Ekintzailetza gradu berri bat eskainiko du Mondragonek 2024-2025 ikasturtean
Eskaintza akademikoa zabaldu du unibertsitateak. Orain arte Arrasaten eta Bilbon zegoen ingeniaritza mekatronikoko gradua Galarretako campusean ere eskainiko da aurten
Mondragon Unibertsitateak hamar titulu berri eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean. Lau master, gradu bat, aditu-ikastaro bat eta lau espezializazio-ikastaro izango dira, ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, humanitate eta gastronomia arlokoak.
Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateak bi master berri eta online ikastaro berri bat izango ditu. Ekintzailetzako eta Berrikuntza Irekiko Unibertsitate Masterra da horietako bat, eta unibertsitatearen arabera, “etorkizuneko eraldaketa eta sorkuntza prozesuetan liderrak izango diren pertsonak prestatzea du xede”. Halaber, negozioari aplikatutako datuen alorrean, Business Analytics Etengabeko Prestakuntzako onlineko Masterra eta Datuen Gobernu eta Kudeaketa Estrategikoko Etengabeko Prestakuntzako onlineko Ikastaroa emango dira. Formazio hauekin datuetan oinarritutako erabakiak hartuko dituzten profesionalak trebatu nahi ditu Mondragonek.
Bestalde, Goi Eskola Politeknikoak mekatronikako gradua eskainiko du Galarretako campusean, Hernanin. Orain arte, gradu hori Arrasaten eta Bilbon eman da soilik.
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Hezkuntza Berrikuntzarako Ikerketako Unibertsitate Masterra eta Euskararen normalizazioa eta normatibizazioa XXI. mendean espezializazio-diploma eskainiko ditu, eta azkenik, Gastronomien Zientzien fakultateak Food Design: Berrikuntza Produktu, Zerbitzu eta Esperientzia Gastronomikoetan Masterra plazaratu du.