Garita Automotiveko arduradunak CEPYME sariarekin | Argazkia: Spri

Ekinez

Garita Automotive bizkaitarra izan da CEPYME 2023 sarietako proiektu ekintzaile onena

‘Arindu’ CO2 isuririk gabeko ibilgailuetako mugikortasunaren trantsizioari lotuta dagoen proiektua sortu izanagatik jaso du saria

Garita Automotivek CO2 isuririk gabeko ibilgailuetako mugikortasunaren trantsizioari lotuta dagoen negozio lerro futurista berritzaile bat merkaturatu du, Arindu izenekoa. Trantsizio hori Europar Batasunaren atmosfera deskarbonizatzeko planaren barruan kokatzen da. Hain zuzen ere, negozio lerro horrengatik izan da CEPYME Enpresa Txiki eta Ertainen Espainiako Konfederazioaren 2023ko sarietako proiektu ekintzaile onenaren saria jaso duena.

Enpresako arduradunek “harro eta pozik” daudela adierazi dute, 3.000.000 enpresa txiki eta ertainen artean proiektu ekintzailerik onenaren saria lortu izana ez delako egunero gertatzen zaien zerbait.

Garita Automotive 1961ean sortu zen Zaldibarren, Bizkaian. Hasieran, jarduera trokelen fabrikazioan oinarritzen zen, eta batez ere tailer mekaniko gisa funtzionatzen zuen. 1972an, enpresa bere egoitza Berrizera eraman zuen, eta bertan estanpazio metalikoari ekin zion jarduera nagusi gisa. Egun, automobilgintza sektorean soilik aritzen dira. 12.000 metro koadroko azalerako enpresa dute Berrizen, bulego, ekoizpen planta eta biltegiekin, eta Alemanian ere badute bulego komertzial bat. “Pribilegio bat da guretzat, nazioartean lehiatzen den familia izaerako euskal enpresa izaten jarraitzea. Berezitasun horrek kontrol eta autonomia handiagoa ahalbidetzen digu, erabakiak azkarrago hartzeko eta gauzatzeko”, azaldu dute.