Argazkia: Zulaibar Arratiako Lanbide ikastegia

BERRIKUNTZA

Zulaibar Lanbide ikastegia: Arratiako talentua eta berrikuntzaren epizentroa

Lanbide heziketaz harago, Arratia eskualdeko enpresentzat berrikuntza zerbitzuak eskaintzen ditu ikasketa zentroak. Orain urtebete pasatxo berregituratu zuten espazioa, puntako teknologiarekin campus berri bat sortuz, eta egun ikasle, irakasle eta eskualdeko enpresen topagune bilakatu da

Zulaibar Arratiako Lanbide ikastegiak oinarrizko lanbide heziketa zikloak eta erdi nahiz goi mailako heziketa eskaintzen ditu. Aitzitik, eskualdearen dinamizazio sozioekonomikorako erakargunea ere bada egun. Izan ere, 2022an eraldaketa prozesu bat abiatu zuen zentroak. Campus berri bat sortu zuten, teknologikoki aurreratua, eta bai ekipamendua bai egitura berriak txertatu zituen euren ikasketa eskaintzaz gain, eskualdeko enpresei berrikuntza zerbitzuak ere emateko. Xabier Aldama zuzendariaren arabera, “eskolari apurtxo bat aurpegia aldatu, eta erreforma estruktural bat egitea izan zen planteamendua”.

Lehen frontoia zegoen lekuan eraiki zuten campus berria, Bizkaiko Foru Aldundia eta Errota Fundazioaren babesarekin. Fundazioko koordinatzaile den Iratxe Goikoetxearen arabera, garrantzitsua zen espazio berria lanbide heziketatik gertu egotea, bere hitzetan, "lanbide heziketa baita eskualdeko talentua sortzen duen gunea”. Halaber, ikastegiaren egitasmo berriaren erronka enpresa mundua campusera erakartzea izan da, garapen ekonomikoa enpresaren bidez landuz. “puzzlearen beste pieza bat da” campus berria, Goikoetxearen esanetan. Talentua eskaintzeaz harago, zerbitzuak ere eskaintzen ditu zentroak, “berrikuntza teknologikoa bai guretzat bai enpresentzat”, dio Aldamak. Finean, Zulaibar heziketa zentro bat izateaz gain, inguruko enpresei baliabide teknologikoak eskaintzeaz arduratzen da.

Eskualdeko enpresen beharrizanak asetuz

“Hemen enpresekin garatzen den berrikuntza ikasketa gelara doa. Badakigu bideak horrela izan behar duela, ze gelatik ez da etorriko berrikuntzarik enpresentzat”, adierazi du ikastegiko zuzendariak. Proiektua bere osotasunean diseinatzerakoan, eskualdeko enpresen beharrizanak zehaztearen garrantzia aipatzen dute biek. Zertan lagundu diezaiekegu eskualdeko enpresa traktoreei? Zer motatako tailerrak eskaini eta zer helbururekin pentsatuz diseinatu ziren egun martxan dituzten tailerrak.

Xabier Aldama: “Hemen enpresekin garatzen den berrikuntza ikasketa gelara doa. Badakigu bideak horrela izan behar duela"

Arratiako enpresa batek berrikuntza arloan problema bat badu, Zulaibarrera gerturatzeko aukera du bertako teknologia probestuz. “Enpresaren problema guragana ekarri, eta guk irakaslearekin lantzen dugu, gero klasera eramateko”, dio Aldamak. Era berean, Goikoetxeak zera argitu du: “hemen enpresek eskatzen dituzten piezak serie laburrak dira. hau da, enpresak daukan beharrizan edo erronka zehatz bat betetzen laguntzeko leku bat da hau”. Ostera, prozesuan sortzen diren ikasketa guzti horiek ikasgelara eramaten dira.

Enpresentzako berrikuntza zerbitzuak eskaintzen ditu Zulaibarko zentroak

Hartara, planteamendua enpresa eta irakaslearen arteko hartu-emanean oinarritzen da, baina etorkizunera begira, zergatik ez enpresa eta ikaslearen artean galdetzen du Aldamak. Bada, irakasleek campuseko “punta puntako” teknologia lantzeko aukera izan dute azken urtean, izan ere, “irakaslegoak jakintza batzuk eta formakuntza jaso behar du zerbitzu hauek enpresetara eskaini aurretik”, Goikoetxearen hitzetan, eta aurtengo ikasturtean jada enpresekin elkarlana abiatu dute.

Hezkuntza nahiz enpresa mundurako berrikuntza

Berrikuntzak hezkuntzara eta enpresa mundura bideratuta behar du izan. “Orain arte lanbide heziketan izan dugun ekipamendua izan da didaktikoa, simulatu egiten zuen prozesu bat. Baina enpresek ez dute simulaziorik nahi, benetako makinaria behar dute”, azaldu du zuzendariak.

Horren harira, besteak beste, robotikari buruzko gradu berri bat ere sortu dute. “Enpresa mundua eraldaketa digitalean dago murgilduta, eta makinak gero eta inteligenteagoak dira”, dio Errota Fundazioko koordinatzaileak. Arrakasta izaten ari da gradua, eta 2024ko maiatzan aterako da lehenengo promozioa. Horrez gain, fabrikazio aurreratua, mekanizazioa edota elektrizitate arloko graduak eskaintzen dituzte.

Xabier Aldama: “Orain arte lanbide heziketan izan dugun ekipamendua izan da didaktikoa, simulatu egiten zuen prozesu bat. Baina enpresek ez dute simulaziorik nahi, benetako makinaria behar dute”

Tailerretan ere arrakasta izaten ari direla esan daiteke. Proiektua orain urtebete eskas martxan jarri bazen ere, “perspektibak onak” direla dio ikastegiko zuzendariak. “Trokelgintzan badugu jada makina bat martxan, aditibo eta metaliko arloko enpresak ere ari dira hainbat gauza egiten, eta berifikazio eta bateria arloan baditugu aliantzak sortuta" kontatu du. Dena den, urtean zehar egindako apustu hauek ekainean ikuskatu behar dira, izan ere, jasangarritasun ekonomiko bat izatea beharrezkoa da.

Ekintzailetza ere bai

Aipatutako tailerrez gain, coworkinga da Zulaibarrek egindako berregituraketaren beste emaitzetako bat. Izan ere, ekintzailetzarako espazioa ere badute. “Ekintzaileak etortzen dira guregana, baina agian ez daukate coworkinga erabiltzeko beharrik”, aitortu du Goikoetxeak.

Ikastegiko zenbat ikasle

Datozen ekintzaile gehienak zerbitzu enpresak abiatzeko asmoz ailegatzen dira. Zulaibarren, ordea, nahiago lukete bertako ikasleren bat animatuko balitz ekintzailetza proiektu bat martxan jartzea. Robotika gradua egiten duen norbaitek soluzio bat izatea eta proiektu hori garatzea, esaterako. Horretarako erabiliko lukete bertako coworking espazioa. Horrekin batera, ekintzailetza astea egitasmoa antolatu zuten iazko azaroan, esparru hau indartzeko asmoz, eta datorren urtean ere edizio berri bat egiteko asmoa dute.

Arratian bizi dena bertan geratzeko

Arratiako eskualdean halako espazio bat izatea oso garrantzitsutzat jo dute Aldamak eta Goikoetxeak. Eskualdean bizi dena bertan geratzeko aukera eskaini behar zaiela iritzi diote. “Bestela zerbitzu denak eskualdetik kanpo eskatzen dituzte, hemen ez baitaukagu zentro teknologikorik ez beste espaziorik”.

36 pertsonek osatzen dute egun Zulaibarreko lantaldea, eta denera azken promozioan 276 ikasle izan dituzte gradu desberdinetan banatuta. Enpresa, ikasle eta irakasleen topagune bilakatu da eskualdean. “Hemengo enpresek lehikortasuna irabaztea behar genuen, eta aldi berean ikusmiran egotea. Gure berrikuntza zerbitzuekin lan eginez, eskualdera begiratuko dute gehiago”, dio Goikoetxeak. Hau da, eskualdean bertan enpresak beharrizanak asetu ahal izatea.

Iratxe Goikoetxea: “Hemengo enpresek lehikortasuna irabaztea behar genuen, eta aldi berean ikusmiran egotea. Gure berrikuntza zerbitzuekin lan eginez, eskualdera begiratuko dute gehiago"

Hala, alde batetik zentroak eskaintzen duen ikaslego doitua eta ondo prestatua legoke, bertako enpresetan lan egiteko, eta beste aldetik, zerbitzuen eskaintza. “Orain arte talentu hornitzaileak izan gara, baina orain gauza gehiago eskaini nahi ditugu”, gehitu du Aldamak.