Natalia Beltran | Argazkia: Goierri Valley (utzitakoa)

Berrikuntza

Natalia Beltran: “4.0 teknologiak pertsonalizazioa maximora eraman du”

Goierriko HUB 4.0 egitasmoak formakuntza du erronka nagusi industria 4.0aren berrikuntzak ezartzeko unean. Modernizazio honetan kualifikatutako profesionalen beharra dago enpresetan

Industria teknologia berrien gaurkotasun zehatzena jarraitzeko helburuarekin sortu da HUB 4.0 egitasmoa, Goierri Valleyen eskutik. Eskualdeko enpresa sarea berrikuntzekin egoki hornitzeko helburua du, batez ere enpresa txiki eta ertainei (ETE) begira. Eraldaketa digitalean aurrera egiteko beharrizana dute honakoek egun, eta 4.0 teknologiak dakarren erramintak taxuz erabiltzeko artikulatzaile gisa definitzen da proiektua. Haren arduraduna da Natalia Beltrán, berrikuntza teknologikoan aditua. Argi du Goierri eskualdean dauden enpresen erronkak zeintzuk diren, eta horiei erantzuteko 4.0 industria du hizpide.

Zer nolako erronkak dituzte ETEek egun industria trantsizio honetan?

Askotan hitz egiten da 4.0aren inguruan, baina jomugak zeintzuk diren ahaztu ohi dute. Zertarako gabiltza teknologia horretan lanean? Zertarako horri erantzuteko egungo eszenatokira begiratu behar diogu, non aldaketak ditugun egun batetik bestera. Hornidura kateko arazoak, pandemia... globalizazio oso potente batean sartuta gaude, eta leku jakin batean gertatzen dena denoi eragin ahal digu. Hori dela eta modu azkarrean eta malguan erantzuteko aukera izan behar duzu, betiere jasangarria izanik. Hori guztia lortzeko dugu 4.0 teknologia, helburu jakin horiek lortzeko palanka bat da, bestela ezin izango genituzke lortu.

"Askotan hitz egiten da 4.0aren inguruan, baina jomugak zeintzuk diren ahaztu ohi dute. Zertarako gabiltza teknologia horretan lanean?"

Adimen artifiziala (AA) da 4.0ak duen berrikuntza handiena. Zelan aplikatu daiteke?

Erreminta bat da, besterik gabe. 4.0 industriaren beste teknologia mota bat, inprimatzea, robotika edota zibersegurtasuna bezala. Egia da asko hitz egiten dela haren inguruan, batez ere lan artistikoetan garapen izugarria izaten ari delako, baina hura inplementatzea konplexua da. ETEei begira, inplementazio horretan oraindik oso goiz daude, lan handia dago egiteko eta asko dago arautzeko. Baina abantaila anitz eskaintzen ditu, ez soilik efizientzia eta produktibitate arloan, baita zerbitzu hobeago batean ere. Zerbitzu hobeago batek pertsonen antolakuntzan eta segurtasunean eragin dezake, baina erronka handi bat dugu zentzu horretan: digitalizazioa. 4.0 teknologia guztiek datuen analisia behar dute, eta ETEak oraindik digitalizazio prozesuan sartuta daude. Gaur egun oraindik ez daude horrelako 4.0 garapenean sartuta, eta aztertzen gabiltza zer nolako digitalizazioa egin behar dugun prozesuak hobetzen laguntzeko.

Zer da, zehazki, HUB 4.0 proiektua?

Orain dela urtebete sortu genuen espazioa da, Goierri Valleytik abiatuta, eskualdeko enpresa industrialen elkartea dena. Industria 4.0ra eraldatzeko prozesuan ibilbide estrategiko jakin batzuk finkatzea du helburu egitasmoak, ETEei begira. Espazio fisiko bat nahi du izan eta, zentzu honetan, 3D inprimatze laborategi bat dugu, eskaneatua zein alderantzizko ingeniaritza bezalako zerbitzuak eskaintzeko gure enpresa bazkideei. Gainera, mapeatu prozesu batean gaude buru-belarri zonaldeko enpresen beharrizanak identifikatzeko helburuarekin. Enpresen eta teknologia berrien arteko artikulatzaileak izan nahi dugu, eta prozesu horretan gaude orain. Irekita gaude 4.0 edozelako teknologia berriak aztertzera.

"Ezjakintasun eta beldur handia dago, uste delako AAk eta robotikak gure lana kenduko digula, baina kontuan izan behar dugu lan jakin batzuk optimizatzeko aukera ere eman dutela"

ETEek prozesu horretan konfiantza dute? Aurrera egin nahi dute?

Aldaketa guztietan ematen den moduan, antolakuntza auzi bat dago. Hainbat faktore daude, hala nola teknologien ezarpena lortzeko estrategiak edota kultura, eragin zuzena izaten duelako ezarpen horretan. Ezjakintasun eta beldur handia dago, uste delako AAk eta robotikak gure lana kenduko digula, baina kontuan izan behar dugu lan jakin batzuk optimizatzeko aukera ere eman dutela. Batez ere lan errepikakor horiek hobetzeko gaitasuna ematen digute. ETE-n kasuan, nahiz eta ezagutza falta handia eta ezarpenerako zailtasunak izan, interesa dute 4.0 teknologian. Gure enpresa bazkideei egin dizkiegun inkestetan, teknologia guztiak kontuan hartuta, 4.0 interes handiena piztu diena izan da, 3D inprimaketa eta zibersegurtasuna ere kontuan hartuta.

4.0 teknologiak diseinu lanetan eta produkzioan abantailak dakartza. Zeintzuk dira abantaila horiek?

Azkenaldian ikusten ari garen joera pertsonalizazioan zentratzen da. Enpresek gero eta sorta txikiagoekin egin behar izaten dute lan, eta arlo horretan 3D inprimaketa moduko teknologiek behar horiei erantzun diezaieke. Adibide bezala, Goierriko enpresa-sare prozesuan asko zentratzen gara, amaierako produktuaz haratago. Gure HUB laborategitik aztertu dugu enpresek erabiltzen dituzten tresneria eratzeko material ugari behar direla. 3D inprimaketarekin ergonomia hobetu eta muntatzea pertsonalizatzen dugu. Hau da, erabilgarritasunean zentratuta ekoizteko aukera ematen digu, eta horrela ez gaude erabilgarri ditugun materialen menpe soilik.

"Gakoa enpresek arrakasta kasu propioak izatean datza, ostera prozesua errepikatzen jakiteko"

Orduan, zuzenean helburuan zentratzeko aukera ematen dizue, prozesua erraztuz.

Fabrikazio mugak anitzak dira, baina 4.0 teknologiak zailtasun horiek murriztu egiten ditu. Diseinu askatasun oso handia eskaintzen du, eta pertsonalizazioa maximora eramateko aukera sortu horrela. Amaierako produktutik harago doa gainera, enpresen barne erabilerako edozein pieza jorratzeko aukera ematen duelako. Gakoa enpresek arrakasta kasu propioak izatean datza, ostera prozesua errepikatzen jakiteko. Zailena izan ohi da lortu dezakezun balio horretaz jabetzea. Enpresen kasuan, lehen eskuz ikusi behar dute konturatzeko.

Balio erantsi hori lortzeko baina, formakuntza egokia behar da. Zelan bultzatu daiteke 4.0 formakuntza?

Gaurkotasunean dugun erronka nagusienetakoa da. 4.0 teknologia guztiak daude langile kualifikatuen beharrean, nahiz eta hezkuntza proiektu ugari existitu. Teknologia berri horien erabileran jakintza duten langileak eskasak dira, eta uste dut erronka honi Jaurlaritzak aurre egin nahi diola. Honako formakuntza sustatzen ari da, gu bezala. HUB 4.0 proiektutik ere arlo honetan ekarpena egin nahi dugu, eta Goierri Eskola zentroarekin zein Mondragon Unibertsitatearekin lan egiten dugu horretarako. Ekosistema honen barruan egonda, lehen eskuz ezagutzen ditugu enpresen beharrizanak, eta artikulatzaileak izan nahi dugu formazioaren eta berrikuntzen artean.