Xabier Riezu, Leyre Madariaga, María Saiz eta Unai Andueza, atzoko aurkezpenean | Argazkia: EEB-OVE

Ekinez

EAEko ekintzailetza ulertzeko bederatzi gako

GEM txostenak biltzen duenez, EAEko biztanleen %5,5 da ekintzaile, eta gora egin du aukeragatik ekiten dutenen kopurua. Mundu globalak eskaintzen dituen erronkei aurre egiteko tresna izan daitekeela nabarmendu dute egileek

Irailero lez, GEM Global Entrepreneurship Monitorren Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak aurkeztu zituen atzoko egunez EEB-OVE Ekintzailetzaren Euskal Behatokiak. Mundu mailako Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusa hautatu zuten horretarako, datuok biltzen hasi zirenetik 20 urte betetzen direnean.

Jon Hoyos Iruarrizaga EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikertzailearen ardura izan zen azterketako datu eta ondorio nagusiak aurkeztea, hark zuzendu baitu EAEko GEM txostenaren 2023-2024 edizioa. Hala ere, aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendaria, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea eta María Saiz Santos EEB-OVEko presidentea.

Informazio gehiago Ekintzailetza datuen beste aurpegia: GEMek 20 urte, terminologia garapena, eta jasantarritasuna

GEM mundu mailan aitortutako eta zabaldutako metodologia da ekintzailetzari loturiko datuak neurtzeari dagokionez, eta horrek ahalbidetzen du erradiografia egiteaz gain datuok bestelako herrialdeekin ere erkatu ahal izatea. Ekintzailetza Jardueraren Indizea (TEA) dute erreferentzia nagusia: 18 eta 64 urte bitarteko biztanleak abiapuntu, 3,5 urtera —42 hilabete— bitarte soldatak ordaintzea ahalbidetu duen jarduera martxan jarri dutenen tasa neurtzen du. EEB-OVEk eginiko lanketaren emaitzak bederatzi ideiatan laburbildu daitezke.

1. Ekintzailetza tasak gora egin du, eta gora egiten jarrai dezake

Euskal Autonomia Erkidegoko TEA %5,5en kokatu da 2023an, alegia, 2022an baino zertxobait gorago. %5,2koa izan zen urte hartan. "Hala ere, interesgarria da batez besteko historikoari erreparatzea, erakusten baitu puntu bat altuagoa dela". Ekintzailetza tasa, beraz, egonkorra da azken urteetan, hazkunderako tendentzia erakusten badu ere, Hoyosek azaldu duenez.

Badira, ordea, gora egiten jarrai dezakeela erakusten duten zenbait zantzu. Izan ere, %7k adierazi du datozen 3 urteetan ekiteko asmoa izan dezakeela. 2022tik behera egin badu ere —%7,6an baitzegoen—, bosgarren urtez segidan kokatu da batez besteko historikotik gora. "Tendentzia horrek erakusten digu balitekeela datozen urteetan TEAk ere gora egitea", plazaratu du ikertzaileak. "Horrek, gainera, aukera leihatila zabaltzeaz gain, hazkunde potentzialerako marjina erakusten du", gaineratu du.

2. Emakume eta gizon ekintzaileen arteko oreka, nazioartean erreferente

Ekintzailetza tasa azken 20 urteetan nahiko egonkor mantendu bada ere, "ekintzailetzaren protagonista da aldatu dena", nabarmendu zuen María Saiz EEB-OVEko presidenteak. "Lehen, emakume ekintzaile bakoitzeko hiru gizon ziren", gaineratu du. "Ikusten ari gara genero arrakala gutxitzen joan dela, ia desagertzeraino", berretsi du Hoyosek.

2023ko datuen arabera, ekintzaileen %56 dira gizonezkoak, eta %44 emakumezkoak. "Nazioartean, banaketa paritarioari dagokionez lider da erkidegoa", esan du txostenaren zuzendariak. EAE %92,2an kokatzen den bitartean, AEB %83,6an kokatzen da, Espainia %81,1ean, Herbehereak %80,3an eta Alemania %64an, azkena Europako batez bestekoaren azpitik. Hala ere, aipatzekoa da 2021-2022ko edizioan, emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago zirela, eta aurreko urtean %51,7-%48,3 gizonen alde. Beraz, beherakada bat sumatu da.

3. 44 urtekoak eta ikasketa unibertsitariodunak

Generoari ez ezik, adinari ere erreparatzen dio txostenak, eta oro har EAEko pertsona ekintzailea ez da gaztea. "Horretan ere aldeak sumatzen dira mundu mailarekiko". 44-55 eta 55-64 urte bitarteko ekintzaileen tasan lehen postuan dago EAE. Kontrara, azkena kokatzen da 25-34 urte bitartekoen ekintzailetzan. Denera, baina, %56k ditu unibertsitate mailako ikasketak, eta lautik batek graduondokoak. 

Ekiteko adinean eta ikasketa mailan ere, badira aldeak generoaren arabera: 47 urte da gizonezkoetan, %53k ditu ikasketa unibertsitarioak, eta %16k graduondokoak ; emakumezkoen kasuan 41 urte da bataz besteko adina, %59,8k ditu unibertsitate mailako ikasketak eta %29,5ek graduondoko ikasketak. Halaber, ekintzaileen %3,8 dira EAEn bizita ere beste herrialde baten jaio direnak, %79 Europako herrialderen batean jaio zirelarik, eta %21 Hego-Amerikan.

4. Arrakala nabariak finantzazioan eta berrikuntzan

EAEko ekintzaile tasa nahiko pareko bada ere emakume-gizon kontuari dagokionez, aipatzekoa da egiturazko arrakalak nabariak direla oraindik ere proiektua abiarazteko finantzazioari eta berrikuntzari dagokionez.

Gizonek, batez beste, 41.350 eurorekin abiarazi ohi dute proiektua; emakumeek, 17.201 eurorekin, alegia, gizonezkoen erdia baino gutxiagorekin. Gizon ekintzaileen %40k adierazten du finantza ezagutzak dituela, eta zifra horrek %16,9ra egiten du behera emakumeen kasuan.

Informazio gehiago Iruzurgilearen sindromea edo emakumeei inposatutako apaltasunaren tranpa

Hain zuzen, norbere buruarekiko pertzepzioak sekulako eragina du, emakumezkoena baxuago izan ohi baita, bai ekiteko gaitasunei, bai ezagutzei dagokienez. "Horretan lanean jarraitu behar dugu", nabarmendu du Hoyosek.

[Informazioa osatzeko, ikusi 7. eta 8. puntuak]

5. Beharragatiko ekintzailetzak behera, aukeragatikoak gora

Normalean lau arrazoi nagusi bildu ohi ditu GEMek ekiteko motibazioari dagokionez: bizimodua ateratzea edo lan eskasia, aberastasuna edo errenta oso altua sortzea, munduan ezberdintasun bat markatzea eta familia tradizio bati eustea. "Arrazoi batek ez du bestea baztertzen", argitu du Hoyosek.

Bizimodua aurrera ateratzeko nahiak izandako beherakada da kasu aipagarrienetakoa, 15 puntu jaitsi baita urtebetean, %69,2tik %53,9ra. "Gora egin zuen COVID-19aren ostean. Ohikoa izaten da krisi bat izaten den bakoitzean beharragatiko ekintzailetzan hazkundea izatea, eta behin krisi hori baretuta, behera egitea", kontatu du. Ez da, ordea, aldaketa esanguratsu bakarra motibazioetan. 2022an %29k esan zuen familia-tradizio bati eusteko asmoagatik egiten zuela. Zifra hori orain %20en inguruan kokatzen da.

Bestalde, positiboan azpimarratu daiteke aukeragatiko ekintzailetzaren kopurua, lan-merkatu erakargarria topatuta. "Egia da kasu askotan zenbait eremutako profesionalen eskaria oso nabaria dela". Horretan enpresa txiki batek lehiatzeko zailtasunak izan ditzake, egin dezakeen eskaintza hain zabala ez izateagatik.

Edozein kasutan, Hoyosek uste du beharrezkoa dela sormenezko hainbat formula bultzatzea, tartean barne-ekintzailetza edo ekintzailetza seniorra.

6. Erdia autonomo, eta kontratatzaile

Lehen aldiz, sorturiko negozio berrien forma juridikoari erreparatu dio GEMek. %52,2 autonomo dira hasierako fasean, eta 3,5 urtetik gorako enpresetan %64 ingurura hazten da zifra hori. Horrek mahai gainean jartzen du autoenpleguaren garrantzia ekintzailetza proiektua martxan jartzerako garaian. %24,5 dira sozietate mugatuak, eta %5,9 kooperatibak. "Aipatzekoa da Espainiar estatuko zifraren bikoitza dela", adierazi du Hoyosek, kooperatibismoak duen indarrak horretan eragin dezakeela azpimarratuz.

Tamainari lotuta, batez beste 2,3 langileko proiektuez ari gara —5 langilekoez aritu ginen 2022ko edizioan—, baina sei puntu hazi da kontratazioak egin dituztela adierazten duten negozioen kopurua. Gainera, hamarretik zazpik jardunaldi osoko kontratuak dituzte, eta mugagabeak. Halaber, ez dute aldaketarik aurreikusten datozen bost urteetan.

7. Berrikuntzan errekorra, eta digitalizazioan aurrera

Goranzko joerari eutsi diote berrikuntzari loturiko aldagaiek. Batetik, hazkundea izan du goi-mailako inpaktua izan dezaketen proiektuen harrobiak, %31tik %35era igaro baita. Teknologia eta prozesuetan %31ra igaro da berrikuntza, sei puntuko igoerarekin. Bestetik, nazioartekotze goiztiarrean ere hobekuntzak ikusi dira datuetan, %26k kanpora saltzen baitu. Horrek ez du esan nahi maila globaleko erronkei aurre egiteko gakoa izango ez denik I+G+bko proiektuen transferentziarako mekanismoak sortzea.

Digitalizazioari erreparatuta, %78,5ek teknologia digitalak txertatu ditu euren egunerokotasunean eta enpresan oro har, eta %40k espero du datozen sei hilabeteetan txertatzea. Badago, dena den, nitxo bat, zeinak dioen tresna digitalik gabe funtzionatu dezakeela. %21,5 dira.

8. Kapitalak orotara gora

Arestian aipatu bezala, emakume eta gizonen arteko aldea nabaria bada ere, kapital medianak gora egin du, 24.500 euroan kokatzeraino. Bestela esanda, mugitutako inbertsioari dagokionez ere zifra altuez ari gara. Hazkunde horren atzean dago, hain zuzen ere, behera egin duela 10.000 euro baino gutxiagoko inbertsioarekin proiektua abiarazi duten pertsona kopuruak, eta gora, berriz, 150.000 eurotik gorako kopuruarekin hasi direnak.

Gehiengoak (%79ak) aurrezki pertsonaletara jo du proiektua martxan jarri ahal izateko, zifrak gora egiten jarraitzen duelarik —%72 izan zen 2022an—. %23k senide eta lagunengana jotzen dute, eta %30 entitate finantzarioetara.

9. Ekintzailetzarekiko pertzepzioa muga izan daiteke

Hoyosek plazaratu du pertzepzio indibidualak ezin direla bizi garen gizarte markotik bereizi. Marko horren ezaugarriak dira porrotarekiko beldurra —%53k aipatu du, %58k emakumeez ari bagara—, norbere buruarekiko pertzepzioa eta ekintzailetzari loturikoa. "Horrek guztiak apaldu eta urrundu egin dezake ekintzailetzarako grina", mahaigaineratu du.

Oro har datuetan hobekuntza ikusi bada ere, nazioarteko datuekin erkatuta aldea nabaria da.

Inguruari dagokionez, baina, 36 aditurekin eginiko inkesten bitartez ikusten da lurraldearen posizionamendua altua dela, besteak beste, azpiegitura eta politika "bikainei" dagokienez, betiere "hezkuntza eta inklusiorako dinamikak" izanik ahulgune nagusiak.