Esperientzia interaktiboak, 1 Formularen abiadura eta kalitatean
Scott & Irwin start-up donostiarrak esperientzia interaktiboen esparruan ziztu bizian haztea lortu du IDA izeneko teknologiari esker
Bederatzi hilabeteko sukalde-lanaren ostean, 2024ko urtarrilean merkaturatu zen Scott & Irwin, esperientzia interaktiboak sortzen dituen start-up donostiarra. Eta urtebetean lortuko du hiru urterako ezarritako helburua: milioi bat euroko fakturaziora iristea. Hiru lagunek hasi zuten urtarrilean ibilbidea, eta dagoeneko 14 langile dira. "Hazkundea oso organikoa izaten ari da, eta ez gara ezer berezia egiten ari", azaldu du Iban Lozano enpresako zuzendari nagusiak.
Berezia da, baina, euren produktuak lantzeko eta eskaintzeko modua. "Hainbat enpresetan aritu ostean, ohartu ginen esperientzia interaktiboen salmentan badagoela ebangelizazio moduko bat. Alegia, ia-ia denbora gehiago behar duzu produktua zer den azaltzeko, produktua bera saltzeko baino". Besteak beste, horren atzean zegoen arrazoietako bat zen bezeroaren beharra ulertu behar zela eta ondoren behar hori errealitate bilakatu eta benetan gauzatutakoa eskatutakoa ote zen kontrastatu. Horrekin batera, ez zen erraza plataforma mota batetik bestera salto egitea. "Demagun bezero batek proposatzen zigula makina bat digitalizatzea webgunean izateko. Zehazki, horretarako digitalizatzen zen", gehitu du.
Kalitatezko produktua eskaintzen jarraitu, baina prozesua bizkortzeko asmoz, aurreprogramaziora jo dute, baita askotariko plataformen artean egokitzapena erraztuko duen teknologia garatzera ere. "Gure teknologiaren bihotzean dago IDA Interactive Digital Assets —aktibo digitalen sorkuntza— delakoa. Horrek esan nahi du edozein produktu, prozesu edo espazio digitalizatu dezakegula askotariko plataformetara —errealitate birtuala, handitua, web, 3D...— esportatzeko erraza den modu baten", adierazi du Lozanok. Egokitzapen hori algoritmo baten bitartez egiten dute, eta bi ordu baino gutxiagotan egin daiteke.
"Hori abiapuntu, hainbat plataforma sortu ditugu: errealitate birtualekoak, areagotukoa, halako mural interaktiboa... 55 hazbeteko pantaila batetik 6-8 metroko pantaila batera egokitu daitezke. Plataforma horiek aurreprogramatu egin ditugu %80 baten, eta modulutan banatuta daude". Horrela, bezeroak segituan ikus dezake zertaz ari diren, eta eurak aurretik programatu ez diren zenbait egokitzapen egin. Bestalde, esperientzia guztiak "plug and play" dira. "Bezeroak ez du inolako formakuntzarik egin behar. Soilik ordenagailua konektatzearekin nahikoa da".
Makina-erremintatik 1 Formulara
Halako teknologiarekin lan egiteak ahalbidetu die proposamenak ixteko denbora nabarmen txikitzea. "Lehen 6 edo 7 hilabete behar genituen; orain asko jota hilabete bat edo bi". Horrekin batera, bihurtze ratioa %60 eta %70 bitartekoa da, "gure lanean sekulakoa dena".
Hori gutxi balitz, kostuak jaitsi ahal izan dituzte, teknologia garatzeko ordu kopurua murriztu egin baita. Horma-irudi murgiltzaile batek 5.000 eurotik 40.000 euro bitarteko kostua izan dezake gutxi gora behera. "Edozein enpresa motarentzat eskuragarriak izan daitezkeen produktuei buruz ari gara. Baditugu CAF edo Salto bezalako enpresak. Baina baita enpresa txikiak ere, makina-erreminta sektorekoak, adibidez". Euren bezeroak, hain zuzen ere, bestelako negozioentzat zein azken erabiltzailearentzat lan egiten duten enpresa eta entitateak dira. "Geuri berdin zaigu hau Petritegi Sagardotegiarentzat edo 1 Formulako erakusketa batentzat egitea".
Esaterako, 1 Formularen erakusketa ofizialerako sortu dituzte F1 auto interaktibo bat, lasterketaren hasiera simulatzen duen erreakzio-joko bat eta 3D hipererrealistako F1 bolante bat. "F1eko autoak, jantziak, kaskoak... oso-oso garestiak dira, baina jendeak faltan botatzen du haiek ukitzea, jartzea, autoetan esertzea. Gure teknologiaren bitartez esperientzia horiek sortu ditugu". Erakusketa ofizialak bi unitate ditu: bat Europan eta bestea Ipar Amerikan. Europakoa joan den astetik Londresen dago, eta Amerikakoa, Toronton. Azken hori irailean kenduko dute, eta orduan beste hiri batera lekualdatu. "Seguru asko hurrengo hirira beste bizpahiru esperientzia eramango ditugu. Izan ere, gugana jo zutenean sei edo zazpi esperientzia sortu genituen, eta horietatik hiru hautatu zituzten Torontoko esperientziarako, eta laugarren bat gehitu Londresekorako".
CAFen kasuan, unibertso interaktibo bat sortu dute, hiri bat kasu horretan, trenen salmentaz harago eskaintzen dituzten euren zerbitzu guztiekin. "Hiriaren puntu baten gainean klik egiten duzunean, kamerak bertara eramaten zaitu eta askotariko informazioa erakutsi", dio Lozanok. Badute lur-globo bat ere. "Mundu mailan askotariko bulegoak edo arrakasta kasuak dituzten enpresentzat balio dezake, informazioa erakusten dizulako hainbat puntutan klik egiten duzun bitartean", gaineratu du.
Etengabeko berrikuntzarako lanean
Teknologiaren aldeko apustua egin zuten gailuak geroz eta merkeagoak direlako. Horrekin guztiarekin, baina ez diote uko egin nahi izan etengabeko berrikuntza sustatzeari, plataforma berriak sortzen joateko. "Urrian mahai interaktibo bat merkaturatuko dugu, objektuak antzemateko gaitasuna duena —mugikorrak tarteko—, eta gailuen arteko informazioa txandakatzea ahalbidetzen duena". Berlineko enpresa batekin garatu dute. "Produktua garatua izateak ahalbidetzen digu prezioa dagoeneko ezarrita izatea", gaineratu du.
Hala ere, eurentzat garrantzitsua da bermatzea, edozein produktu merkaturatu aurretik, "denak funtzionamendu erabat egokia" izango duela. "Bestela ez dugu aterako". Horma-irudia, esaterako, otsailean hasi ziren garatzen, eta urrian aterako dugu. "Baten batek uztailerako ere eskatu zigun baina ezezkoa eman genuen, ez ginelako heltzen".
Hazkunde organikoari eutsi
Eta hemendik aurrera, zein helburu dituzten? "Enpresa bezala dugun helburua da ondo pasatzea dirurik galdu gabe", dio barrez zuzendari nagusiak. Elkargiren bitartez zirkulantea lortu dutela kontatu du, baina edozein kasutan "oreka finantzarioa" eurentzat "garrantzitsua" dela. Hori dela eta, langile kopuruari dagokionez, aurten 14 pertsona izateari heltzea da asmoa. "Hazkundeari eusten badiogu datorren urte amaierarako 20 bat inguru izango garela aurreikusten dugu", plazaratu du.
Aurreikuspen ekonomikoei dagokienez, "hazkundea nahiko organikoa" izaten jarraituko dutela uste du gerenteak. Zifretara eramanda, %50 inguru haziko direla dio. "Baina ez dugu nahi oso enpresa handia izan. Gure helburua da boutique moduko baterantz joatea, oso gustuko ditugun kalitatezko proiektuekin eta oso zentratuta gaude produktuaren garapenean, guretzat ezinbestekoa baita", bukatu du.