'Residencias Ekinn' egitasmoaren aurkezpenean izan ziren Retegi eta Lujambio | Argazkia: Donostia Sustapena

Ekinez

Donostiako ekintzaileak: atzerritik etxera bueltan

Ander Lujambio eta Sugoi Retegi donostiarrek, nazioartean hainbat esperientzia izan ostean, Donostian eratu dute euren enpresa propioa. Biak Donostia Sustapenak kudeatutako Talent Housen bizi izan dira

Donostiako Talent House etxean bizi den ekintzaile donostiarra da Ander Lujambio. Atzerrian hainbat herrialdeetan izan ostean, orain dela urtebete pasatxo itzuli zen Donostiara, eta Donostia Sustapenak kudeatutako Talent House etxebizitzetan bizitzeko aukera izan du, bere negozio ekintzailearekin aurrera jarraitzen duen bitartean. “Lehenengo egunetik dena duzu”, dio, “prezio oso erakargarrian hasieran, eta gero igotzen joaten da”. Izan ere, Donostia Sustapenak %60 eta %30 arteko hobariak eskaintzen ditu alokairua ordaintzeko bertako ekintzaileei.

Lujambiok automobilgintza arloko motosports engineering deritzon ingeniaritza ikasi zuen Galesen, eta hainbat herrialdetan egin du lan gerora. Bere lehen lan esperientzia Bat Formulan izan zen, Mercedesen, Ingalaterran. Ondoren, Koloniara (Alemania) jo zuen, Toyota enpresa karrerako autoen sektorean lan egiteko, eta handik Italiara, Maranellora, Ferrariren etxera joan zen. Mercedes, Toyota, Ferrari; Ingalaterra, Alemania, Italia. Herrialde eta auto etxe handi horiek ezagututa, Euskal Herrira itzuli 2016an, MBA master bat zuen egiteko Bilbon.

Baina, atzerriko bizipenez asegaitz, Alemaniara itzuli zen, Toyotara, oraingoan proiektu koordinatzaile bezala, harik eta 2022an Negotyum izeneko enpresa eratu zuen arte. Negozio ideiak ebaluatzen dituen aplikazio bezala ekin zion Negotyumek. “Ideia horien bideragarritasuna ebaluatu eta simulatzen dizu, garaiz aldaketak egin ahal izateko, hau da, dirua inbertitzen hasi baino lehen”. Gainera, beste negozio bide bati ekin nahi izanez gero ere ebaluaketa egiten du.

Ander Lujambio: “Negozio ideien bideragarritasuna ebaluatu eta simulatzen dizu, garaiz aldaketak egin ahal izateko, hau da, dirua inbertitzen hasi baino lehen”

Zerbitzu horri aholkularitza ere gehitu dio. “Jende askok negozio ideia probatzen zuen, baina gero aholkularitza behar zuen. Oso konplementarioa da”. Sektore askotako enpresei eskaintzen die aholkularitza, proiektuak koordinatu eta planifikatuz. “Enpresatako taldeak handitzen doazen heinean, kudeaketarako teknika berriak behar dituzte. Nik egiten dudana da enpresa handietako prozesuak enpresa txikiagotan sartu”.

Ander Lujambio | Argazkia: Utzita

Lujambiorekin lanean dabilen beste pertsona batek eta kolaboratzaile sare batek osatzen du Negotyum egun. Ekintzaileak, baina, badaki lan karga areagotu ahala, lantaldea handitzen joan beharko duela. Behin atzerritik itzulita, Negotyumek bere hirian bizitzeko parada eman dio donostiarrari. “Kanpoan enpresa handietan aritu naiz lanean, eta bizitza maila ona nuen, baina helburua etxera bueltatzea zen, nire bizitza estiloan atzera egin gabe”.

Nesu Technologies: hezurrak eta kartilagoak birsortzen

Hainbat urtetan medikuntza erregeneratiboan ikerlari bezala lanean aritu ostean, bere enpresa propioa eratzea erabaki zuen Sugoi Retegik. Hezurrak eta kartilagoak birsortzen ditu Nesu Technologies izeneko enpresak. Metodologia desberdinak erabiltzen ditu horretarako, 3d inpresioa, batik bat. “Fabrikazioaren gaineko azken teknologiak erabiltzen ditugu. Hezurrak eta kartilagoak erregeneratu nahi genituen, orain ez baitago ezer ere ez. Hezurrak puskatuta, dena operazio bidez egiten da eta ezin da ezer ez egin”.

Ingeniaritza biomedikoa ikasi zuen ekintzaile donostiarrak eta ikerkuntza masterra burutu zuen gerora. Erregenerazioa eta teknologia berriak (programazioa) uztartuz aritu da urte askoan, bai hemen, bai nazioartean ere, Bostonen, Estatu Batuetan, besteak beste.

EKINN Entrepreneurship Summit topaketan eman zuen hitzaldia Retegik | Argazki: Utzita

Ideia 2022an okurritu zitzaion. Donostia Sustapenak antolatutako Santander Explorer lehiaketa irabazi eta Talent Housen sartu zen bizitzera. Orain dela hilabete batzuk amaitu zuen egonaldia. “Oso leku aproposa iruditu zitzaidan ekintzaileentzat edo enpresa sortzen ari garenontzat”.

"Fabrikazioaren gaineko azken teknologiak erabiltzen ditugu. Hezurrak eta kartilagoak erregeneratu nahi genituen, orain ez baitago ezer ere ez"

Oraingoz Sugoi bakarrik dabil enpresaren egunerokoan. "Parte teknikoan" lan egiteko beste pertsona bat kontratatzeko intentzioa du, eta profil egokiaren bila dabil orain buru-belarri. Donostia Sustapenak, etxebizitza eskaintzeaz gain, plan ekonomikoa eta ideiaren bideragarritasunean lagundu dio. Udal sozietateak kudeatzen duen inkubagailuan da proiektua, eta, Retegik azeleragailuan sartu nahiko luke "hemendik gutxira".