Programazioaren Urdulizeko galaxia
42 Urduliz kanpusa 282 ikasle aktibok osatzen dute egun. Doakoa izanagatik ere, programara sarbidea lortzea eta hura garatzea ez da erraza. Informatika gaitasunez harago, parekideen arteko formakuntza eta ikasketa sustatzen du
42. Zenbaki horrek agian ezer gutxi esango dio The Hitchhiker's Guide to the Galaxy liburua irakurri edo telesaila ikusi ez duenari. "Bizitzaren, unibertsoaren eta beste guztiaren zentzuaren erantzuna da... 42", dio Deep Though izeneko superordenagailuak. Bestela esanda, 101010 zenbaki binarioan. Douglas Adamsen nobelako zenbaki gako horretatik hartzen du izena programazio kanpus berritzaileenetarikoak: 42. Parisen sortua duela hamar urte, egun 48 kanpus ditu 28 herrialdeetan.
Horietako bat Urdulizen dago, Telefonica Fundazioak —Espainian formatu horren patentea duenak— eta Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritakoa. 2021ean ireki zituen ateak, eta bertako ikasle dira Maialen Murgia Olaia eta Hector Martinez Nuñez. Lehenengoak kudeaketa informatikoa ikasi zuen duela hogei urte. "Betidanik gustatu izan zaizkit ordenagailuak. Eta autodidakta naiz", kontatu du. Duela hiru urte Antigrafik Studio izeneko enpresa sortu zuen, Emakume Ekin elkartearen eskutik, diseinu grafiko, inprimatze eta web diseinu esparrukoa. Hain zuzen, elkarteko Izaskun Ramaren bitartez izan zuen 42ren berri, "kanpus bat doan programazioa ikasteko".
Martinezek, bestalde, informatikari loturiko erdi mailako ziklo batekin uztartzen du 42 Urduliz, argi baitzuen informatika eta programazioa zela bere esparrua. "Erdi mailako zikloan denbora libre asko nuen, eta denbora horrekin zerbait egin nahi nuen. Gurasoek 42 zer zen erakutsi zidaten, eta azkenean Open day batean izena eman nuen". Kanpusak zertan datzan erakusten duen egun ireki bat izan zen, beraz, bere lehen kontaktua. Oraindik, ordea, ezin zuen programan sartu: 17 urte zituen, eta 18 urtetik gorakoentzat da. "Uda horretan, zibersegurtasun bootcampa ireki zuten, eta berehala eman nuen izena. Beste mundu bat bezalakoa zen dena, eta hala ezagutu nituen pertsona agurgarri asko, adibidez, Maialen".
Enborraren eraztunak
Ibilbide zeharo desberdinetatik iritsita ere, 42 Urdulizen sartzeko prozesua bera izan da Murgiaren eta Martinezen kasuan. 18 urtetik gorako edonork, duen profila duela, izan dezakeelako aukera horren parte izateko. Amaya Molis Gutierrez komunikazio arduradunak azaldu du prozesua. Lehenik eta behin, igerilekutik pasa behar izan dute, alegia, hautaketa prozesutik. 26 eguneko iraupena du, larunbat eta igandeak barne, 24 orduz, eta aurrez aurrekoa da. Proba horrek, nolabait, behin 42 Urdulizen sartuta topatuko duten formatu bera du: banakako eta taldekako lanak, eta azterketak. Norberak kudeatzen du bere denbora, eta helburu du ikustea ea ikasle potentzialak formakuntza prozesu honetara egokitu daitezkeen ala ez. Aurten beste bi igerileku deialdi izango dira: uztailaren 10ean eta urriaren 9an.
Hector Martinez: "Ez du axola zenbat urte ditugun, zein proiektutan gauden, edo zein lagun talde ditugun azkenean gure artean hitz egin dezakegulako"
Prozesua gainditzea lortzen duena sartzen da 42 Urdulizen. Bertan "enbor moduko" formakuntza topatzen dute. Eraztun bakoitza proiektu bat da. "Erdian hasten zara, eta proiektuak egin eta pasatu ahala hurrengo eraztuna irekitzen da, eta formakuntzan hazten zoaz". Guztira 21 maila ditu, gaztelaniaz denak, ingelesez eta frantsesez proiektuak lortu badaitezke ere. Lehenengo bederatziak amankomunak dira, eta horien ondoren dator espezializazioa: web diseinua, bideojokoak, adimen artifiziala, zibersegurtasuna... Programazio kuantikoan lehenengoetariko formakuntza ere badute, Donostian jarri den ordenagailu kuantikoaren harira. "Egia da espezializazio guztiak egiteko aukera dutela, ez dutela zertan soilik bat egin". Momentuz, baina, hain berria izanik, ez dago espezializazio horretara iritsi den inor; aurten iritsiko dira lehenengoak.
Murgiak, esaterako, proba barne urte eta erdi darama Urdulizen. Berak markatzen du bere erritmoa: "Oso ondo sentiarazten naute, eroso. Egia da orain lan askorekin nabilela, eta ez naizela hainbeste etorri. Baina oso pozik nago egin ditudan lagunekin eta ikasten dudanarekin. Staffa ere primerakoa da, instalazioak primeran daude eta bistak zeresanik ez". Izan ere, Urdulizeko dorrean kokatuta dago, azkenetariko hiru solairuetan. Martinezen kasuan, urrian hasi zuen ibilbidea. "Hemen oso pozik nago. Azkenean nire lagun taldean ez dago informatikorik, eta etortzen naizenean denekin hitz egin dezaket horri buruz. Eta harreman estua dugu. Ez du axola zenbat urte ditugun, zein proiektutan gauden, edo zein lagun talde ditugun azkenean gure artean hitz egin dezakegulako". "Kalean ez litzateke hau bera pasako agian, baina formatuak berak ahalbidetzen du adin eta herrialde guztietatik batera joatea nolabait", gehitu du Murgiak.
Irakaslerik ez
Esperientzia horretarako ezinbestekoa da, besteak beste, parekoen arteko ikasketa metodologia. Horregatik da guztiz aurrez aurre egin beharrekoa. "Maila berean dauden pertsonen artean ezagutza partekatzea da helburua. Iristen direnean euren txartela eman, ordenagailuak non dauden erakutsi eta bidea eurak hasi behar dute", dio Molisek.
42 Urdulizek ez baitu irakaslerik. "Horrek egiten du lasaiagoa izatea, eta independentzia nabari da. Adibidez, ez dugu selektibitaterako presioa, ez ditugu hainbeste azterketa, lanak entregatzeko urduritasuna, liburuak irakurtzeko derrigortasunak; nahi dugunean etorri gaitezke lan egitera", plazaratu du Martinezek. Autodiziplina zaila da? "Batzuetan bai, baina informatika gustuko duzunean, etorri nahi duzu, baita jendearekin hitz egiteko ere. Ni etorri izan naiz ziklorako zer edo zer errepasatzera, ordenagailuak ditugulako", gehitu du.
"Gehienetan erraza dela esango nuke, baina batzuetan faltan bota dut norbait, figuraren bat, oinarrizko nozioak emateko. Azkenean lortzen duzu, eta informazioa barneratzen duzu, baina epe luzeagoan. Pertsona bat erreferentzia izango balitz motzagoa izango litzateke", azpimarratu du Murgiak. Martinezen ustez, baina, praktika horrek ahalbidetzen du gaien barneraketa errazagoa izatea.
Baditu hobetzeko zenbait alderdi, dena den. "Agian ezagunagoa egitea. Duela gutxi hasi nintzen hemen, baina jende gehiago ezagutu nahiko nuke. Eta probatzea gomendatzen dut", esan du Martinezek. 282 ikasle aktibo ditu egun, martxan jarri zenetik 6.500 eskaera jaso eta igerilekutik 700 pertsona igaro badira ere. Batez besteko adina 29 urtekoa da, eta ikasleen %20 dira emakumezkoak, informatikako graduek (%13) edo goi-mailako heziketa-zikloek (%10) dituztenak baino gehiago, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren arabera. "Jende asko dago formatzen den bitartean lan egiten duena. Ez da urteroko formakuntza bat; zure erritmora zoaz, eta gerta daiteke beranduago sartzen den ikasle batek beste bat aurreratzea denbora gehiago sar dezakeelako", gaineratu du Molisek.
Maialen Murgia: "Gehienetan erraza dela esango nuke, baina batzuetan faltan bota dut norbait, figuraren bat, oinarrizko nozioak emateko. Azkenean lortzen duzu, eta informazioa barneratzen duzu, baina epe luzeagoan"
Espazioari dagokionez, hiru bat solairutan banatzen da. Lehenengo bietan ordenagailuak daude, lanketa egin ahal izateko, eta oheak eta aldagelak ere badituzte baten batek bertan lo egiteko beharra badu. Goiko solairuan dago jangela eta ekitaldiak edo bestelako proiektuak antolatzeko espazioa.
Eta etorkizuna nora?
Bai Martinezek, bai Murgiak, argi dute nondik jo nahi duten. "Nire kasuan izena eman dut goi mailako ziklo baten. Hor bi urte izango naiz, eta gero agian izena ematen dut zibersegurtasun espezializazio baten. Hemen ere zibersegurtasuna irakasten denez, maila horretara iristen naizenean oso pozik izango naiz", adierazi du lehenengoak.
"Nire helburua da arlo profesisonalean hobetzea, zerbitzu konpletoagoak eskaintzea", azaldu du bigarrenak. Horrekin batera, 42 Urdulizeko beste bi kiderekin ExperienciaTEK izeneko elkartea sortu du. "Teknologia gizarteari hurbiltzea bilatzen dugu, sarbidea hain errez ez duten pertsonei, hain zuzen. Haurrak, adin nagusiko pertsonak, emakumeekin ere lan asko egin dugu. Proiektu oso polita da, nire hirugarren alaba", kontatu du.
Amaya Molis: "Denak kontatzen du. Ez soilik zer dakiten eta zer ikasten duten programazioaz; iniziatiba izatea, partekatzea edo lankideei laguntzeak ere kontatzen dute, baita beste gauza askok ere"
Izan ere, 42 Urdulizen helburua ez da soilik programazioa bera. "Denak kontatzen du. Ez soilik zer dakiten eta zer ikasten duten programazioaz; iniziatiba izatea, partekatzea edo lankideei laguntzeak ere kontatzen dute, baita beste gauza askok ere". Agian horregatik, enpresek hara jotzen dute talentu bila, oraindik programan murgilduta daudelarik.