Subcontratación azoka | Argazkia: BEC

BERRIKUNTZA

Fabrikazio prozesuak landuko dira +Industryren Subcontratación azokan

+Industry izeneko azokaren baitan antolatutako azpi-azoketako bat da Subcontratación. Ekainaren 3tik 5era bitartean egingo da, Bilbao Exhibition Centren

+Industry azokaren baitan, hainbat azpi-azoka antolatuko dira Bilbao Exhibition Centren (BECen), ekainaren 3tik 5era bitartean. Horietako bat izango da Subcontratación izeneko azoka. Azpisail bakoitzak erantzuna emango dio industria arloko behar espezifiko batzuei, eta Subcontrataciónen kasuan, fabrikazio prozesuak eta industria ekipoak zein hornidurak landuko dira.

Zehazki, enpresa txiki eta ertainentzat erronka industrialak negozio-aukera bihurtuko dira. Alde batetik, erakusketa eremua egongo da, non fabrikazio prozesurako funtsezko teknologiatik puntako teknologiarainoko produktuak zein zerbitzuak erakutsiko diren. Bestalde, azokak hornikuntza industrialen sektorea ere jasoko du. Horrez gain, aukera izango dute bai erakusketariek bai erosleek B2B elkarrizketak egiteko.

Iazko edizioan 1.000 bilera inguru egin ziren, eta urtez urte, Europako B2B ekimen handiena bihurtzen ari dela adierazi dute BECekoek. Gehitu dute Subcontratación “fabrikazio aurreratuaren arloko nazioarteko erreferentea” dela. Aipatutako azpi-azoka horrez gain, beste bost sail ere egongo dira: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, eta  WORKinn. Azken horrek, erantzuna emango dio talentua bilatzeko erronkari enplegu-foroen industrian.