Argazkia: Tekniker

BERRIKUNTZA

Teknikerrek inoizko fakturazio handiena izan du 2023an, 32 milioi euro

Diru-sarreren erdia aeronautika, osasuna edo hidrogeno sektoreetako 200 enpresa baino gehiagorekin egindako kontratuetatik etorri da

2023. urtea luzaroan gogoratuko du Tekniker zentro teknologikoak. Inoizko fakturazio handiena erdietsi du, 31.942.975 milioi euro, eta %18 handitu du fakturazioa 2022aren aldean. Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidearen arabera, I+Gko lanari eta abangoardiako teknologia industria-ehunera zuzenean transferitzeari esker lortu dira emaitza horiek.

Diru-sarreren %49,2 aeronautika, osasuna edo hidrogenoa bezalako sektoreetako 200 enpresa baino gehiagorekin egindako kontratuetatik etorri da, ikerketaren eta balio handiko soluzioen garapenaren bidez. Zentroak material, prozesu, bitarteko eta sistema berriak integratuz heltzen dio erronka horri, lehiakortasunean, jasangarritasunean eta ekonomia zirkularrean oinarritutako eredua errazteko.

2021-2024 plan estrategikoaren baitan, 2023an Teknikerrek indartu egin du aeronautika bezalako esparruetan egindako apustua. Teknikerren esanetan, enpresa liderrekin lankidetzan aritzea "funtsezkoa" izan da hegazkinen elektrifikazioa bultzatzeko, material berriak garatzeko edo kalitate-kontrolak bertatik bertara egiteko. 

Emisioak murrizteko eraikinean panel fotovoltaikoak instalatu ditu kanpoko energiaren kontsumoa %7 murrizteko

Teknikerrek iaz osasun arloan ahalegin berezia egin zuen, diru sarreren %5a ospitaleetatik, start-upetatik eta gailu medikoak garatzen dituzten enpresetatik etorri da. 

Emisioak murrizteko neurriak ere hartu ditu, besteak beste, eraikinean panel fotovoltaikoak instalatu ditu kanpoko energiaren kontsumoa %7 murrizteko. Era berean, mugikortasun-plana eguneratu du langileen artean garraio-praktika jasangarriagoak sustatzeko.

Gainera, zentro teknologikoak 2 milioi euro inguru inbertitu ditu bere instalazioak eta ekipamendua hobetzeko. Nabarmentzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan duen elektronika inprimatuko espazio espezifiko berri baten aldeko apustua, baita tenperatura altuko korrosioaren aurkako estaldurak garatzeko laborategi bat ireki izana ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailaren laguntzarekin.

Talentuaren garapenean konprometituta

Espezializazioa eta bikaintasun zientifikoa bilatu nahian, Teknikerrek talentuarekin konprometituta dagoela erakusten duten datuak aurkeztu ditu. 2023an guztira 193 industria-proiekturen eta administrazioaren beste 53 proiekturen parte izan da zentro teknologikoa. Ikerketa-jarduera altu horrek bost patente berri sortu ditu, eta Europako start-up berri bat sortu du.

2023an, kontratupeko 279 pertsonek osatzen dute zentroa. Era berean, praktiketan 33 pertsona aritu dira, gradu eta master amaierako lanak egiten. Pertsonen %80k baino gehiagok unibertsitate-titulua du, eta %24k doktoretza.