Enpresa Sortuz lehiaketak 100.000 euro emango ditu proiektu teknologiko jasangarriak abian jartzeko
Lehiaketak sei beka emango ditu irabazleek 2023-2024 ikasturtean euren negozio proiektuetan lan egin dezaten
Mondragon Unibertsitateak antolaturiko Enpresa Sortuz lehiaketaren edizio berriak 100.000 euroko diru zuzkidura eskaintzen du oinarri teknologiko eta jasangarriko proiektuak gauzatzeko. Fagor Taldearen, Orbearen eta Centro Stirling sozietatearen laguntzari esker lortu du zenbateko hori biltzea. Guztira, unibertsitateko lehiaketak sei beka emango ditu 2023-2024 ikasturtean, ideia irabazleak lantzeko eta emaitza merkatura eraman ahal izateko.
Enpresa Sortuz lehiaketak bi kategoria eta hainbat sari ditu. Lehen kategoria ‘Engipreneurship’ izenekoa da, eta oinarri teknologikoko negozio ideia berritzaile eta jasangarriak bilatzen ditu, merkatura eramaten saiatzeko. Unibertsitatearekin loturarik ez duten profesionalek edo ikasleek, 2023-2024 ikasturtean Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan Gradu Amaierako zein Master Amaierako lana egingo duten pertsonek, eta Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza eskolako ikertzaileek izango dute kategoria honetan izen emateko aukera.
Kategoria horretan guztira sei beka emango dituzte, sarituek proiektua urtebetez landu dezaten. Gainera, sariak 10.000 euroko zuzkidura du, gehienez ere, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastu eta inbertsioetarako. Ideia banaka zein taldeka aurkezteko aukera izango da.
Bigarren kategoriak, berriz, ‘Technopreneurship’ izenekoak, oinarri teknologikoko produktu edo zerbitzu berritzaile eta jasangarriak ditu xede. Kasu horretan, ez da beharrezkoa izango proiektuak gauzatzea, ideia saritzen baita. Goi Eskola Politeknikoko ikasleei dago zuzenduta, eta proiektuak banaka zein taldeka aurkez daitezke. Kasu horretan ere bezero potentziala, merkatuaren tamaina, balio-proposamena, diru-sarrerak nondik lortuko diren eta abar zehaztu behar dira, eta txosten batean aurkeztu. Finalista guztiek epaimahai baten aurrean aurkeztu beharko dute beren proiektua, eta ondoen egiten duenak 500 euroko saria jasoko du.
Izen-ematea maiatzaren 30era arte egongo da zabalik, eta ekainaren 8an jakinaraziko da zer pertsona edo talde izan diren finalistak. Ekainaren 16an izango da final handia, Garaia Parke Teknologikoan. Egun horretan, finalistek epaimahaiari aurkeztu beharko diote euren proiektua.