Lorea Argarate: "Emakumeak, euskaldunak eta gazteak diren erreferenteak behar ditugu"
Gladys saria jaso du aste honetan teknologo eta musikari bilbotarrak. Estereotipo ugari hausteke dituen ingurune digitalean dibulgazio lanaren garrantzia azpimarratu du
Gladys del Estalen garaian, ingurune digitalean lanean aritzen ziren emakumeak gutxi ziren. Ekintzaile ekologista izateaz gain, Donostiako Informatika fakultatean ikasi eta informatikaria zen Gladys. Haren figura gogoratzeko nahiz esparru digitalean emakumeen lana ikusarazteko bere izena daraman saria eskuratu du aurten Lorea Argaratek. Gladysen gisako teknologia eta zientzia munduko emakume erreferenteak azaleratzea du xede PuntuEUS eta EHUko Informatika fakultateak antolatutako egitasmoak, eta dagoeneko erreferente bazen, are gehiago bihurtu da Argarate pasa den ostegunean saria eskuratu ostean. Telekomunikazio ingeniaria izatez, Tazebaez koopetiban dihardu egun lanean Berlinen. Dibulgazio lanetan ere aritzen da, teknologiarekiko pasioa musikarenarekin uztartuz.
Espero al zenuen Gladys saria irabaztea?
Egia esan ez naiz sari eta horrelako gauzen oso zalea, baina behin jasota, errekonozimendu puntu horrek ilusioa egin dit. PuntuEUS oso gertuko da niretzat, eta EHUko Informatika sailetik aitortza egiteak ilusioa egin dit. Ez nuen espero, eta oso pozik nago. Uste dut sariak beste erreferente mota bat eskaintzen duela. Nik beti esan izan dut pixka bat desberdina naizela edo nire ibilbidea desberdina izan dela, orduan, polita da ahotsa ematea horrelako profil desberdin bati .
Ingurune digitalean emakumeen lana aitortzen du sariak. Emakumeek oraindik ez dute gizonen aitortza bera sektorean?
Nik uste dut gauza orokor bat dela, baina egia da esparru hau oso gizonezkoena dela. Zerikusi handia du erreferente berriak sortzearekin. Badauzkagu erreferente batzuk, baina harrapaezinak dira, oso urrun daude. Euskaldunak, emakumeak, gazteak… halakoak behar ditugu, berriak eta oso gertukoak. Inspirazioa sortu behar dugu kontsumitzaile izatetik sortzaile izatera igarotzeko, sortzaileak ere gertu daudela erakutsiz.
Nabaritu al duzu zure ibilbidean zehar emakumeen presentzia handitu dela lan esparru teknologikoan?
Zientzia eta teknologiaren barruan arlo asko daude, baina egia da sesgo horiekin jarraitzen dugula. Esango nuke gaur egun handiagoak direla nire gurasoen garaian baino. Ez dakizkit datuak zehazki, baina informatikan emakumeen ehunekoa oso txikia da, nire amaren garaian baino ehuneko baxuagoa da orain. Hein batean, ez ditugu aurrerapauso asko eman.
Zure kasuan gaztetatik ibili zara inguru digitalean. Fisika ikasten hasi zinen, baina telekomunikazio gradua egin zenuen.
Bai, hori da. Eta aurreko galderarekin lotuta, telekomunikazio ingeniaritza egin ostean, DeustoTechen hasi nintzen lanean, eta InspiraSTEAM izeneko proiektu bat sortu genuen. Zergatik ez daude egun emakumeak teknologietan? Ikerketa pila bat daude, eta esango nuke jada hamaika urterekin sortzen dela teknologiarekiko beldur bat. Hamaika urte oso gazte da. Datu hau nik ez nuen espero, eta galdetzen nuen ea nondik datorren haustura hau edo zer motxila izan dezakegun adin horrekin beldur hori edukitzeko. InspiraSTEAM proiektua sortu genuen, eta hortik etorri zait gaiaren inguruko ikuspegi handiago bat edukitzea.
Dibulgazio lan asko egin duzu. Zer puntutaraino da garrantzitsua da lan hau sektorearen egoera aldatzeko?
Niretzat dibulgazioa oso garrantzitsua da, baina oso gertuko dibulgazio bat. Marie Curie erreferentea izatea ondo dago, baina Marie Curiek bizitza eman zuen. Nik agian ez dut bizitza eman nahi, eta horrek ez du esan nahi ez naizela balekoa. Niretzat oso garrantzitsua da gauza praktikoetatik hastea, eta, adibidez, InspiraSTEAM programan enpresetan dauden emakumeak ematen dute formakuntza. Ez da irakasle bat joaten, izan ere, beti arlo akademikotik lantzen dela ematen du. Kasu honetan, langile bat dator. Kasu praktikoekin erakusten die nola lan egin daitekeen teknologian. Nik uste dut alde horretatik jo behar dugula, hainbeste historia edo narratiba sortu gabe ikusi zer lanetan edukatu dezakezun, eta zenbat eralda daitekeen sormena edo diseinua, zein mundu polita izan daitekeen. Nik uste dut horrek efektu asko duela, lan batetik sortzea eta ez fantasia edo ipuin batetik.
"Marie Curie erreferentea izatea ondo dago, baina Marie Curiek bizitza eman zuen. Nik agian ez dut bizitza eman nahi, eta horrek ez du esan nahi ez naizela balekoa"
InspiraSTEAM proiektua zertan datza zehazki?
Neska gazteentzako programa bat da, ziklo desberdinetan ematen dena. Bost asteko formakuntza da non enpresa teknologikoetan lan egiten duen emakume bat joaten den eskoletara eta emakume horrek klaseak ematen dituen. Estereotipoak lantzen dituzte, baina helburua da emakume normal bat gertutik ezagutzea, eta ikustea nolakoa den makinak diseinatzen egotea edota web orrialdeetako zerbitzariak kudeatzea. Kasu praktikoekin lantzen da. Mugikorra edo WhattsApparen atzean zer dagoen edo email bat bidaltzen dugunean zer gertatzen den ikusten dute. Enpresatik datorren aholkulari eta neskatilen artean sortzen den harremana oso polita izaten da.
Aipatu duzu DeustoTech, gradua amaitu eta gero sartu zinen bertan. Zer ikasi zenuen?
Proiektua aspaldi utzi nuen nik, baina bizirik jarraitzen du. Deustuko Unibertsitatearen ikerketa departamentua da, eta Learning deitzen den saila dute bertan. Hor ikertzen dira hezkuntzarekin zerikusia daukaten gauza guztiak eta InspiraSTEAM hor sortu zen. Orain, Tazebaez izeneko hezkuntza kontsultorian nabil lanean orain. Zorte handia dut ze egunero egon naiteke teknologiarekin katxarreatzen edo jolasten. Eguneratuta egotea exijitzen didan lan bat daukat, sormena eskatzen duena.
Hezkuntza arloko berrikuntza eta digitalizazio prozesuetan diharduzu Tazebaezen. nola da zure eguneroko lana?
Kontsultora bat gara. Hezkuntza programak sortzen eta programa horiekin laguntzen dugu, bidelagun izaten gara hezkuntza programa batzuetan. Denok gara hezkuntza esperientzia ezberdinak izan ditugunak. Gure lana dator beste balio batzuk aportatzearekin, ekintzailetasuna nola landu daitekeen, benetako gauzetatik, praktikatik, nola ikasi dezakezun. Hori da guk eskaintzen duguna. Pertsona bezala nola hazi gaitezkeen eta hezkuntzak zer aukera eman ahal dizkizun garapen guzti horretarako. Hezkuntza aholkularitza bat da.
Hezkuntza zentroetan erabiliko diren programa digitalak garatzen dituzue?
Lan asko egiten dugu unibertsitateentzat, baina baita enpresentzat ere, eta programak izan daitezke fisikoak edo digitalak. Ni arlo digitalean nago, eta plataforma horien esperientzia nolakoa izan behar den lantzen dut, plataforma horren diseinua, datuak eta hori guztia.
"Nazioarteko esperientzia bat izan nahi nuen, eta Berlinen nire bi pasioek bat egiten dute: teknologiak eta musikak"
Tazebaezek hiru egoitza ditu: Bilbon, Berlinen eta Seulen. Zu Berlinen bizi zara egun.
Nik pare bat urte daramatzat Berlinen. Beti bizi izan naiz Bilbon, eta ziurrenik datorren urtean bueltatuko naiz. Nazioarteko esperientzia bat izan nahi nuen, eta Berlinen nire bi pasioek bat egiten dute. Alde batetik, teknologia munduko start-up pila bat daude, eta adimen artifiziala beste abiadura batean mugitzen da, eta bestetik, musika asko dago hemen, kultura asko baloratzen den hiri bat da.
Kulturagatik joan zinen gehiago edo lanagatik?
Lanagatik. Bestea ondorio polit bat izan da.
White Mirror / Tech for Good teknologia esponentzialak ongizaterako programaren sorreran parte hartu duzu ere bai. Zertan datza teknologia hau?
Hezkuntzatik hain gertu egonda, beti eman izan ditut klaseak eta klase horien diseinuan teknologia nola eman behar zen hausnartu nuen. Hor hasten gara diseinatzen Tech for good deitzen dioguna. Inpaktu positiboa baterako teknologiak dira. Zergatik txertatuko duzu teknologia proiektu batean? Teknologia ez da neutroa, orduan, teknologia mota bat edo bestea aukeratzeak zer suposatzen du? Zer ondorio eduki ditzake? Teknologia programak edo moduluak eskaintzen ditu, baina beti inpaktu positibo bat sortzeko helburu horrekin. Datuen garrantzia aztertzen dugu, hauek kontrolatu, ikasi pribatutasuna zer den, nortasun digitala...
PuntuEUS edota Elhuyar erakundeekin ere lan egin duzu, hainbat forotan parte hartuz. Dibulgazioaren parte da hau?
Niretzat plaza horiek existitzea oso garrantzitsua da, eta PuntuEUS eta Elhuyar sektorean espezializatuak dira. PuntuEUSek euskaldunen mundu digitala kudeatzen du, Elhuyar gure betiko zientzia eta teknologien aldizkaria da. Nik aipamena egingo nioke Gaztea irratiari. Irrati mainstream bat dela esan dezakegu, eta teknologiari buruz hitz egiteko tarte bat utzi didate ez-espezializatua den kanal batean. Nik uste dut mota horretako dibulgazioak garrantzia handia duela, ez baitakizu nor egongo den entzuten.
Nolako kolaborazioa da Gazteakoa?
B aldea saioan kolaboratzen dut Julen Idigorasekin eta musikaren inguruko teknologiak komentatzen ditu. Adibidez, autotunea zer den, nola funtzionatzen duen, nork asmatu zuen eta zer berezitasun dauzkan aztertu dezakegu. Kontzeptu edo gai mainstream batetatik "turra" ematen diet teknologiaren inguruan. Musikaren bitartez saldu ahal ditut beste teknologia kontzeptu edo makina batzuk. Asko hitz egiten dugu algoritmoei buruz, Spotifyrenak esaterako, zer dagoen horren atzean. Euskal abeslarientzat letrak euskaraz edukitzea ona da edo ez? Horrelako gauzak. Ez da irakastea, kuriositatea piztu nahi da.
"Telekomunikaziora pasatzen naizenean, programazioa deskubritu nuen eta mundu digitala ireki zitzaidan. Musika digitalak beste zentzu bat hartu zuen edo beste balio bat eman nion, agian aurretik ikusten ez nuena"
Ba ote dago loturarik zure teknologo izaera eta musika elektronikoarekiko duzun zaletasunaren artean?
Egia esan oso kasualitatez izan zen. Klarinetearekin ibili nintzen kontserbatorioan, eta oso formakuntza klasikoa izan dut. Orduan fisika ikasten nuen, fisikatik egiten dut salto telekomunikazio ingeniaritzara, eta hor ezagutzen dut mundu digitala. Imajinatu, nik klarinetea jotzen nuenean, nire helburua zen klarineteak edo instrumentuak egitea. Telekomunikaziora pasatzen naizenean, programazioa deskubritu nuen, ordura arte fisikan ez nuen horri buruz ezer ere ikasi eta hura ezagutzean, mundu digitala ireki zitzaidan. Musika digitalak beste zentzu bat hartu zuen edo beste balio bat eman nion, agian aurretik ikusten ez nuena.
Etorkizunera begira, zer ibilbide egin nahi duzu
Nire ibilbidea orain bi bertikaletan zentratzen da. Alde batetik, hezkuntza. Asko gustatzen zait klaseak ematea, programa berriak diseinatzea, hor inpaktua ikusten baituzu zuzenean. Beste aldetik, oso sartuta nago adimen artifizialean, oso indartsu sartu baita. Ikasleek nola erabiltzen duten ikustea gustatzen zait. Hezkuntzan jazartu den gauza bat dela uste dut, eta horrekin jolastu beharko dugula. Horretarako asko ikasi behar dut eta horretan nabil. Adimen artifizialak hizkuntzan eduki ditzakeen aplikazioak, zer sesgo mota topa ditzakegun, nola al ditugun landu... Helburua da teknologia hau hezkuntzara eramatea.
Nola ikusten duzu adimen artifizialaren azken urteetako zabalkundea eta horren inguruan sortu den polemika?
Aukera polit baten aurrean gaude. Inoiz ez dugu horrelako potentzialik izan gure aurrean. Baina betikoa da, zeini emango diozu laban bat? Arrisku oso potentea izan daiteke, aukera bat izan beharrean. Lehen klaseetan irakaslea ikasle askoren artean elkarbanatu beharra zegoen, unibertsitatearen are gehiago. Online klaseekin salto bat eman genuen. Online klaseak hobeak dira? Ez, desberdinak dira, baina aukera batzuk ematen dizkigute. Ekonomikoagoa izan daiteke, ordu guztietara egokitzen dira, beste herrialde batzuetako karrerak egin ditzakezu, ikasketa laburragoak izan daitezke…
Adimen artifizialarekin ere aukera berri asko irekitzen dira, eta ondo erabiltzen badugu inpaktu positibo itzela eduki dezakegu mila gauzetan, baina betiere kontzientzia bat edukita. Bestela, sekulako desastreak egingo ditugu, gaur egun jada egiten ari garenak. Internet eta smartphoneak aspalditik erabiltzen ditugu, eta gaur da eguna jendeak deskargatzen dituena aplikazioak baldintzak irakurri gabe. Erabilerarekin kontua eduki behar dugu, eta uste dut pedagogia asko egin beharko dugula. Izan ere, ez dakigu zeini ari garen datuak ematen.