TRASAko taldea. Eskuinean, Irantzu Goenaga | Argazkia: utzitakoa

BERRIKUNTZA

Nafarroako txahalen elikadura aberastuz

TRASA fabrikatzaileak Beef+ proiektua jarri du martxan landare-azpiproduktuen bidez abereei elikadura berria eskaintzeko

TRASA —Tratamiento Subproductos Agroalimentarios, S.L.— Nafarroako Erriberako Milagro herrian kokaturiko enpresa da. 2020 urtean Beef+ proiektua hasi zuen txahalen elikadura landare-subproduktuen erabileraren bidez hobetzeko asmoarekin.

Irantzu Goenaga enpresa honen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzazko arduraduna da. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan ikasi ondoren, Iruñako nekazal-ingeniari honek 13 urte daramatza TRASAn.

Beef+ ekimena bere doktoretza tesi industrialaren zatia da. Jadanik lau urte daramatza, eta printzipioz hurrengo urte amaieran bukatuko da. Proiektua Nafarroako Gobernuaren I+G proiektuen deialdiari eta doktorautza industrialen deiari aurkeztu zuen. Biek ekimenari laguntza ekonomikoa eman zioten. Proiektuan Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (IS-FOOD ikerketa institutuaren bitartez), Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) eta Neiker erakundearekin ari dira elkarlanean.

Animalien ongizatea eta jasangarritasuna oinarri

Proiektua hiru oinarrietan sostengatzen da: jasangarritasuna, animalien ongizatea eta haragiaren kalitatea. Horien arabera “ekimenaren lehen pausoa da Milagroko nahasketa-instalazio batean landare-azpiproduktuak balioztatzea”. Horiek Ebroko haranean kantitate handietan ekoizten diren baratz-produktuen arrastoekin egiten dira, hala nola brokoliarekin, azalorearekin, espinakarekin, azenarioarekin, patatarekin, eta abarrekin.

Landare-azpiproduktuetarako nahasketak lantzen | Argazkia: utzitakoa

Horren helburuetako bat da abereen elikadura tradizionalarekiko alternatiba eskaintzea. Izan ere, elikadura tradizional horrek kontzentratuen eta inportatutako bestelako osagaien erabilera ditu oinarri neurri handi batean. Horien ordez gertutasun geografiko handiagoko produktuak erabili nahi dira.

Produktuaren lehen fase batean, Neikerrekin batera, “landare-azpiproduktuen in vitro analisia egin eta hartzidura eta lehengai horiek animalia hausnarkarientzat duen digerigarritasuna" aztertzen dira. Informazio tekniko horrekin, “gizengarrizko behien elikadurarako anoa diseinatzen da, gero txahalekin egindako ekoizpen entsegu batean balioztatzen dena”. Animaliak “behi piriniotar arrazakoak dira” eta horiek aztertzea posible izan da “nafar abeltzainen lankidetzari esker”. “Abeletxeen, abeltzainen eta sektoreko bestelako eragileen lankidetasun hori eskuratzeko bitartekariak Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta ASPINA erakundea izan ziren”, gehitu du Goenagak. Azken hori “ez da proiektuaren parte-hartzaile ofizialetako bat, baina hala ere haren gauzatzean laguntza eman du”.

Instalazioak | Argazkia: Trasa

Abereak hainbat taldetan bereizen dira. “Talde bati elikadura konbentzionala (pentsu kontzentratuan eta lastoan oinarrituta) ematen zaio; besteari, landare-azpiproduktuetan funtsatutako elikadura”, azaldu du Goenagak. Gizenketa aurrera doan bitartean, hainbat adierazgarrien (pisua, animalien ongizatea, metano isurpenak) neurriak egiten dira. Ondoren, hiltegian, kalitatearen karakterizazio neurriak egiten dira. Proiektuak ere bizitza zikloaren hausnarketa egin, eta karbono eta ur-aztarna aztertzen ditu.

Haragiaren kalitateari dagokionez, karakterizazio fisiko-kimiko eta sentsorialean lan egin da, azken hori entrenatutako panel baten eta bi kontsumitzaile panelen bidez, haragiaren onargarritasuna aztertzeko. Orain arte horietako bat Gasteizen antolatu da eta bestea Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Proiektua bukatu eta gero, ondorioak frogatzen

Beef+ proiektuaren gauzatzea amaitu da. Orain “emaitzak ikertzeko garaia iritsi da”. Momentuz, Goenagak ziurtatu du proiektuaren emaitzak “oso interesgarriak” direla eta “animalien elikadurarako landare-azpiproduktuek duten potentziala” erakusten dutela. Egindako zenbait argitalpenetan aurkezten den bezala, “digerigarritasun altuko” elikagaiak lortu dira, edozein abere hausnarkariri (behiak, ardiak, ahuntzak) zuzendu daitezkeenak.

Landare-azpiproduktu horiei esker, gainera, animalia bakoitzeko aztarna hidrikoa murriztu ahal izan da. Horrek ekoizpen sistemarako ur gutxiago behar dela esan nahi du. Abeltzainek ere “beste onura batzuk sumatu dituzte elikadura hori erabiliz”.

Badaude lantzen jarraitzen duten beste emaitza batzuk, tartean “haragiaren kalitatea eta karbono-aztarna”.