Pasaiako portua | Argazkia: iStock

BERRIKUNTZA

Oarsoaldea Urdina lehiaketara hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 30ean amaituko da

Guztira 100.000 euro banatuko dira sarietan eta proposamen irabazleak uztailaren 19a baino lehen argitaratuko dira

Azti zentro teknologikoak bultzatzen duen Oarsoaldea Urdina lehiaketara hautagaitzak aurkezteko epea datorren astean amaituko da, hilaren 30ean. Lehiaketaren helburua da itsas eta portuko deskarbonizazioa, eraginkortasun energetikoa eta ontzien elektrifikazioan proiektu berritzaileak aurkitzea. Halaber, garapen etapa ezberdinetan dauden ideiak aurkeztu daitezke, hainbat esparrutan: itsas eta portu-sektorearen deskarbonizazioan, itsasoari lotutako energia berriztagarrietan, ontzien elektrifikazioa eta autonomian, akuikulturan, itsas behaketan, klima-aldaketaren ondorioetara egokitzean, itsas jatorriko produktu edo osagai berrietan, edo eskualdearentzat garapen aukera bat den itsasoarekin lotutako edozein eremutan.

Oarsoaldea agentziaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren lankidetza duen egitasmoak 100.000 euro banatuko ditu hiru proposamen-kategoriatan: oinarrizko ideiak 12.500 euro jasoko ditu, merkaturatu-aurreko fasean dauden proiektuak 25.000 euro eta fase komertzialean dagoen proposamen irabazleak 50.000 euro.

2024ko edizioko irabazleak Aztiren webgunean argitaratuko dira uztailaren 19a baino lehen.