Robota, (automatizazioa, segurtasuna) eta ni
Langileen lana erraztu eta segurtasuna bermatu dezaketen robotikako eta automatizazioko soluzioak topatu daitezke atzo hasi eta ostiralean bukatuko den Makina-Erremintaren Biurtekoan
Isaac Asimov zientzia fikzioko eta dibulgazio zientifikoko egileak robotikaren hiru legeak (ondoren lau bilakatuko zirenak) idatzi zituen: lehena, robot batek ezin diezaioke gizaki bati kalterik egin, ezta gizakiak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere; bigarrena, robot bat gizakien aginduei men egitera derrigortua dago, betiere lehenbiziko legea urratzen ez badute; hirugarrena, robot batek bere burua babestu beharra du, betiere honek lehen eta bigarren legeak urratzen ez baditu; eta zerogarrena, robot batek ezin diezaioke gizateriari kalterik egin, edota gizateriak kalterik jasan dezan utzi edo onartu ere.
Makina-Erremintaren Biurtekora joango balitz, agian beste bi lege gehituko lituzke Asimovek bere zerrendara: robotek gizakien bizitza erraztu dezakete; eta robotek eta gizakiek elkarrekin lan egin dezakete. Horren zenbait adibide daude ikusgai ostiralera bitarte BECeko laugarren eta seigarren pabilioian, tartean Robot Demo delako gunea. Izan ere, robotizazioa eta automatizazioan azpimarra berezia jarri dute aurten antolatzaileek.
Enpresa horietako bat da Inali, 18 langileko Mungiako (Bizkaian) enpresa. Urteak zeramatzaten Biurtekora etorri gabe, baina aurten itzuli egin dira "promozioa" egiteko asmoz. Modu berezia bilatu dute horretarako: "hiru robot kolaboratibo ekarri ditugu, Fanuc, Kuka y Abb marketakoak. Eta Athleticek Kopa irabazi berri duenez, eta Binalin athletic-zale asko dagoenez, erreplika bat diseinatu dugu robot batekin mugitu ahal izateko, beste robot baten Athleticeko pinen kortxo bat jarri dugu, eta abar", azaldu du Aitor Bardasco Inaliko Robotikako arduradunak.
Elkarlanerako robotek ahalbidetu egiten dute langileek robotekin lan egitea. Hain zuzen, horregatik hartzen dute izen hori. Inalik, baina, ez du produktu propiorik
Elkarlanerako robotek ahalbidetu egiten dute langileek robotekin lan egitea. Hain zuzen, horregatik hartzen dute izen hori. Inalik, baina, ez du produktu propiorik. "Integratzaileak gara. Alegia, bezeroak behar bat du, pieza bat maneiatzeko, injektore batetik ateratzeko edo manipulatzekoa mekanizatu makinen bitartez, adibidez. Guk, hiru marka hauetako robot baten bitartez, prozesu jakin horretarako atzaparra diseinatu eta ekoizten dugu, eta instalazioa egiten diogu bezeroari, beharrezko hesiekin eta lanabesekin", adierazi du Inalikoak.
Euren bezero gehienak automobilgintza sektorekoak dira, "baina egurraren sektorean ere pausoak ematen ari gara, baita bestelako tresnen fabrikazioan aritzen diren fabrikatzaileekin —torlojuak, esaterako—". Bezeroaren jatorriari dagokionez, zera nabarmendu du Bardascok: "asko bidaiatzen dugu: duela gutxi Frantzian izan gara, baita Mexikon ere, eta laster AEBra joango gara".
Teleaginte gailuen pertsonalizazioa
Makinen eta pertsonen arteko harremanean lan egiten duen beste enpresetako bat da Iribarri. Gasteizen kokatua, 14 lagunek egiten dute lan bertan eta Danfoss Power Solutioneko zerbitzu tekniko ofiziala dira: irrati kontroleko aginte makinak egiten dituzte merkantzia arriskutsuetarako: garabiak, kamioiak... Raul Tabarés arduradun komertziala da Iribarrin. "Langileei kable bitartezko aginte batek denbora guztian kargaren alboan egotea derrigortzen die. Honekin, urruti jar zaitezke, segurtasun distantzia eta ikuspegi egoki batetik, 5, 10, 20 tonako kargak mugituko dituen makina distantzia horretatik kontrolatzeko. Nolabait esatearren da haur batek bere irrati bitartezko autoa gidatzen duenean bezalaxe, baina 50 tonako makina batekin".
Arduradun komertzialak nabarmendu duenez, "ergonomian, fidagarritasunean, erosotasunean eta produktibitatean" laguntzen duten sistemak dira. "Danfossek aginte estandarrak edo oinarrizkoak ekoizten ditu. Guk bezeroak eskatutako beharrak aztertzen ditugu, eta horien arabera oinarrizkoak pertsonalizatu egiten ditugu —ikonografia, testuak, karatulak informazioa—. Mantenua ere guk egiten dugu", esan du. Eurak zuzenean kudeatzen dituzte Asturias, Kantabria, Hego Euskal Herria, Aragoi, Badajoz eta Andaluziako eskaerak, eta kolaboratzaileen bitartez Madril, Gaztela eta Leon eta Galizia. "Negozioaren %80 dira teleaginte makinak, eta beste %20 hori osatzeko monitorizazio eta pantaila sistema digital zein analogikoak, makinak kontrolatzeko", gaineratu du.
Raul Tabarés: "Langilea izanik, kable bitartezko aginte batek denbora guztian kargaren alboan egotea derrigortzen zaitu. Honekin, urruti jar zaitezke [...] Nolabait esatearren da haur batek bere irrati bitartezko autoa gidatzen duenean bezalaxe, baina 50 tonako makina batekin"
Duela lauzpabost urte Danfoss alemaniarrak erosi zuen Ikusi enpresa gipuzkoarraren radiokontroleko dibisioa. "Gu lehen, betidanik Iribarri izanik ere, Ikusiren zerbitzu tekniko ofiziala ginen, eta hala pasa ginen Danfossena izatera". Edonola, oraindik ere teleaginte gailuak Euskal Herrian eginikoak direla kontatu du Tabarések. "Danfossek bere ezagutza, lantegi eta lan-taldea hemen mantendu ditu, Usurbilen lantegi berria sortu baitzuen. Orain guretzat ohorea da esatea Danfossen teleaginte makina guztiak, mundu guzti-guztirarako, Usurbilen egiten direla, ez baitago beste lantegirik".
Biurtekoa eurentzat ohiko hitzordua da. "Presentzia eta ikusgarritasuna bilatzen dugu. Azken batean, erakutsi nahi dugu Danfossek hemen ekoizten jarraitzen duela, orain ez dutelako Ikusi ikusten".
Langileak "kualifikatzeko" robotak
Tailer elektriko gisa hasi baziren ere, roboten programazioan sartzen joan zen Iruña Automation 55 urteko enpresa iruindarra, "automatizaziora iritsi arte. Egun enpresaren ardatz nagusia da", kontatu du Susana Ochoa departamentu komertzialeko salmentako ingeniariak.
100 langileko Orkoiengo lantegiarekin Europa hartzen dute, eta Turkia eta Indiako merkatuetara zabaltzen ari dira. Era berean, 40 pertsonako lantegia dute Mexikon, orain arte nagusiki AEBko merkaturako, baina hemendik urte batzuetara Latinoamerikako beste merkatu batzuetara zabaldu asmoz.
Inali bezala, soluzio robotizatuen integratzaileak dira, eta eurak ere elkarlaneko zenbait robot egiten badituzte ere, Biurtekora ekarritako bi makinak ez dira soluzio kolaboratiboetarako aplikatzen. "Robot industrialak dira, non aplikazioa hesiz inguratuta izan behar den, langilea robotek egiten duen prozesuetatik babestuta izan dadin. Soluzio globalago eta handiagoak ordezten dituzte robot hauek. Guri gustatzen zaigu esatea langilea kualifikatu egiten duela. Izan ere, bai ala bai beharko duzu zelda kargatzen eta deskargatzen ari den jendea, eta adi dagoena, edozein arazo balego", azaldu du Ochoak.
Zehazki, bi dira BECen instalaturiko makinak. Lehena, aluminioaren isurketa egiten duena. "Simulazio moduan, aluminioaren ordez, ura da isurtzen ari garena hemen. Baina simulatzen dugun prozesua da nola gerturatzen den robota labe batera, aluminioa hartzen duen eta molde baten isurtzen duen", esan du. Eurak sortutako robota da, fundizio handientzat. "Fundizio handiekin esperientzia dira zabala dugu".
Susana Ochoa: "Ezagutzen gaituztenez, bezeroak etortzen badira eta ikusten ez bazaituzte, galdetu dezakete: nolatan ez da Iruña etorri? Beraz, helburua da marka-irudia indartzea, eta ikusgarri egitea"
Bigarren makina IMG etxe austriarrarena da, eta 20 urte daramatza Iruña Automationek eurekin banatzaile lanetan. "Soldadura esparrua ere asko ukitzen dugunez, soldadurarako soluzio robotizatua ekarri dugu. "Soldadura berezia da, alegia, pieza handietakoa edo konplexua", zeinetan prozesuak orduak iraun ditzakeen. Esaterako, automobilgintza sektorekoa, trenetako ardatzak egitekoa, kamioietakoa…
Biurtekora lehen aldiz "2012an" etorri ziren. Helburua, euren kasuan ere, ez da soilik negozio egitea: presentzia kontua ere bada. "Ezagutzen gaituztenez, bezeroak etortzen badira eta ikusten ez bazaituzte, galdetu dezakete: nolatan ez da Iruña etorri? Beraz, helburua da marka-irudia indartzea, eta ikusgarri egitea", esan du Ochoak.
Industriarako exoeskeletoak
Izatez ingeniaritza bat izanik, "karga eta garraioko —piezen manipulazioa, kutxak, paletak— soluzioen ekoizlea" da Aurrelan enpresa, Aretxabaletan (Gipuzkoa) kokaturikoa. "Gure ibilbidean askotariko arazori irtenbidea topatzen saiatu gara langileen segurtasunean lagundu eta langileen lana erraztu dezakeen soluzio mekanizatua eskainiz", adierazi du Iban Galindez Aurrelaneko bazkideak.
Erabiltzeko prest dauden produktuak egiten dituzte %80an eta neurrira eginiko produktuak. Yaskawa enpresa japoniarraren zerbitzu ofiziala ere badira, eta ferula bat, kutxak mugitu eta deskargatzekoa eraman dute Biurtekora. Baina baita euren "konfort zona ziren sektoreetatik harago" zabaltzen lagundu dien beste produktu bat ere: lan osasunerako exoeskeletoak, Comau etxe frantzesekoak. Banatzaile ofizialak dira Espainia mailan.
"Exoeskeleto pasiboak dira; ez daramate bateriarik, ez motorrik, ez halakorik. Mekanizatutako malguki baten bitartezko sistema da. Horrek lagundu egiten die gorputzeko zenbait parteri egin behar duten lana egiten. Lan bat egiten duzunean aktibatu beharko litzaizkizukeen muskuluak aktibatu behar zaizkizu, baina ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Horretarako daude pentsatuta", esan du Galindezek.
Comau etxeak berak monitorizatu egin ditu zenbait lan edo egiteko, aktibazio muskularra aztertu asmoz. Proba horiek exoskeletoarekin eta gabe egiten ditu, eta horrekin ateratzen dute zenbatekoa. "Neurtuta dago, ez da sentsazioen araberakoa. Muskuluen aktibazioaren intentsitateak %25-%30en egiten du behera", plazaratu du Aurrelanekoak.
Bi motatako dituzte: gerrialdekoa, eta goiko gorputz-adarrekoa. Eta "erregulatzeko oso ekipo errazak direnez", bi neurrirekin 1,4 metro bitarteko langile batetik 2 metrora bitarteko langileen eremua hartu dezakete. "Oso arraroa da egokitzapenak egin behar izatea".
Materialari dagokionez, karbono-zuntzez eginikoak dira, "egitura arin eta indartsuak", eta ehunak aldatu egin daitezke, "oso modu azkarrean. Horrek ahalbidetzen du egitura bakarra baliagarria izatea lan edo egiteko batentzat, baina ez soilik langile batentzat; alegia lan bat egiten duten langile desberdinentzat egon daiteke eskuragarri, soilik ehunaren partea aldatuta, eta horrela enpresak ez ditu exoeskeleto pila bat behar". Garbitzeko ere baliagarria da. "Kalitate onekoak dira, kirolaren industrian topatu daitezkeen ehunen oso antzekoak dira". Era berean, "esparru zikinentzat" askotariko zorroak ere badituzte.
Iban Galindez: "Lan bat egiten duzunean aktibatu beharko litzaizkizukeen muskuluak aktibatu behar zaizkizu, baina ez bat gehiago, ez bat gutxiago. Horretarako daude pentsatuta [exoeskeletoak]"
Exoeskeletoen erabilera ere progresiboki txertatzen da enpresetan. Alegia, ez da bat-batean txertatzen zortzi orduko jardunaldi baten, gorputza eta langilea ohitzen joateko. "Gu esparru industrialean sentitzen gara eroso, baina prospekzioko lan handia ateratzen zaigu. Halako ekipoetan egin beharreko lan nagusia dibulgazioa da. Ezagutzea zer den, zein ekarpen egiten duten eta zein abantaila dituen", azaldu du Galindezek.
Langileek horren onurak ikusteko egin beharreko lana ere aipatzen du. "Kulturak ere asko egiten du. Beste zenbait herrialdetan badago kultura bat norbera zaintzekoa. Adibidez, Japonian. Hemen, gazteak garen bitartean, eta minik ez badugu, sentitu dezakegu ez dugula beharko. Beharko dugu gaizki gaudenean. Halakoak gara". Prezio-soldata harremanak ere eragiten duela dio: "Hemen ratioa ez da txarra. Europa Iparraldean, prezio berdinarekin soldata altuagoak izanik, enpresariarentzat langileak zaintzea garrantzitsuagoa izan daiteke. Latinoamerikan, esaterako, zailagoa suertatzen da halakoak saltzea".
Hala ere, exoeskeleto horiek ez dute Biurtekoa lehen aldiz bisitatu: "Aurreko edizioan ere exoeskeletoekin izan ginen. Eta harrera ona izan zuten. Produktu hau ikustea ez da ohikoa. Orduan, interes berezia sortzen du, trafiko handia eta harreman asko", bukatu du.