz. Unibertsitateko irakaslea zara, baina Deusto Design Research Group taldeko kidea ere bai. Zer ikerketa lerro lantzen dituzue bertan?
Diseinu industrialeko irakasleen taldetik sortu zen taldea, eta orain beste espezialitate batzuetako irakasleak ere sartu dira. Ikerkuntza ildo diferenteak lantzen ditugu bertan. Diseinu industrialaren esparruan, pertsonei zuzendutako diseinua lantzen dugu. Diseinu estrategikoko ildoa ere badugu, eta ingurumenarekin lotutako diseinu jasangarria eta hor sortu daitezkeen arazo guztiei aurre egiteko ildoak ere bai. Hiru emakume gaude bertan oraingoz (9 kideko lantaldean), espero dugu gehiago izatea, beste hiru baitaude interesatuta taldean sartzeko.
Gizonek ohitura gehiago dute zer egiten duten eta nondik datozen kontatzeko. Eta guk emakumeok zergatik ez dugu gureaz harrotasunez hitz egiten?
Deusto Fablab fabrikazio digitaleko laborategian ere parte hartzen duzu. Zertan datza proiektu hau?
Material, makinaria eta baliabide asko dituen laborategi bat da, guk diseinatzen ditugun produktuak testatzeko eta prototipoak egin ahal izateko. Laser makina, fresagailu handi bat egurrezko pieza handiak mozteko, 3D inpresorak, 3D eskanerrak, bordadora eta metalezko inpresora bat ere badugu, besteak beste. Ikasleek eta kanpotik datozen enpresek diseinatutako produktuaren prototipo bat sortzeko aukera ematen diegu laborategian. Beren produktuak testatzeko eta ikusteko ea funtzionatzen duen.
Zure kabuz, laborategi edo ikerketa taldeetatik at ere diseinatu dituzu zure produktu propioak, ezta?
Grafika lanak egin nituen denbora batez, azkenean diseinu industrialak ere asko baitu grafikatik. Niri asko interesatzen zait ordenagailuko softwareak ikastea, eta hainbat programen bidez grafikagintza nahiko landuta daukat. Batzuetan logotipo batzuk egin izan ditut, adibidez, Iurretako emakumeen elkarteko logotipoa lagun batekin egin nuen. Freelance modua aritu naiz.
Doktoretza ikerketak ere hasi zenituen, zer puntutan zaude?
Horretan nabil orain, doktoregoa bukatu nahian. 2019an hasi nintzen, baina gero ama izan nintzen, eta burua aldatu egiten da asko. Hiriguneetako energia berriztagarrien inguruan ari naiz egiten doktoretza, energia eolikoa zentratuta batez ere. Atzera pauso bat ematen badugu, ikusi dezakegu produktu industrialak sortzen direnean ez direla guztiz ingurunerako egokiak diren produktuak izaten. Sortu daiteke produktu industrial bat, aerosorgailu bat esaterako. Sortzen den unean, enpresako teoriko-fisikoek eraginkortasun energetikoan edota funtzionamenduan pentsatzen dute, baina gero produktu hori hirigune batean sartu behar dugunean, non eraikinak, begetazioa, pertsonak, komunitatea dauden, zailtasunak daude produktuz ondo muntatzeko eta mantenua emateko. Hiriko faktore guzti horiek kontuan harturik birdiseinatu beharra dago produktua. Ez badago birdiseinurik, ingurune horri arrotza egingo zaio produktu industriala. Hasieratik aldagai batzuk oso garrantzitsuak direla frogatu nahi dut lanarekin, ez birdiseinuarekin baizik eta hasierako diseinuarekin.
Etorkizunera begira, ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Niri irakaskuntza asko gustatzen zait, eta horregatik hurbildu nintzen unibertsitate mundura. Gero ikerkuntzan sartu nintzen. Nire etorkizunean, doktoretza aterata, denbora gehiago edukiko dut nire benetako beharrak eta interesak lantzeko doktore moduan. Lantaldean gehiago lagundu eta proiektuak bultzatzen jarraitu nahi dut.