Bulego berria ireki du BerriUpek Bilbon
Bilboko BAT B Accelerator Tower eraikinean izango du espazioa start-upei bultzada emateaz arduratzen den erakundeak
Ekintzaileen talentua babestu eta bultzatu asmoz, espazio berria zabaldu du BerriUpek Bilboko BAT B Accelerator Tower eraikinean. Start-upak azeleratzeaz arduratzen da BerriUp, eta bulegoko koordinatzailea izango den Jon Ander Merodioren hitzetan, Euskal Herriko ekintzaile, enpresa, inbertsore eta eragile estrategikoekin elkarlanean aritzeko “aukera paregabea” eskainiko die enpresa proiektu berriei.
Era berean, Patricia Casado BerriUpeko zuzendariaren arabera, bulego berria edukitzea proiektuaren hazkunde naturalaren parte da, eta bereziki pozik azaldu da proiektuarentzat eremu estrategikoa den espazio batean kokatu direlako.
BerriUpek Bilbon eta Donostian ditu egoitza nagusiak, eta hainbat eragile publiko zein pribaturekin egiten du lan, hala nola, Adinberri, Gasteizko udaletxea edota Nafarroako Rural Kutxa.