Argazkia: Voonsports

BERRIKUNTZA

Teknologiaren erabilera kirolean

Pilotan edo futbolean berrikuntzak txertatzeko punta-puntako soluzioak garatzeko lanean ari dira zenbait euskal enpresa, tartean Kimet Sport eta VoonSports

Teknologia berriak arroparako, oinetakoetarako edo kirol-tresnetarako materialen diseinuan aplikatzen dira aspaldidanik. Orain, entrenatzaileen aliaturik onenak ere bihurtzen ari dira, kirolarien errendimenduaren jarraipena egiteko, lesioak saihestu, eta entrenamenduak hobeto programatzeko aukera ematen baitute.

Kirol teknologiaren bilakaera etengabean doa. Edo, agian, iraultza iraunkorrean dagoela esan beharko genuke. Berdin dio eliteko kirolaria edo osasunagatik egiten duen norbanakoa bada, gaur egun ia ezinezkoa da kirola teknologiarik gabe ulertzea. 2018an kirolaren eta teknologiaren arteko batuketak 9.800 milioi dolar inguru mugitu zituen, eta 2024an 31.000 milioi dolarrera iritsiko dela iragartzen dute ikerketek. Hala, 2022an kirol kudeaketa joera bihurtu dela esan dezakegu, industria horrek munduko herrialde guztien BPGaren zati handi bat eman, eta milioika lanpostu sortzen dituelako. Beste sektore eta industria batzuetan bezala, garbi dago teknologia kirolean luzerako etorri dela.

Errendimendu handiko kirolaren garapena geldiarazita egon da urte askoan, gastu teknikoarekin, lan kargaren kuantifikazioarekin edo entrenatzailearen portaeraren behaketarekin zerikusia duten datu pila bat bildu, gorde eta prozesatzeko orduan sortutako mugak direla eta. Honek zaildu egin du kirol entrenatzailearen eta kirol zientzialariaren lanetan hain erabakigarriak diren alderdien garapena, hala nola lehiaketako kirol-errendimenduaren azterketan, lan-kargen kontrolean edo entrenamenduaren plangintzan sakontzea. Kirolerako aplikazio informatikoak eta softwareak garatzeak, profesionalen lan baldintzetan hobekuntza nabarmenak ekarri ez ezik, kirol arlo bakoitzean lan egiteko eta informazio espezifikoa jasotzeko modua aldatzera ere behartu du.

Nafarroako frontoietan azken teknologia

AEBetako, eta Europan Alemania edo Ingalaterrako entrenamenduetan, halako teknologiak nahiko garatuak daude. Euskal Herrian oraindik ere bide luzea egiteko dagoen arren, bada alor honetan lanean ari diren aurrendariak. Aurtengo ekainetik, esku-pilotak badu bere entrenamendu adimenduneko metodoa Nafarroan: Euskal Pilota Method & Tech. Kimet Sport kirol aholkulariak garatutako tresna honek entrenatzaileei eta klubei eguneroko lanean laguntzeko balio du. “Esku-pilotarako neurrira diseinatutako lehen software adimenduna da. Teknikariei eta entitateei kirol plangintza eta kudeaketa profesionalizatzen laguntzeko, eta haien lan metodologia bateratzeko sortu dugu metodoa”, argitu du Anartz Fullaondok, proiektuen arduradunak.

Teknologia horrek hiru aplikazio informatiko ditu: plangintza eta Big Data (Planning), entrenamendu ariketak eta saioak (Manager), eta eskolak eta formazioak (Teacher). “Futbolerako berberak dira, baina kasu honetan esku-pilotarako soilik diseinatuak”, gehitu du. Nafarroako pilota teknikarien % 40 atxiki zaizkio dagoeneko metodo horri. Are handiagoa da Nafarroako emakumeen futbolean urrats hori bera egin duten entrenatzaileen kopurua (% 80). Irailera begira, teknologia hori Foru Komunitateko futbol zelaietara ere iritsiko dela adierazi du.

Anartz Fullaondo: “Esku-pilotarako neurrira diseinatutako lehen software adimenduna da. Teknikariei eta entitateei kirol plangintza eta kudeaketa profesionalizatzen laguntzeko eta haien lan metodologia bateratzeko sortu dugu metodoa”

Bilbon egoitza duen Kimet Sportek hamaika urte daramatza alor horretan ikerketan, eta kirol-aholkularitza metodologikoan espezializatuta dago. Gaur egun zazpi langilez osatutako taldea du, eta urteotan lortutako emaitzak ez dira nolanahikoak. “Gaur egun, Espainiako 1.000 entrenatzailek baino gehiagok erabiltzen dituzte gure metodologia eta tresna informatikoak. 150 kirol klub eta erakunde dabiltza gurekin elkarlanean. Eta bost kontinenteetako 10.000 entrenatzailek baino gehiagok jaso dute Kimeten trebakuntza”, gehitu du Fullaondok.

2013az geroztik, Kimet metodoa LaLigako klubek probatu eta erabiltzen dute, eta Espainiako Futbol Federazioaren, Espainiako Futbolarien Elkartearen eta Estatu Batuetako US Club Soccerren konfiantza duela adierazi du. Espainiako kirol erakunde nagusietan egoteaz gain, Kimet nazioarteko 105 herrialdetan ere hedatu da. Proiektu masiboak sortzen ditu Estatu Batuetan, Txinan, Arabiar Emirerrietan eta Mexikon. Orain arte beti aritu izan da futbolari aplikatutako metodoetan. Gaur egun, Euskal Herrian kirol ezberdinetan lanean aritzeko proiektutan daude murgilduta.

Led argiak eta txaleko adimendunak

Voon Sports (lehen Futboltek) 2015ean Donostian sortutako start-upa da, eta egun zortzi lagunek osatzen dute. Bere eginkizuna futboleko jokalarien trebetasunak aztertu eta hobetzea da. Kirol jardueretako bakarkako entrenamenduetarako tresna teknologikoak sortzen dituzte, eta datuen bidez entrenamendu horien jarraipena egiteko aukera eskaintzen dute. “Futbola da gehien landu dugun esparrua. Bertan, led argi batzuen bidez pizten diren panel errebotagailuak sortu ditugu. Honen bidez, jokalariak hainbat teknika berri garatu ditzake”, jakinarazi digu Josu Arreguik Voon Sportseko kudeatzaileak. Espainian, Erreala eta Celta de Vigo dira euren bezero nagusiak, eta Ingalaterrako Premier Leagueko klub bat ere badute bezero gisa.

Modu sinplean azalduta, nola funtzionatzen dute teknologia hauek kirolean? Adibide bat jarri du Arreguik: “eredu gisa, partidatan futbolari askori ikusten dizkiegun txalekoak daude. Horien bidez entrenamendu edo partida batean korrika eginiko distantziak neur ditzakegu, lortutako abiadura maximoa edo zelaiko zein gunetan ibili den jakiteko”. Halako metodologiak gehienbat, futbola, saskibaloia eta futbol amerikarrean txertatzen dira gaur egun —ez da kasualitatea, diru gehien mugitzen den kiroletan, hain zuzen—. Emakumeen kirolean halako teknologiak garatuta ote dauden galdetuta, honakoa esan du Arreguik: “Klubaren aurrekontuaren araberakoa da galdera honen erantzuna. Realeko eta Athletikeko futboleko nesken taldeek teknologia erabiltzen dute, eta saskibaloi talde batzuk aurretik aipatutako tresna ere, baina tamalez, ez da ohikoena. Hala ere, ez dut uste generoaren inguruko eztabaida denik, aurrekontuarena baizik”.

2018an kirolaren eta teknologiaren arteko batuketak 9.800 milioi dolar inguru mugitu zituen, eta 2024an 31.000 milioi dolarrera iritsiko dela iragartzen dute ikerketek

Kimeteko Fullaondok esan du kirolaren etorkizuna halako aurrerapen teknologikoei lotuta dagoela ezinbestean. “Gero eta diziplina gehiago ari dira konturatzen gauzak behar bezala egin nahi badituzte, hausnarketa mekanismo bat behar dutela metodo bat sortzeko. Ikusten ari gara gero eta eragile, erakunde eta federazio gehiago daudela horren bila”.