T(Im)P aurkeztu du Eidek, enpresentzako tresna digitala
Erremintaren helburua da enpresei laguntza eskaintzea iraunkortasuna eta digitalizazioa kontzeptuen inguruko talde hausnarketa sortzeko
Eidek (Eide Design Visions), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, T(Im)P tresna digitala ezagutarazi du. Errenterian (Gipuzkoan) egin dute proiektuaren aurkezpena, eta tresna jada eskuragarri dago esteka honetan.
Erreminta berri hau profesional eta enpresentzako sortu da. Helburua, talde ikuspegi komun bat lortzeko laguntza eskaintzea da, diseinu erabilerraz bat baliatuta. Tresna erabiltzean, erakundeek aurre egin behar izaten dieten iraunkortasuna eta digitalizazioa kontzeptuei buruzko hausnarketa kolektiboa sustatzen da, galderen bitartez. Beste modu batera esanda, ikuspegi komun "inspiratzaile, eraldatzaile eta eragingarria" indartzen da.
T(Im)Pen interfazeak hainbat konbinazio eskaintzen ditu, eta “intuitiboa” dela adierazi dute. Tresna erabiltzean, lehenik eta behin lau eremu agertzen dira: ikuspegi eta ekintza kolektiboa; etorkizun ikuspegia; ikuspen eta ekintza sistemikoa; eta altruismoa, heziketa eta etika. Sektore bakoitzak hausnarketa eta eztabaida desberdinak azalaraziko ditu. Lau eremuen barruan beste hainbat azpisektore daude (planeta erdigunean, perspektiba globala, ongizatea eta gobernantza…). Nahi haina konbinazio egin daitezke, eta aukeratzen denaren arabera, bi galdera sortuko dira. Galdera bakoitzak bere argibideak ditu eztabaidak sortzen laguntzeko.