Zer da zer: Samsungen apustua urteko bigarren erdialdean
Konpainia korearrak agindu du esperientzia teknologikoa hobetuko dutela aurkeztu berri duten produktu sorta berriak
Samsungek bere produktu iraultzaileen eguneratze berri bat aurkeztu zuen urte erdi honetarako, smartphone tolesgarrien, wearableen eta osagarrien teknologian jauzi bat eginez. Produktu berrien artean ditugu Galaxy Z Fold 6, Galaxy Z Flip 6, Galaxy Ring, Galaxy Watch 7 eta Watch Ultra, baita Galaxy Buds 3 ere. Produktu horiek Samsungek berrikuntzarekin eta bere gailuen etengabeko hobekuntzarekin duen konpromisoa islatzen dute.
Samsung Galaxy Z Fold 6, liburu formatua
Samsung Galaxy Z Fold 6 konpainiaren gailu tolesgarrien gailu bereizgarri gisa aurkezten da, Note gama ordezkatu duena. Diseinu finagoarekin eta hobekuntza esanguratsuekin, ereduak agintzen du erabiltzailearen esperientzia "birdefinituko" duela. Z Fold 6 berriak bere aurreko Z Fold 5 alderatuta tolestutako tamaina murriztu du. Aldaketa horrek eramangarritasuna hobetzeaz gain, itxura modernoagoa ere ematen dio, angelu zuzenei esker. Kanpoko pantaila 6,3 hazbeteraino hazi da, ohiko smartphone baten antzekoa; barruko pantailak, berriz, 7,6 hazbete ditu, eta gomazko ertz batek babesten du, tolestuta dagoenean hautsa sar ez dadin.
Espezifikazio teknikoei dagokienez, Z Fold 6ak 12 GBko RAMa du, eta gehienez TB bateko biltegiratzea, 4.400 mAhko bateria eta atzeko hiru kamera. Gainera, Samsungen AAren funtzionalitate berriak txertatzen ditu, eta bateragarria da S-Pen-arekin; hori dela eta, tresna indartsua da lanerako eta entretenimendurako.
Samsung Galaxy Z Flip 6, maskor formatuan
Galaxy Z Flip 6ak ere eguneraketa esanguratsua jaso du. Z Fold 6 bezala, bere diseinua berriz diseinatu da, estetika modernoagoa eta funtzionalagoa eskainiz. Kanpoko pantailak 3,4 hazbete neurtzen ditu orain, eta aplikazioak azkar erabiltzeko aukera ematen du, gailua ireki beharrik gabe, eta horrek nabarmen hobetzen du erabilgarritasuna jakinarazpenei erantzuteko edo erreprodukzioa kontrolatzeko orduan.
Modelo honek 6,7 hazbeteko barne-pantaila du, 12 GBko RAMa eta 512 GBra arteko biltegiratzea. Bateria 4.000 mAhkoa da eta atzeko bi kamera ditu, Galaxy S24ren berdinak. Samsungen AAren funtzionalitate berriak ere baditu, eta IP55 erresistentzia-ziurtagiria du, iraunkortasuna eta erresistentzia hainbat baldintzatan ziurtatuz.
Galaxy Ring, eraztun adimendun berria
Samsungek aurrerapauso bat eman du wearableen merkatuan, Galaxy Ring bere lehen eraztun adimendunaren jaurtiketarekin. Duela hilabete batzuk iragarri zutenez, gailua "ezinhobea da" smartwatcha eramateko beharrik gabe osasuna monitorizatu nahi dutenentzat.
Galaxy Ringak bihotz-erritmoko sentsoreak, azelerometroa eta tenperatura-sentsorea ditu. "Bereziki erosoa" da lo dauden bitartean erloju adimentsu bat erabili nahi ez, baina beren bizi-konstanteak monitorizatu nahi dituztenentzat. Askotariko tamaina eta koloreetan dago eskuragarri (beltza, urreztatua eta zilarreztatua), 449 euroko prezioa du eta, oraingoz, geure inguruan, Ipar Euskal Herrian baino ez dago eskuragarri.
Galaxy Watch 7 eta Watch Ultra, lehia zuzena
Galaxy Watch 7ren eguneratzeak eta Watch Ultra sartzeak erakusten dute Samsungek smartwatchen merkatuan berritzeko etengabeko ahalegina egiten duela. Watch 7ak hobekuntza inportanteak eskaintzen dituen bitartean, Watch Ultra, Apple Watch Ultraren erantzun zuzena dela dirudi, bai kontzeptuari bai diseinuari dagokionez.
Ultra bertsio berri honek ezaugarri aurreratuak eta diseinu sendoa ditu, aire zabaleko jardueretarako eta muturreko baldintzetarako prestatua. Hala ere, izenak eta diseinuak Applen produktuarekin dituzten antzekotasunak nabarmenak dira, Samsungek kategoria horretan duen originaltasunari buruzko eztabaidak sortuz.
Galaxy Buds 3, Autonomia gehiago eta AAren funtzionalitate berriak
Galaxy Buds 3 ere eguneratu dira. Applen AirPoden antzeko diseinu batekin, haririk gabeko entzungailuak 30 orduko autonomia du. Halaber, AA funtzioak barneratu ditu, eta horrek, besteak beste, denbora errealean itzulpenak entzutea ahalbidetzen du. Buds 3ek 179 euroko prezioa dute oinarrizko bertsioarentzat eta 249 eurokoa Pro bertsioarentzat.
Samsungek smartphone tolesgarrien aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen du, Galaxy Z Fold 6ak erabiltzaile esperientzia hobetu eta erresistenteago baterako bidea gidatzen duelarik. Galaxy Z Flip 6ak, oraingo honetan Fold bezain berritzailea ez bada ere, hobekuntza esanguratsuak eskaintzen jarraitzen du. Galaxy Ringaren sarrerak Samsungek wearableen merkatuan berritzeko duen gaitasuna erakusten du. Azkenik, Galaxy Buds 3ek beharrezko hobekuntzak dituzte, nahiz eta diseinuak lehiakideen produktuetan inspirazio argia erakusten duen. Oro har, gailu sorta berri honek berretsi egiten du Samsung Android mugikorren liderra dela, eta pantaila tolesgarrien aldeko apustu sendoa egiten duela.