Bost milioi euroko finantzazio erronda itxi du ScrapAdek
Indi Partners eta Berge y Cia inbertsoreekin adostu du finantzazioa. Nazioartera hedatu eta beren plataforma hobetzen jarraitu nahi dute
Material birziklagarria erosi eta saltzeko plataforma sortu zuen ScrapAdek 2020an, eta jada ia ehun herrialdetako 2.700 enpresa ditu izena emanda bertan. Negozioaren hazkundearekin jarraitzeko asmoz, Indi Partners eta Berge y Cia erakundeekin bost milioi euroko finantzazio erronda adostu berri du.
Modu honetara, ScrapAdek jakinarazi duenez, "sendotasun ekonomikoa" eskuratu du, eta hurrengo urteetarako hedatze prozesuarekin jarraitzeko aukera emango dio kapital honek.
Hiru arlo nagusitan indartzeko erabiliko da finantzazioa: nazioarteko hainbat herrialdetara hedatzeko, produktu teknologikoaren garapenerako eta profesional berriak kontratatzeko.