Xabier Pagola Baldak I. Ituna saria jaso zuen TicketBAIri buruzko Gradu Amaierako Lanagatik | Argazkia: EnpresaBIDEA

Ituna

Xabier Pagola Balda: "TicketBAI betebeharraren atzetik dauden betebehar nagusiak OCDEtik datoz"

'TicketBAI: euskal lurralde historikoen zerga betebehar berria' Gradu Amaierako Lanagatik Ituna Saria jasota, Pagola Zuzenbide eta Zerga-Kudeaketa eta Aholkuaritza masterra egiten ari da egun ESADEn

Abian da II. Ituna Sarira lanak aurkezteko epea. Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak antolaturikoa, sariak aitortza egin nahi die Itun Ekonomiko eta Foru Ogasunen gaiekin zerikusia duten GRAL Gradu Amaierako eta MAL Master Amaierako lan onenei, betiere aurreko urtean aurkeztu baziren. Hain zuzen, lehen edizioko GRAL onenaren saria jaso zuen Xabier Pagola Balda hernaniarrak. Zuzenbide eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu bikoitza ikasita, Zuzenbide eta Zerga-Kudeaketa eta Aholkuaritza masterra egiten ari da egun ESADEn. Bere gaia? Gaurkotasunaren puri-purian dagoen TicketBAI sistema. Helburua? Haren aurrekariak eta sistema bera azaltzea, zuzenbidearen ikuspuntua txertatuta. 2021ean aurkeztuta ere, iaz martxan jarritako sistemaren oinarriak ulertzeko balio du.

Zergatik erabaki zenuen lana Ituna sarira aurkeztea?

Kasualitate kontua izan zen. Twitterren ikusi nuen Itunak Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak aitortzeko sariaren lehen edizioa antolatu zutela. Ni hain justu GRALa egiten hasi berria nintzen, eta horri buruzkoa zenez, pentsatu nuen pixka bat gehiago lantzea eta sarira aurkeztea. Alegia, gaia sariaren berri izan aurretik nuen erabakia.

Nola otu zitzaizun lana TicketBAIri lotuta egitea?

Fiskalitateari loturiko gaia jorratu nahi nuen, eta euskalduna izanda, eta gure egoera ezagututa, nahiago nuen foru fiskalitateari loturiko zer edo zer egin. Horrekin batera, gai berri bat egin nahi nuen, gaurkotasun handikoa, eta aplikazio praktikoa izan zezakeena. Ideia asko nituen, baina gai asko landuta zeuden. TicketBAI, berriz, ez zuen inork jorratu. Bazegoen lanen bat, baina alderdi teknikoagoari lotuta, ingeniari batek egindakoa. Eta nik zuzenbidearen ikuspuntutik nahi nuen landu. Originala izan nahi nuen.

"Gai berri bat egin nahi nuen, gaurkotasun handikoa, eta aplikazio praktikoa izan zezakeena. Ideia asko nituen, baina gai asko landuta zeuden. TicketBAI, berriz, ez zuen inork jorratu"

Zure lanaren emaitzetako bat da lurralde historikoak 'berandu' iritsi direla honetara. Zein zentzutan?

Berandu hori kakotx artean jarri behar da, Espainian ez baitago halako ezer. Gu berandu iritsi gara Europako beste herrialdeekin konparatuta. TicketBAI betebeharraren atzetik dauden betebehar nagusiak OCDEtik datoz. Lana egiteko, OCDEk ateratako dokumentuak irakurri nituen eta bertan jasotzen da aurrekariak direla Suediakoa, Austriakoa, Poloniakoa Europar Batasunean, eta Quebecekoa Amerikan. Horietan badute antzeko betebehar bat.

Portugalen kasua ere aipatzen duzu lanean.

Bai, batez ere Portugalen badago oso antzeko betebeharra, oso garrantzitsua dena. Herrialde horretan sistema ezarri zen lehen urtean 2012tik 2013ra bilketa % 13,21 hazi zen. Irakurri nuenagatik, foru ogasunetako teknikariak Portugaleko Autoridade Tributáriarekin —zerga-agintaritzarekin— bildu ziren. Lankidetza jardunaldi baten azaldu zieten nola ezarri zuten han betebeharra, eta nola egin zitekeen hemen, gure arauetara egokituta, hemen ez baititugu eskumen berdinak.

Non dago ñabardura nagusia Portugalgo sistemarekin?

Normalean, fakturazioarekin zerikusia duen zerga betebeharra ezartzean, BEZaren ingurukoa izaten da. Portugalek BEZarekin lotuta sortu du. Kontua da BEZaren inguruko araudia estatu mailakoa dela. Foru lurralde bakoitzak bere araudi propioa izanda ere, Espainiak ezartzen du eta Europar Batasunarekin ere homogeneizatuta dago. Bestela esanda, araudi komuneko zerga itundua da BEZa. Horrek esan nahi du kontzertatua dagoela, eta beraz foru ogasunek biltzen dutela, baina ezin dutela horren gaineko betebeharra ezarri, erabaki batzuk salbu.

"Fakturazioarekin zerikusia duen zerga betebeharra ezartzean, BEZaren ingurukoa izaten da. [Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuan] araudi autonomoko zerga itunduetatik egin da, foru erkidego bakoitzak horren gaineko autonomia baitu legeztatzeko"

Nola egokitu da TicketBAI?

Araudi autonomoko zerga itunduetatik, foru erkidego bakoitzak horren gaineko autonomia baitu legeztatzeko. Alderdi horiek dira PFEZa, sozietateen gaineko zerga, eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zerga. Ukitu ahal zirenak ukitu dira, eta foru arauak egokitu dituzte PFEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren kasuan.

Itun ekonomikoak gakoa da sistema bera ezartzeko.

Hori da. Espainiako gainontzeko erkidegoen kasuan, Nafarroa salbuetsita, ez dute eskumenik halakorik egiteko.

Gipuzkoan eta Araban dagoeneko ezarrita dago, eta Bizkaiari geroz eta gutxiago geratzen zaio. Baina badago arrazoi juridikoren bat hori horrela gerta zedin?

Esango nuke arrazoi gehienak lotuta daudela foru ogasunen prestutasunarekin, alegia, zein puntura arte dauden prestatuta hori ezartzeko. Legeak eginda daude. 2020an argitaratu ziren, eta 2021ean eta 2022an garapen araudiak egin ziren. Baina langile asko behar dira horretarako, eta sekulako sistema informatikoa, minutu edo segundo bakoitzeko informazio pila jasotzen ari zara, faktura pila.

Juridikoki ikusita, gainera, Bizkaian Batuz sistema dute. Horren barruan izango da Ticket BAI, baina dagoeneko badute sistema bat eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua izenekoa. Duela urte batzuetatik, enpresari eta autonomoek ogasunari euren fakturak bidali behar dizkiete, bai emititurikoak, bai jasotakoak. Trukean, ogasunak ematen dizkie euren PFEZak eta Sozietateen gaineko zergak eginak. Baina ez da denbora errealean Araban eta Gipuzkoan bezala, non faktura emititu orduko jasotzen den. Edozein kasutan, 2024ko urtarrilaren 1ean denentzat sartuko da indarrean. Araban eta Gipuzkoan beste eredu bat hartu dute, pixkanaka joan dena.

"Azpiekonomia eta beltzean ordaindutako horri mugak jartzea. Baina horrez gain, teorian, autonomoei aitorpena prestatuta bidaltzea ere bada helburua etorkizunean"

Sozialki, baina, zigorrek ere sortu dute eztabaida.

Oso gogorrak dira, 20.000 eta 40.000 euro bitartekoak izatera iritsi baitaitezke. OCDEren ikuspuntua da halakoak beharrezkoak direla zergadunek betebeharra bete dezaten. Baina, nire iritzi pertsonaletik, ez dira proportzionalak.

Dena den, bi zigor mota daude: enpresari autonomoa ez bazara ez betetzeagatik jarritakoak; eta softwarea instalatzen ari diren enpresa informatikoei jar dakiekeena iruzurra sustatzeko sistema bultzatzen badute edo fakturak ez bidaltzekoa. Bigarren hauen kasuan, desberdina iruditzen zait.

Helburua, epe luzera, zein da?

Azpiekonomia eta beltzean ordaindutako horri mugak jartzea. Baina horrez gain, teorian, autonomoei aitorpena prestatuta bidaltzea ere bada helburua etorkizunean, Gipuzkoan behintzat, egun soldatapekoen kasuan gertatu ohi bezala. Azken batean, zuk horrelako betebeharra jartzen duzu, sekulako esfortzua eskatzen diozu zergadunari, eta trukean zerbait eman behar diozu, zilegitasuna ez dezan galdu.

Zigorrak oso gogorrak dira. [...] OCDEren ikuspuntua da halakoak beharrezkoak direla zergadunek betebeharra bete dezaten. Baina, nire iritzi pertsonaletik, ez dira proportzionalak

Dena den, badira zenbait gauza aldatu direnak lana aurkeztu geroztik.

Bai, neurri berriak joan dira sartzen indarrean. Adibidez, Araban eta Gipuzkoan onartu zuten 60 urte baino gehiago dituen jendeak TicketBAI ez egin behar izatea, betiere langileren bat kontratatuta ez badute. Beste lan bat egiten hasiko banintz, gauza berri asko txertatu beharko nituzke. Izan ere, nik lana egin nuenean jaio zen TicketBAI, eta asko aldatu da. Agian hemendik urtebetera berriro aldatzen da.

Ituna saria irabazteaz gain, bestelako aukerarik izan duzu artikuluarekin?

Bai. Apur bat egokituta, aukera izan nuen Eusko Jaurlaritzaren Zergak aldizkarian argitaratzeko. Horrez gain, sari banaketa jardunaldi gisa antolatu zen ogasunekin, eta geure lanak azaltzeko aukera izan genuen.