María Saiz Santos, EEB-OVEko presidentea | Argazkia: EEB-OVE

Ekinez

Ekintzailetza datuen beste aurpegia: GEMek 20 urte, terminologia garapena, eta jasantarritasuna

EAEko ekintzailetza "datuak sortzeko" balio izan du txostenak, baita jerga teknikorako ere. Aitzitik, ekoizpen eredu berrien enfokeari heltzeko pistak ere eman behar dituela aldarrikatu dute aurkezpen ekitaldian

2004. urtean aurkeztu zuen lehenengoz Euskal Autonomia Erkidegoko GEM Global Entrepeneurship Monitor txostena. 20 urte geroago, 20. edizioa jendarteratu zuten atzo EEB-OVE Euskal Ekintzailetzaren Behatokiko kideek Deustuko Unibertsitateak Donostian duen campusean. Aurkezpenean parte hartu zuten, halaber, Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendariak eta Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordeak, hiruek ala hiruek GEMek egindako ekarpena nabarmenduz.

 "Aldagai batek ekonomiaren dinamismoa eta etorkizuna islatuko badu, enpresen sorrera da aldagai hori", adierazi zuen Arturo Rodriguez FESIDE fundazioko presidenteak, txostenaren datuen aurkezpenaren ostean eginiko mahai inguruan, Iñaki Peña Deustuko Unibertsitateko ikertzaile eta EEB-OVEko kideak moderaturikoa. "Duela 20 urte, GEM sortu zenean, ekiteko kudeatzaileak formatzen ziren unibertsitateetan, ez enpresariak. Hobeak izan nahi badugu formakuntza horretan —bagara dagoeneko—, ekintzailetzari buruzko ikerketa ezinbestekoa zen eta da".

Arturo Rodriguez:  "Aldagai batek ekonomiaren dinamismoa eta etorkizuna islatuko badu, enpresen sorrera da aldagai hori"

"Ekonomia eraldatzeko, berrikuntza behar dugu, baita ekintzailetza ere. Gogoan dut proiektuak eskaintzen zuela hasieratik nazioarteko sarea, eta sarearen ezagutzaz jabetzeko aukera, baita Euskal Herriko gaitasuna lantzekoa ere", ekarri du Mikel Navarro Deustuko Unibertsitateko katedradunak eta Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaile izandakoak. "Halako proiektua izanik, besarkatu behar genuen ahal genuen neurrian. Beharrezkoa zen sortu zen zuloa betetzeko", gehitu du.

Datuez harago

María Sainz Santos EEB-OVEko presidentearen ustez, GEM "garrantzitsua" izan da "jerga teknikoa sortzeko". Izan ere, hasieran neurtzen zutena eta egun neurturikoa gauza berdina izanik ere, terminologian aldaketa nabaria izan da 2004. urtetik hona. "Badirudi beste gauza bat neurtzen genuela. Orduan ez ziren existitzen start-up, venture capital, ekintzailetza... hitzak hemen. Enpresa sorreraren neurketaz, horretarako finantzazioaz... aritzen ginen", plazaratu du. Mahai-gainean zegoen eztabaida zen, hain zuzen ere, enpresaria vs ekintzailetza.

Ekintzailetza txostena egiteak, aldi berean, bi berritasun ahalbidetu ditu: batetik, "datuak sortzea". Izan ere, inkesta du abiapuntu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren 18 eta 64 urte bitarteko biztanleen lagin bati eginikoa, zehazki, 4.301 pertsonari. Hala ere, datuez harago joan dela uste du presidenteak. Bestetik, ikuspegiak ez ditu start-upak hartzen, pertsonak baizik, alegia, zenbatek hartzen duten arriskua, nola erantzuten dioten ekintzaile izate horri... Bestalde, unibertsitateen arteko elkarlanaren erakusle ere bada GEM, eta EEB-OVE bera. Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak dira horren kide eta sustatzaile.

María Saizek azaldu duenez, hasieran neurtzen zutena eta egun neurturikoa gauza berdina izanik ere, terminologian aldaketa nabaria izan da 2004. urtetik hona

Horregatik guztiagatik, zifren erabilgarritasuna nabarmendu nahi izan du Saizek, besteak beste 2021-2024 Ekintzailetzaren Erakunde Planean —Jaurlaritzak garaturikoa—. "Aldagaien %70 datoz GEMetik. Eta gainera Bizkaia eta Gipuzkoako lurralde esperientziak bakanak dira mundu mailan, baita erakundeekin ezartzen den harremana ere". Hain zuzen ere, egindako lanketak duen indargune nagusietako bat da, presidentearen ustez, ekintzailetza egitura eta ekosistema bera, eta erakundeetatik jasotako babesa.

Hala ere, GEM txostenaren aldagaiak zabaltzeko beharra mahaigaineratu ohi dute EmakumeEkin bezalako erakundeek. Izan ere, ekiterakoan emakume eta gizonen artean bereizi egiten du txostenak, eta ikasketa maila, ekiteko arrazoiak, sektorea, edota proiektua abiarazteko erabilitako finantzazioa erkatzen ditu. Ez du neurtzen, ordea, batzuek eta besteek zenbat irabazten duten edo kotizatzen duten. Arrakala soldatetan %19,5 ingurukoa izaten da; ekintzailetzan, aldiz, ez da ezagutzen.

Ez da soilik ekonomia aurrera ateratzea

Duela bi urteko GEMean, lehen aldiz emakume ekintzaileen kopuruak gizonena gainditu zuen, Ekintzailetza Jarduerako Tasari (TEA) erreparatzen badiogu. Tasa horrek rreferentzia egiten dio biztanle helduetan negozioren bat zuzentzen ari dela dioen jende kopuruari. Aurkeztu berri den txostenean jasotzen denez, egun %53,4 dira gizonezkoak, eta %46,6 emakumezkoak. Aitzitik, alde nabarmena dago, esaterako, proiektu hori abiatzeko izan ohi duten adinean —47 urte gizonezkoetan, 41 emakumezkoetan— edota hasierako finantzaketan —41.350 euro gizonezkoen kasuan, eta erdia baino gutxiago, 17.201 euro, emakumenean—.

Mahai-inguruan ere hitz egin dute generoaz eta ekintzailetzaz. "Aurrera egin dugu, baina oraindik bada bidea egiteko. Nola ikusten duzu etorkizuneko emakume ekintzailea?", galdetu dio Peñak FESIDE fundazioko presidenteari. Rodriguezek, "enpresen etorkizuna emakumeak" direla nabarmentzeaz gain "euren lan egiteko moduagatik", plazaratu zuen bi direla gakoak: batetik, ekiteari beldurra kentzeko formazioa indartzea, besteak beste norbere ezagutza eta ikusteko era landuz; eta bestetik, finantzazio gutxiago izateari dagokionez, erakundeekin lanketa egitea ikusteko zergatik gertatzen den hori.

Mikel Navarro: "Draghiren txostenak ekintzailetzaz eskaintzen duen ikuspegia XX. mendekoa da. Dio lehiakortasuna, ekintzailetza berrikuntza berez onak direlako sustatu behar direla, eta hazkunde ekonomikoa dela zertarako bakarra. Erronka ez da ekonomikoa bakarrik; soziala eta jasangarritasunari loturikoa ere bada"

Arrakala, baina, ez da soilik genero kontua. "Draghik dio ekintzailetza arnas berria dela ekonomian aurrera egiteko, baina arnas garbia inportantea da. Uste izan da ekintzailetza dela jasangarritasunerako palanka, baina zenbateraino?", itaundu dio Peñak, oraingoan, Navarrori. Orkestrako ikertzaileak argi du Draghiren txostenak ekintzailetzaz eskaintzen duen ikuspegia "XX. mendekoa" dela. "Dio lehiakortasuna, ekintzailetza berrikuntza berez onak direlako sustatu behar direla, eta hazkunde ekonomikoa dela zertarako bakarra", esan du Navarrok.

Erronka, ordea, ez da ekonomikoa bakarrik; soziala eta jasangarritasunari loturikoa ere bada. "Ekoizpen eta kontsumo patroiak aldatzeko, gure gizarte-dimentsio guztia aldatu behar dugu". Horregatik, uste du GEMak ikuspegi geroz eta zabalagoa barnebildu behar dituela, "pistak ematea" ekintzailetza jasangarriari dagokionez. "TEA AEBkoaren erdia izateak ez nau kezkatzen. Bertan ekonomia ikuspegitik oso ondo doaz, baina gizarte eta ingurumenean hondamendi ikaragarria egin dute", azaldu du, kritiko, Orkestrako ikertzaileak.

Beste erronka bat ere badu ekintzailetzak Euskal Herrian, GEM sortu zenetik puri-purian izan dena. "Hezkuntza eta kultura ekintzailetza falta dira. Ospea lantzea, legitimazioa, aberastasunaren sorrera, enpleguarena...", azaldu du María Saizek.