Birziklatze sektorea digitalizatuz
Enpresentzat material birziklagarriak erosi zein saltzeko plataforma digitala da ScrapAd. Erabiltzaileak doan izena eman eta zuzeneko salerosketa garden eta seguruak burutu ditzake plataforman
Klik soil baten bidez birziklagarria den materiala erosi eta saltzeko aukera eskaintzen du ScrapAd plataforma digitalak. Hondakinak sortzen dituen edozein enpresarentzat salerosketak modu garden eta seguruan egin ahal izatea bermatzen du 2020ko martxoan abiatutako proiektu honek. Samuel Ruiz eta Sandra Montes dira fundatzaileak, enpresa ugarik sortutako hondakinen salerosketa globalizatzen ari zela jakitun, salerosketa-fluxua errazteko euskarri teknologiko baten beharraz ohartu ziren. Enpresa birziklatzaileei laguntzeko beharra zegoela antzeman zutela azaldu du Montesek: “Mundu mailako saltzaile eta erosleak harremanetan jartzea zen gure helburua. Salerosketak kudeatzeko informazio falta zuten birziklatzaileek, iruzur kasuak ematen ziren eta legedi zein logistika aldetik ere zailtasunak zituzten”.
Hondakinak edo edozein material birziklagarri sortzen duen enpresari zuzendutako plataforma da ScrapAd, beraz. “Erabiltzaileak doan izena eman dezake plataforman, eta egiaztapen prozesua pasa behar du gero”, dio Montesek. Izena emanda eta enpresa erabiltzailea egiaztatuta, salmenta edo erosketa iragarkiak jar ditzakete eta beste saltzaile edo erosleekin plataformatik zuzenean negoziatu. Prezioa adostuta, transakzioa burutzen da. Scrow kontuekin funtzionatzen dutela adierazi du plataformaren sortzaileak. Kontu horiek segurtasun depositu baten gisa funtzionatzen dute. “Azken batean, nahiz eta materia birziklagarria izan, kopuru handiak dira eta diru zenbatekoa ere halakoa izaten da”.
Plataforma munduko 71 herrialdetara iritsi da jada, Europa eta Hego Amerikakoak izanik transakzio gehien egiten dituzten erabiltzaileak
Zenbait negozio eredu probatu ondoren, egun transakzio modelo baten bidez egiten du lan plataformak, hau da, bi parteen arteko salerosketa bakoitzean ehuneko bat ScrapAdek eramaten du.
Plataforma munduko 71 herrialdetara iritsi da jada, Europa eta Hego Amerikakoak izanik transakzio gehien egiten dituzten erabiltzaileak. Eibarren daude kokatuta eta 2022 hasieran bigarren bulego bat zabaldu zuten Madrilen. Enpresako 20 langileak bi bulegoetan banatuta daude. “Teknologia, finantza, marketin eta komertzial ekipoez gain, logistikaz arduratzen den pertsona batek osatzen du ScrapAden lan taldea. Lan taldeko ia %50 emakumeak gara eta batez besteko adina 34 urtekoa da”, adierazi du Montesek.
Komunikazio leiho bat mundura
ScrapAden bidez salerosketak gauzatzeak mundu mailako kutsadura murrizteko positiboa izan daiteke. Izan ere, CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetzen du. Samuel Ruiz fundatzaile eta zuzendariaren arabera, plataforman iragarritako hondakin tona guztiak birziklatuz gero, ia 2 milioi CO2 tona emisio urritu daitezke, urte batean 682.678 autok isurtzen dutena hain justu. Inpaktua ikaragarria dela dio Montesek, hondakin ugarik inolako helmugarik aurkitzen ez dutenean zabortegietan bukatzen baitute. “Komunikazio leiho bat ireki dugu mundura. Inguruko kontaktuekin lanean aritu beharrean, materiala mundu osora zabaltzeko aukera ematen dugu, modu horretan, zabortegietan bukatu dezaten ekidinez”.
Sandra Montes: “Komunikazio leiho bat ireki dugu mundura. Inguruko kontaktuekin lanean aritu beharrean, materiala mundu osora zabaltzeko aukera ematen dugu”
Hortaz, euren jardueraren bitartez, ekonomia zirkularraren sustatzaile dira ScrapAden. Hondakina sortzen denetik, birziklatu eta berriz funditzerainoko jardueraren parte dira. “Zabortegira ahalik eta hondakin gutxien iristeko asmoz, birziklatze kateko maila guztiak gain hartzen ditugu”.
Sektore globalizatu batean
Prozesu luzea eta eraginkortasun gutxikoa izan da orain dela gutxi arte birziklatzea enpresentzat. Sektore tradizionaltzat hartuta, ekonomikoki zein logistika arlotik koste handiak ekarri ditu. Aitzitik, merkatua aldatzen joan da eta digitalizazioa sektorean barneratu da, ScrapAd izanik aldaketa horren erakusle. Ekonomia zirkularraren bidez, prozesuen optimizazioan eragiteaz gain, transakzioak egiterako garaian jazo daitezkeen arazoei konponbidea eman ahal dio plataformak. Montesen ustetan, digitalizazioren sarrera beste merkatuetan baino geldoagoa izan arren, ezinbesteko bilakatu da egun euren sektorean.
Halaber, proiektuaren hazkunderako bi bide nagusi jorratzen ari direla adierazi du fundatzaileak. Alde batetik, ScrapAd salerosketa eragiketak egiteko erreferentziazko plataforma bilakatu dadin plataforman balio altuko zerbitzuak erantsi nahi dituzte. “Bi urtera begirako ibilbide-orri edo road map bat dugu diseinatuta, eta gure balio ekarpen osoa dugu bertan ezarrita”, nabarmendu du. Beste aldetik, nazioartekotze estrategiarekin jarraitzea da asmoa. “Modelo berdina errepikatu nahi dugu guretzat estrategikoak diren herrialdeetan”.